Gerratik gerrara, orain Sudan

Axier Lopez
0
borrokan diren bi aldeetako buruak: Mohamed Hamdan Hemedti eta Abdelfata al Burhan. argazkiak: Getty Images

Pasa den astean orriotan idatzi genuen Yemengo gerra odoltsuari amaiera emateko lehen pausoak ematen hasi direla. Preso trukaketa, nazioarteko eragileak tarteko dituen bake negozioak… Baina, handik kilometro gutxira, Itsaso Gorriaren beste itsasbazterrean, gerra piztu da.

Hilaren 15etik Sudanen, Jartum hiriburuan eta beste hiri batzuetan, liskar gogorrak izan dira militarren eta paramilitarren artean. Egun gutxitan 420 pertsona baino gehiago hil dira eta gutxienez 3.700 zauritu, NBEren datuen arabera.

Jartumen bost milioi pertsona baino gehiago bizi dira eta janari, ur, elektrizitate eta erregai eskasia gero eta larriagoa da. Herrialdeko aire-espazioa itxita dago eta hainbat ospitale eta aireportu bonbardatu dituzte.

Bi jeneral daude aurrez aurre. Abdelfata al Burhan, Sudango Armadak lagunduta, eta Mohamed Hamdan Hemedti Laguntza Azkarreko Indarrak (RSF, ingelesezko siglak) talde paramilitarren buru. Omar al-Bashir diktadorearen itzalean hazi ziren biak. 2019ko abuztuan herri-matxinada batek diktadorea boteretik kendu eta trantsizio-gobernua ezarri zuen. Baina, berriz ere biek batera parte hartu zuten 2021eko urriko estatu kolpean. Are gehiago, bi buruzagiek Yemenen aurkako erasoan eta gerran parte hartu dute.

Al-Burhan jenerala Sudango trantsizio kontseiluko presidentea da, eta de facto herrialdeko liderra. Hemedti ezaguna da Darfurko genozidioan parte hartzeagatik, 500.000 pertsona inguru hil zituzten 2003 eta 2010 artean. Hemedtik orduan erabilitako indar armatuak egungo RSF bihurtzea lortu zuen, eta urrearen legez kanpoko esplotazioari eta kontrabandoari esker dirutza lortu zuen.

Sudan duela urte batzuk iparraldearen eta hegoaldearen artean banatutako herrialdea da –Hego Sudanek independentzia lortu zuenetik ez du erabateko bakerik ezagutu–. Munduko hirugarren urre-ekoizlea da, eta 40.000 erauzketa-eremu baino gehiago ditu. Urrea erauzteko erabiltzen den zianuroa eta merkurioa ingurumen- eta osasun-kalte handiak eragiten ari dira.

Sudango meatzeetan interesak dituzten nazioak ez dira gutxi, eta aberastasun iturri horri gehitu behar zaio Itsaso Gorriaren inguruan duen posizio estrategikoa, 600 kilometro baino gehiagoko kostaldea baitu. Egiptok tropak ditu Sudango lurretan, eta Errusiak, Wagner talde paramilitar ezagunaren bidez, ere ageriko eragina du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA