India munduko herrialderik populatuena da jada

Axier Lopez
0
Argazkia: RTVE

Txinak munduko herrialderik populatuena izateari utzi dio, gutxienez 70 urte baino gehiago hala izan ondoren, NBEren estimazio demografikoen arabera. NBE munduko populazioa erregistratzen hasi zenetik (1950etik) lehen aldiz, Indiak Txinaren lekua hartu du, ia 1.500 milioi biztanlerekin (1.425.775.850), NBEren proiekzioen arabera. Planetan bizi garen bost pertsonatik bat Indian dago.

Txinako biztanleriaren beherakada jaiotza-tasa kontrolatzeko hamarkadetan ezarritako lege zorrotzen ondoren gertatu da. Horietan ezagunena eta polemikoena 1980ko hamarkadan “seme bakarraren” politika izan zen. Lege horrek isunak ezartzen zituen seme-alaba gehiago izateagatik, eta gizonezkoen hazkuntza eragin zuen, baita behartutako abortuak eta antzutzeak ere. Politika murriztaile horrek genero-desoreka handia eragin du eta, hala, egun 32 milioi gizon gehiago dago, emakume kopuruarekin alderatuta. Biztanleria zahartuari egin behar dio aurre Txinak orain, eta horrek ondorio ekonomiko larriak izan ditzake. Batez beste, 1,2 seme-alaba izaten jarraitzen du herrialdeak, eta datozen bi hamarkadetan biztanleria ia %10 murriztuko dela aurreikusten da. NBEren proiekzio horien arabera, Txinako biztanleria 1.000 milioitik behera eror liteke mende honen amaiera baino lehen.

India txanponaren beste aldea da. Azken 70 urteetan, Indiako biztanleria 1.000 milioi baino gehiago handitu da, eta datozen hamarkadetan ere gora egingo duela aurreikusten da, baina ez hain nabarmen. 2064an topera iritsiko litzateke: 1.700 milioi pertsona. Datorren hamarkadarako aurreikusitako hazkunde demografikoaren herenak bi estatutan izango du oinarri nagusiki: Bihar eta Uttar Pradesh, herrialdearen iparraldean. Planetako gunerik emankorrenetako bat izanik ere, Indiako landa eremu hori zonalderik pobretuenetakoa da. Hegoalde industrializatuan, biztanleria-tasa egonkortu egin da, eta zenbait lekutan jaisten ere hasi da. Adibidez, 2025ean, Kerala estatuko bost biztanletik batek 60 urte baino gehiago izango ditu. Dena kalkuluak dira, Indiako Gobernuak datu demografikoak eguneratu gabe jarraitzen baitu. Erroldaren prozesua oztopatzea leporatu diote Narendra Modi lehen ministroari, “politikoki txarrak” izan daitezkeen datuak ezkutatzeko.

Indiako batez besteko adina 29 urtekoa baino ez da. Hain populazio gaztea izatea oso baliagarria izan zen Txinan: bere goraldi ekonomikoa sustatzen lagundu zuen, egun Indian ere gertatzen ari den antzeko prozesua. Jakina, sistema kapitalistan eta kasten sisteman sakonduta, are gehiago indartu ditu Indiako langile klase handiaren esplotazioa eta gizartean diren desberdintasun sozial, ekonomiko eta politikoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA