Benetan, nik kultura-gai arrunt bati buruz jardun nahi nuen. Saiatu ere, saiatu nintzen, baina ezin kontzentratu kalea erakusten didan leihotik sartzen zen burrunbarekin. Iluntzean soinua baretuko zela espero nuen, baina keba, arratsaldekoa bezain zaratatsua ez izan arren, jendea bazebilen ibili, eta nik entzun egiten nuen, entzun. Azkenerako, erretiratu erretxin baten rola jokatzea beste erremediorik ez neukala ikusita, plazara irten nuen, txapinak eta pijama uniforme, gazte asaldatu koadrila horri isilxeago ibiltzeko eskatzera, bizilagunok lo egin nahi genuela, lo; are, ohera sartu aurretik lan ere egin nahi genuela, lan. Nolakoa izan ote zen nire harridura, jabetu nintzenean plazan kanpaldia antolatu zuten horiek ez zutela aintzat hartzen, ezin zutela aintzat hartu, ez bata, ez bestea; ez zeudela lotarako, esnatu berri zirelako urte asko, gehiegi iraun duen siestaren ondoren; eta lanerako ere ezetz, ez zeudela, ez nahi ez zutelako, inork lanik ematen ez zielako baizik.
Berehala konturatu nintzen ezingo nuela bukatu aste honetarako idatzi asmo nuen Roberto Mattari buruzko artikulua. Eta giroa ikusita, egia esan, zalantza ere egin nuen, neroni gogoz ote nengoen Infraerrealismoaz idazten hasteko, edo Mattak André Bretonekin izandako liskarraz, edo Roberto Bolañok eta Mario Santiago Papasquiarok zenbait hamarkada beranduago eduki zuten grinaz, Mattak sortutako korrontea berreskuratzeko. Utikan: zerbait martxan zegoen kanpin-denda horien artean eta horretaz hitz egiteko beharra sentitzen nuen, nahiz eta ez izan zehazki “kultura” deitzen diogun esparru horretako gaia, hemen normalean kulturaren definizio itxia erabiltzen baitugu, hitza arteekin bakarrik lotzen duena. Hau idazteko ordea, pixka bat estupendo jarrita, Gizarte Antropologiaren definizioari heldu nion: “dena kultura da”, baita manifestazioak eta batzarrak ere; eta gainera, zeharbistan begiratuta, zer da mobilizazio oro, performance handi bat egiten saiatzea ez bada?
Alde horretatik erreparatuta beraz, badaude nire ustez azken asteko kanpaldi hauetan, eta maiatz hasieran Bilduren legeztatzea eskatzeko eserialdian, zenbait aspektu kultural berritzaile. Lehena, “Copyleft mobilizazio” gisa ulertu behar ditugula. Bai maiatzaren 5ean Bilboko Areatzan, bai egunotako protesta-kanpinetan, herritarrak kopiatzeko, itsasteko eta moldatzeko askatasuna praktikatzen ari dira. Diferentzia, ohiko produktu kulturalen kopiaren ordez, iraultza-eredu bat dela oraingoan libreki zirkulatzen ari dena. Egiptoko Tahrir plaza hartu eta Control+C, Control+V egiten saiatzea da, gero testu sozial hori tokian tokiko errealitatera egokitzeko libertatez.
Azpimarratzeko beste puntu bat: sorkuntza eta ekintza, artea eta aldarria, eskutik doazela, aldi berean gertatzen ari direla. Bada horren adibide bat, aste honetan Donostiako kanpalditik hartutakoa, eta diziplina artistiko batean sailkatzea kostatzen zaidana. Kaleko banku baten ondoan zintzilikatutako kartoizko kartel bat zen, gaztelaniaz idatzia, banketxe ezagun baten iragarkiko hitzak hartu eta berrinterpretaziorako uzten duen tartea baliatuz, zera zioena: “Tu banco, y cada día el de más gente” (irakur bedi Matias Pratsen ahotsez). Hori literatura da? Instalazio artistikoa? Norbaitek fotoa atera eta sarean zabaldu duenez, argazkilaritzako lan gisa sailkatu beharko genuke? Beharbada denak dira batera, eta aldi berean horietako bakar bat ere ez; edo ez behintzat normalean erabiltzen ditugun parametroen arabera, izan ere, ohiko betaurrekoekin erreparatuz gero, literatura liburuetan dago eta arte-instalazioak edo argazkiak, museoetan.
Baina noski, industria kulturalaren irizpideen arabera, artelanek egileak ere badituzte, ekoizten duten obra bakoitza euren izen-abizenekin dekoratzeko; aldiz, ikusten ari garen espresio hauetan anonimotasuna da nagusi. Areatzan eserita geundela, Auzitegi Konstituzionalak epaia eman bitartean, “V de Bildu” izeneko kolektibo baten zenbait bideo ikusi ahal izan genituen, V for Vendetta filmeko irudiekin erremix ironiko bezain subertsiboak osatuz. Ia hilabete pasa da, eta oraindik ez dakit nortzuk diren egileak. “V de Bildu-koak” dira, eta kito. Ez dago gehiagoren beharrik, denok izena dugun arren bigarren mailako kontua bihurtzen baita kaleak hartzea erabakitzen dugun momentutik aurrera.
Dena den, sortzeko gaitasun hori aho biko labana ere bihur daitekeela iruditzen zait, jaio den testuingurutik bananduz gero. Gaur, hamaiketako kafesne bat hartu bitartean, 68ko maiatzaz akordatu da solaskide nuen gizona eta gero, erredakziora bueltan, mugimendu hartaz egin den errebisionismo ariketa ezin nuen burutik kendu, urteen eta bonbardaketa mediatikoaren bidez erabat desitxuratu baitu 9 milioi lagunek bultzatutako greba gorria. “Izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa” moduko esloganak edo, orain bezala, ekintza eta artearen aldiberekotasunetik sortutako afixak; besterik ez da geratzen ari memoria kolektiboan; izan zitekeen iraultza baten dimentsio kulturala. Atzean inolako mugimendurik ez badago, ordea, imajinazioz eta sormenez beteriko pieza horiek ez dira beste produktu bat besterik.
Horregatik, eta honetatik guztitik zer etorriko den jakitea oraindik igarle-lana egitea bada ere, komeni da gauza bat oso argi edukitzea: egin daitekeen artelanik iraultzaileena, edukiz beteriko iraultza bera dela.
Copylefta eta anonimotasuna #M15-eko kanpaldietan eta Bilduren aldeko eserialdian
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Dentistareneko musika hori insoporteibola da! Beste inon irakurri dut Santiago Alba Ricoren bideotik ere musika kentzearena. Nik ere nahiago, hitza soil.