“Sautrela ez da desagertu” irakurri genuen atzo Hitzen Uberan webgunean. “Ez dugu horrelako erabaki bat hartu. Batzuetan 26 atal egin dira urtean, beste batzuetan 33. Aurten, 13 dira egingo ditugun atalak”. Aurrera begirako zehaztasunik ez Joselu Blancok. Datorren urtean beharbada 6? Agian 3? Akaso 0? Baina zer diok? Sautrela ez duk desagertu: tabako bila joan duk, berehala zetorrek bueltan. Seguru ia urtero emitituko dituztela programa berriak aurrerantzean ere: ia emitituko dituzte 2013an, ia emitituko dituzte 2014an, ia emitituko dituzte 2015ean… Ez dute Sautrela telebistatik kendu nahi, ez, ez, eta ez. Solo ke, El Conquistador del fin del mundoren arrakasta ikusita eta Célinen nobela gomutan, Gauaren muturrerainoko bidaia izeneko saio berriari ekingo diote aurki.
Hemen behean, programa pilotua.
Ez gaitzatela engaina, Sautrela desagerrarazi nahi dute. Telebista programak ezin dira izan talde armatuen zelula lokartuak bezalakoak, orain gordean, orain aktibo, hiru hilabetez emititu eta gero ikusiko dugu ea muniziorik badagoen zuentzat. A, ba ez, sentitzen dugu, Patricia Gaztañagaren komandoak baliabide gehiago behar ditu. Logistika arazoak dira, e-ko-no-mi-ko-ak… Badakizue gauzak nola dauden, tele-terrorismoak ere garai zailak bizi ditu eta ekintzaile espezializatuenak bakarrik liberatu ditzakegu. Gainontzekoei, ba, deituko dizuegu hauetako batean si eso. Saioa egin duten profesionalak telefonoaren ondoan egongo dira zain. Bai. Eta bitartean, hodeiak bazkalduko dituzte.
Gaiak daukan dimentsioa dauka. Sautrela euskal literaturarentzat eskaparaterik onenetakoa da; eta halere, isil-isilik geratuko gara, “audientzia txikia zeukan”, “ez zegoen sosik, zer nahi duzu ba”, konturatu gabe horrelakoak direla benetako erabaki politikoak EITBn. Kulturari eskainitako espazioak kentzeak kalte handiagoa egiten baitio “herri proiektu”-ari informatiboen ildo editorialak baino.
PS: Udazkenean ere kontu honekin bueltaka ibili ginen, sosegatuago, akaso.
5 Iruzkin
Baina zertan zabiltza? Literatura euskaraz eta telebistan? Mesedez, horretan dirua gastatzea ere! Euskaldunek nahikoa dute kirol erretransmisioekin: Urrezko aizkora, futboleko jubeniletako liga, eta pilota!
Kultura nahi badute, ardi-txakur lehiaketa ematen da urtero-urtero, baita Goenkale ere.
Nahikoa eurentzat. Gainera, nork irakurtzen du euskal literatura, hain txarra izanda? Eta dena kontra egiteagatik, besterik ez!
Kontuan izan saioa kentzeko arrazoi ekonomikoa eman dutela. Eta Sautrela zen ETBn zegoen saiorik merkeenetakoa. ETBtik kanpoko bi erredaktore kontratatuak bakarrik. Eta ez dut uste Gaztañagaren soldataren hamarren bat ere kobratuko dutenik.
Gaztañagaren soldataren hamarrena kobratzen badute, ni ere sartuko naiz Sautrelan erredaktore moduan!!!
Sautrela da defendatu behar duguna ala literaturako programa bat izatea ETB-en?
Hor ez daukat dudarik: Sautrela da defendatu behar duguna. Ibilbide bat egin du saioak eta marka bat dauka, ikus-entzuleek erraz identifikatzen dute. Hori lortzen oso zaila da. Aparte, programa on bat edukita, zertarako utzi hori defendatzeari, errealitate birtualean baino existitzen ez den “beste literaturako saio bat”-en truke?