Mugimenduak Ekialde Hurbileko xake taulan

Axier Lopez
0
Wang Yi, Txinako Kanpo Aferetarako arduradunetakoa, Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko idazkari Ali Shamkhani eta Saudi Arabiako segurtasun nazionaleko aholkulari Musaad bin Mohammed Al Aiban. Argazkia: Reuters

Zazpi urtez etsaituta eta harreman diplomatikorik gabe egon ondoren, Iran eta Saudi Arabiako eskuin muturreko teokraziek harremanak berreskuratu dituzte martxoaren 10ean iragarri duten akordioaren bitartez. Horrek aldaketa esanguratsuak eragin ditu Ekialde Hurbileko panorama geopolitikoan. Txinaren bitartekaritzari esker, xiiten eta suniten bi potentzia handien arteko hurbilketak nazioarteko potentzien interesen arabera markatutako eskualdean eragina izango du. Noski, haien helburua ez da humanitarioa edo jendearen hobe beharrean pentsatutakoa, barne eta kanpo gatazka eta interesen arabera orain hartutako erabakia da. Saudi Arabiak 2016an eten zituen loturak Iranekin, Riaden elizgizon xiita bat exekutatu eta Teheranen zuen enbaxadari eraso egin ondoren.

Egungo harreman-aldaketak hainbat ondorio eragin du.

Yemengo gerraren amaieraren hasiera
Urte luzez, Yemen xake taula gisa erabili dute Iranek eta Saudi Arabiak euren arteko ezberdintasunak ebazteko eta Ekialde Hurbilaren hegemonia borrokatzeko. Yemengo lubakiaren alde banari laguntza eman dio bakoitzak. Azken aste hauetan, aldiz, bi aldeak su-eten iraunkorra negoziatzen ari dira, munduko krisi humanitario larrienetako bati amaiera emateko.
2014an, Iranek babestu zituen huthiek kanporatu zuten Saudi Arabiak babestutako Yemengo gobernua, herrialdearen iparraldean gotortu ziren eta beren ekintzak justifikatu zituzten ustelkeria eta atzerriko esku-sartzearen aurkako borroka gisa. Ordutik, Saudi Arabia buru duen koalizio bati egin diote aurre, herritarren %80k laguntza humanitarioaren mende utzi duen gatazka odoltsuan.

NBEk Yemenen duen ordezkari berezi Hans Grundbergen arabera, “herrialdea bake iraunkorra lortzetik gertuago dago”. NBEren arabera, 400.000 hildako inguru eragin ditu gerrak. Azpimarratu behar da negoziazioak erraztu dituztela aurretik bi aldeek egindako mugimendu batzuek, esaterako, ehunka atxilotu askatu izanak.

Siriaren 12 urteak
Ikusmiran dagoen beste gune garrantzitsua Siria da. Martxoaren 11n hamabi urte bete dira Siriako gerra hasi zenetik. Han ere, Saudi Arabia eta Iran elkarren aurka borrokatu ziren alde bakoitzari babesa emanda. Iranen babesa duen Baxar al-Assaden gobernuarekiko jarrera oldarkorra alboratu du Saudi Arabiak. Siriako presidentea, bere aldetik, Moskun bildu berri da gerran, Iranekin batera, bere aliatu nagusia denarekin: Errusiako presidente Vladimir Putinekin, biren arteko aliantza indartzeko bisita batean.

Diktadura “lagunak”
Iran eta Saudi Arabiaren antzeko bidea iragarri berri dute Qatarrek eta Bahrainek. Eskualdeko bi diktadura nagusiren gobernuek ohar bateratu batean iragarri dutenez, alde biko harreman diplomatikoak berreskuratuko dituzte.

Sionistak haserre
Israelek Saudi Arabia gehitu nahi zuen Iranen aurka sustatu duen frontera, baina akordio horrek bertan behera utzi du bizilagun arabiarrekin harremanak estutzeko nahia. Eta hala, bi potentzien arteko akordioa erregimen sionistaren segurtasunerako “urrats arriskutsua” dela esan du Netanyahuren gobernuak.

AEB vs Txina
Akordioa lortu izana Txinaren diplomaziarentzat eta atzerri- eta ekonomia-politikarentzat garaipena izan da. Txinak jokatu duen bitartekari-rolak AEBek eskualdean duten rol nagusia ahultzen du. Saudi-iraniar akordioa egonkortzea lortuko badu, (nahiz eta zaila izan), Txinak bere eragin ahalmena handitzen jarrai lezake zonaldeko beste gatazka batzuetan bitartekaritza eginez, Libian kasu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA