#15M Euskal Herrian: artikulazioa, ez identifikazioa

Gorka Bereziartua
2

Donostiako batzar batean hartutako irudia

Eszeptizismoa sanoa da, ezaren gudaz ezetza bakarrik sortzea ordea, gaixotasuna. Atzo gauean Donostiako akanpadan izan nintzen eta han hitz egin ziren gai guztien artetik autokritika batzordean sortutako eztabaida batek deitu zidan arreta. Kexu zen nire alboko gaztea, Donostian Madrilgo agenda erreproduzitzen ari direlako, baita dena elebitan egitea onartu ostean, erabakia betetzen ari ez direlako ere. Ondoren: hika-mika beroa, ondorio zehatzik ez eta Ana Malagonek asteartean zioen moduan, elkarrekiko mesfidantza —“elkarrekiko” diodanean, uler bedi soka horren mutur batean daudela ezkerreko izateaz gain Euskal Herriko singularitatea kontuan hartu behar dela uste dutenak; eta bestean, horri garrantzirik ematen ez diotenak—.
Problema da, hala iruditzen zait niri behintzat, Donostian akanpatuta dauden askok mobilizaziook modu “adanistan” irakurtzea, erran nahi baita, “bazen garaia zerbait egiteko” esatea, besteak beste aurten urtarrilaren 27an eta iaz ekainaren 29an Greba Orokorrik egon izan ez balitz bezala; edo nahi bada irailaren 29an —nahiz eta CCOOk eta UGTk deituriko grebak ez zuen izan, Donostian behintzat, apenas eraginik—. Baina problema da, era berean —hala iruditzen zait niri behintzat—, akanpada hauen aurrean “guk hori aspalditik defenditzen dugu” besterik ez esatea, jarrera horrek gogora ekartzen baitit John Reed-en Then days that shook the world liburuko pasarte komikoenetako bat: sozial-iraultzaile bat haserre boltxebikeekin, nekazariek ez dutela iraultzarekin bat egingo esanez. Reed-ek galdetzen dio, ea boltxebikeen lurrari buruzko dekretua ote den auziaren iltzea.

— Ah, lurrari buruzko dekretua! —oihukatu zuen sutan—. Ba begira, ba al dakizu zer den dekretu hori? Gure dekretua da, oso-osorik sozial-iraultzaileon programa da! Nire alderdiak zedarritu zuen politika hori, lagun nekazarien desioak xehe-xehe aztertu ondoren. Lotsagarrikeria da…

“Baina zuen politika hori bada” erantzun zion Reedek, “ez ditut ulertzen zure eragozpenak”. Eta horrela nago ni ere: inguruko askoren eragozpenak ulertzen ez ditudala. Sekulan Espainiako botere politiko-ekonomiko-judizial-mediatikoa auzitan jarri ez duen jendeak jarrera aldatzea eta zuk urteetan esan duzunarekin bat egitea ez da, ez nire ustez behintzat, inolako arazoa. Lehenagotik horretan ari zirenei mesede baino ezin die egin. Je sais bien, urtetako esperientzia militantea duenari oinarrizkoegiak iruditzen ahal zaizkio akanpada hauetako zenbait kontu, mais quand même onartu beharko da mugimenduan parte hartzen ari diren askok ez luketela ezker independentistak bultzatutako protestetan parte hartuko, eta hori ere zerbaitengatik gertatzen dela.
Gaia nola fokatu da kontua: ezin dugu espero sokaren bi aldeak elkarrekin %100 idenfitikatzea. Formulazioa ez da izan behar, ezin du izan “ni zure taldean nago/ zu nirean”. Formulazioak izan behar du, hala uste dut nik behintzat, “hau da nire borroka, hori da zurea; bila dezagun biek zertan egiten duten bat”. Lotura puntu hori/horiek existitzen dira —bai nire ustez behintzat— eta horien inguruan terreno zabala dago bektore oso diferenteetan kokatzen direnak artikulatzeko. Badaukagu premia.

http://www.marxists.org/espanol/reed/diezdias/capitulo_6.htm
2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA