Atzokoa ez da lehenengo aldia Silvio Berlusconi botox-zalea zigortu eta, kartzela zapaldu barik, telebistako kate guztietan biktimarena egiten azaltzen zaiguna. Mendebaldeko demokrazia kapitalistetan ikusten ari garen ustelkeria eta saldukeria festak, botere banaketan sinestea geroz eta zailago egitendigu. Baina halere, aitortzen dut, Italiako Ducek berria zigorra jaso izanak poztu egin naizela. Izan ere, asteburu honetan NaziRock dokumentala ikusteko aukera izan dut.
Film honek gorputzean beldurra sartzeko moduko eszenak ditu eta, protagonista nagusia ez bada ere, Silvio Berlusconi da ordubete pasatxoan lanak harilkatzen duen trama politikoaren azken muturra. Eskuineko muturra. Italiako faxismoa garai berrietara moldatzeko erabiltzen ari den bideak aztertu ditu Claudio LazzarorenĀ 2008ko lan honek. Il Corriere della Sera egunkari ezaguneko kazetaria eta Italiako dokumentalgintza independienteko kide ezaguna da. Forza Nouva alderdiko buruzagien historia bortitzari tiraka, Italiako botere-guneetan ‘Il Cavaliere inguruan instalatu den kasta politikoari astindu ederra ematen dio. Seig Heil oihu artean, gazte boneheaden dantza bortitzen eta Berlusconiren ekitaldi politiko-mediatiko neurtuen artean dagoen transmisio-haria agerian uzten du lanak.
Lazzarok emandako elkarrizketa batean honela deskribatzen du Italiako politikagintza: “Erregimen mediatikoa ezarri digute. Ezin da faxismoarekin alderatu. Faxismoa historian behin gertatu den esperientzia izan zelako, baina oso antzekoa da. Finean izpiritu bera dute: Gobernu eta oposizioaren arteko dialektika suntsituko duen erregimen politikoaren sortzea. Etsai moduan ikustea zurekin ez dagoena.” Italiako egoera politikoaz zorrotz eta zuzen mintzo da 2010ean, Espainiako Movimiento contra la Intoleraciaren webgunean gaztelaniaz argitaratutako elkarrizketa honetan.
Beste bi lan ezagun ere egin ditu Claudio Lazzarok. Batetik, 2006ko Camicie Verdi. Bruciare il tricolore (Kamiseta berdeak. Italiako bandera erretzea) Lega Norte, Padania zonaldeko independentziaren aldeko mugimendu ultraeskuindarrari buruzko lana. Bestetik, Silvio Berlusconiri dedikaturiko lan osoa sortu zuen 2010ean Bandiera viola (Bandera morea). Lan hauen inguruko informazio eta bideoak www.bandieraviola.it webgunean dituzue italieraz ikusgai.