Donostia: bakearen hiria… eta misilena!?

Gorka Bereziartua
4

Misilen kontrako defentsa sistema bat... Beste misil bat, alegia

Ba ez, nik ez dut atsegin napalmaren kiratsa goizean goizetik eta horregatik, ez naiz Kursaalera hurbilduko egun hauetan, baina zuk ere jakin ezazu: aste honetan Zurriola hondartzaren ingurutik pasieran ibiltzekoa bazara, leku arriskutsua duzu hori, eta zure bizia lanjerrean dago, heriotza negoziorako erabiltzen duen jendea elkartu baita bertan. Donostia, bakearen hiria, giza-eskubideena, dena zibismo eta marrubizko izozki, aste honetan misil-defentsari buruzko kongresu baten bilgune izaten ari da. Maiatzaren 6an amaituko da ingelesez 7th International Conference on Missile Defence izendatu duten biltzarra, Europak esparru horretan dituen “erronkak” aztertu gura dituena.
Eskertzekoa litzateke gai militarretan aditua den norbaitek azaltzea zein testuingurutan antolatu duten kontu hau; dena den, konferentziaren webguneak zera dio argi samar, kamuflajez jantzitako prosa askoren artean:

Industria babesle duela, konferentzian erakusketa egingo da, konpainiek euren sistemak eta teknologiak azal ditzaten. Aukera paregabea da bezeroek, hornitzaileek eta erabaki-hartzaileek topo egin dezaten, egitateak eta iritziak elkartrukatzeko eta misil-defentsako mundu mailako adituek aurkeztuko dituzten paper-ek diotena entzuteko.

Ez dago soberan paragrafo horretako zenbait terminoren sinonimoak ematea:
Sistemak eta teknologiak: armamentua.
Bezeroak: militarrak.
Hornitzaileak: industria militarra.
Erabaki-hartzaileak: agintari politikoak.
Egitateak: martxan dauden gerrak.
Iritziak: abiatu nahi diren gerra berriak.
Beraz, eguneroko hizkerara itzulita: konferentziak balioko du, besteak beste, industria militarrak armamentu berria erakutsi dezan, ejerzitoetako arduradunek eta agintari politikoek mapan hurrengo herrialdea seinalatu eta bonbardatzea erabakitzen dutenean, punta-puntako jostailuak eduki ditzaten.
Harritu egin nahiko zenuke horrelako gauzak ikusita, baina zoritxarrez gaia ez da erabat arrotza, Donostiako notableen artean ere bai baitaude arma-fabrikazioari esker bizi diren pertsonak, Realeko presidente Jokin Aperribay kasu. Hori bai, giza-eskubide guztien alde agertzen da presidentea eta biolentzia errefusatzen du… bezeroena ez denean.
Txundigarriagoa da, kongresua isilpean pasatzen utzi dutela Udal Gobernuko alderdiek (PSE, Alternatiba, Aralar), garrantzirik izango ez balu bezala. Pena da Donostiarentzat, ziur bainago Arnold Schwarzenegger edo Chuck Norris bezalako aktoreek itsu-itsuan babestuko luketela Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izatea, hiriak diskrezioz baina irmotasunez bultzatzen duen lege martziala ezagutuz gero.
Eguneraketa (2011-V-6, 14:11):
Badirudi isilka antolatu dutena oraindik eta isilago mantendu nahi dutela. Konferentziaren webgunea ezabatu egin dute; orain misil hitzaren definizioa ematen du ingelesez (horri, militarrek, umorea esaten diote). Dena den, kongresuari buruzko informazioa daukan PDFa eskuratu ahal izan dut. Behean daukazue txertatua:

Missile Defence (PDF)

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA