Top 5: protesta-kanpaldi batera eramateko liburuak

Gorka Bereziartua
5

Donostian maiatzaren 15ean benetako demokraziaren alde egindako manifestazioa (arg.: José Ignacio Unanue)

Ez dakigu egunotan Espainiako estatuko hainbat hiritan (Hego Euskal Herrikoak barne, horiek ere Espainiako estatuan baitaude oraingoz) antolatzen ari diren protesta-kanpaldiek zer ekarriko duten. Ez dakigu izango denentz benetan eragingo duen mugimendu baten hasiera; ez dakigu nekatuko ote diren, etsi ala eutsi egingo duten, poliziaren zenbat egur jasateko prest dauden, X, Y ala Z gertatuz gero nola erantzungo duten. Agian, ez dakigu, herrialde arabiarretan hasitako iraultzak Europan zabaltzeko lehen urratsa izan daitezke protestok. Beharbada, kea haizean bezala desegingo dira egun batzuen buruan. Ez dakigu, baina… tira, utz dezagun horretan, ez dakigu.
Dakigun gauza bakarra da, plaza baten erdian kanpin dendarekin egotea ez dela munduko gauzarik dibertigarriena eta behin ordu batzuk pasa direnean, etxetik atera zaituen sukar iraultzailea gauerdiko hozkirri bihurtu denean, solaserako gogoa apaldu eta loa edo asperra nagusitzen hasten direnean, orduan liburu bat ez dela gaizki etortzen. Hemen bost gomendatuko ditugu, protesta-kanpaldi baterako balizko best-seller zerrenda.

5.- Haserretu zaitezte!, Stéphane Hessel
Ezkertiar, altermundialista eta oro har bere burua progretzat dutenen artean modako liburua bihurtu da Hesselen panfletoa. Mezua zuzena da titulutik; testuaren laburrak, liburuaren formatuak, oso eramangarri egiten du eta alboko kanpin dendatik inork ez dizu begirada txarrik botako Haserretu zaitezte! leitzen baduzu. Azken finean, politizatzen ikasi behar duen belaunaldi bati eskainitako obra da. Hori bai, liburua poliziaren kolpeetatik babesteko ere erabili nahi baduzu, hobe duzu besteren bat aukeratu. Zerrendako hurrengoa, kasu.

4.- The grapes of wrath (Suminaren mahatsak), John Steinbeck
Zerua goian eta lurra behean geratu da Joad familia, galdu ditu terrenoak, galdu ditu haziendak, galdu du etxea eta galtzen ari da familiako kideak, hiltzen ari direlako, Kaliforniarantz ihes desesperatuan, bizimodua atera nahi eta ezinean. 1930eko hamarkadako depresio ekonomikoak AEBetan utzi zituen ondorioen erretratu garratza eskaini zuen John Steinbeck-ek; lurrean kondenatuentzat, ezinbestekoa.
3.- Ulua, Allen Ginsberg
“Nire belaunaldiko buru argienak ikusi ditut suntsituta/ eromenez, gosez akabatzen, histeriaz biluzik,/ arrastaka beltzen karriketan barrena ordu txikietan…” hitzekin hasi zuen Ginsbergek Howl poema ezaguna (Harkaitz Canok egindako itzulpena irakur daiteke Armiarma.com atarian). Gazteen langabezia tasa ikusi, eta belaunaldi galdu bat sortzeko arriskua han-hemenka aipatzen hasi diren honetan, ez dator gaizki beatnik ezagunaren poema luzea berreskuratzea. Azken finean, Jorge Nagorek atzoko Noticias-en zioen moduan, belaunaldi bakoitzak egin behar du bere ulua.
2.- V for Vendetta, Allan Moore & David Lloyd
Eta uluaren ondoren mendekua. Agintarien kontra, sistemaren kontra ekingo dio V izeneko pertsonaia misteriotsuak: Guy Fawkesen maskara jantzita, erreferentzia literarioz eta indarkeriaz beteriko iraultza abiatuko du. Allan Mooren eta David Lloyden komikia oso aproposa da herri-matxinadak mito bat eduki dezan.
1.- Ten days that shook the world (Mundua asaldatu zuten hamar egunak), John Reed
Eta bukatzeko kazetaritza gorriaren klasiko bat. Baldin eta mugimendua indartzen bada, baldin eta benetako ondorioak ekartzen baditu, baldin eta iraultza baten atarian bagaude, orduan, aurreko iraultzak nola egin ziren jakin beharko dute orain kanpaldia antolatu duten gazteek. John Reed kazetari estatubatuarrak 1917ko Errusiako iraultza kontatu zuen berta-bertatik; oraingo saltsa gertutasun berarekin jarraitzen ari den kazetariren batek ere egingo du antzeko zerbait, apika, uste baino lehen.
PS: Mila esker hit-parade hau osatzeko Twitter bidez gomendioak egin dizkidaten guztiei. Ez ditut denak sartu ahal izan, baina proposamenei esker, zer irakurria ez zait faltako datozen hilabeteetan.

5 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA