Irakurle mantsoa izatearen abantailak

Gorka Bereziartua
0

Baietz ilundu esaldia bukatzerako!
Baietz ilundu esaldia bukatzerako!

Blog hau irakurtzeko 0 eta 30 segundo arteko tartea hartzen duzun horietakoa bazara, hau interesatuko zaizu. Aurrena Slow Food-a izan zen; Slow Travel-arekin bidaia lasaien balioaz jabetu ginen. Eta aurreko batean Slow Reading filosofiaren berri izan nuen. Mantsoago leitzea, hobeto leitzea da jarrera horren aldekoentzat.
Korrontearen kontra joatea da. Industria editorialari ez zaio interesatzen: bere produktuak azkar metabolizatu eta gehiagoren bila datorren irakurle bulimikoa nahiago du. Eta gure bizi-estiloak ere ez du laguntzen, irakurtzeko denbora gutxi izanda, zaleak nahiago izaten duelako maiz liburuak azkar bukatzea.
Horrek esplika dezake edukiz arin eta estiloz erraz diren produktuen arrakasta. Liburua prozesu industrialen hain menpe ez zegoen garaietan objektu preziatua zen, behin eta berriz itzultzen zen irakurlea obra bereko lerroetara, eta horregatik, zenbat eta aukera gehiago izan irakurri diferenteak egiteko, orduan eta plazer handiagoa hartzen zuen. Liburu arrakastatsua lasai asko izan zitekeen gauza kargatu samarra.
Ez da gure garaiko paradigma. Kontrako muturrean jarri gaituzte (zaituztegu?) prentsak eta Internetek. Eta ez naiz horren kontra jarriko (nola ba!): liburu urritasunak eliteei baino ez zien mesede egiten; baina orekari buruz pentsatzen hasi beharko genuke, beharbada. Zer moduz astean behin ordenagailua, telefonoa, telebista itzali eta liburu on batean sakon murgil egitea? Slow Book Movement-ek hori proposatzen du. Hori bai, haien webgunean sartuta segituan aurkituko duzu “liburu mantso” etiketarekin saldu nahi dizuten nobela bat. Eta pentsatzen hasten zara, batzuek zure lasaitasunari ere etekin ekonomikoa atera nahi diotela. Ai kapitalismoa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA