Eta nik baietz uste nuen, bazela. Nire burua zuritzeko ez du balio, baina behintzat kontsolatzen nau jakiteak ez naizela hori uste duen bakarra. Afera hasieratik kontatu beharko dut, gauzak uler daitezen. Miel A. Elustondorekin hitz egin nuen, ona izango zela Igela aldizkariaren 50. urteurrena probestuz ARGIAn erreportaje bat argitaratzea eta horretarako Txomin Peillenekin hitz egitea. Baita Elustondok egin ere: 2.315. zenbakian publikatu da artikulua, Igelak merezi duen espazioarekin, Peillenen adierazpenak jasoz, baita aldizkari heterodoxoan agertutako testu pare bat ere. Baina artikulua zuzendu eta maketatzean, honelako gaiekin maiz sortzen zaigun problemari aurre egin behar, argazki gutxi daudela, eta Interneti eskatzea beste erremediorik ez.
Aurkitu dut Igelaren lehenbiziko zenbakiaren azala. Jaso dut Zaldi Erok Peilleni egindako argazkia. Prestatu dugu artikulua irekitzeko irudi bat, barru mosaikodun igela, aurreneko zenbakiko esaldi bat dariola. Jon Miranderen fotoa bakarrik falta da eta Bidegileak bildumako liburuan batzuk begiratu ostean, 1958koa omen den erretratu bat iruditu zait egokiena, aldizkaria 1962an sortu zutenez, garai beretsukoa izanik, “Mirandek itxura hau izango zuen” pentsatuta.
Baita zera ere. Txomin Peillenen mezu bat jaso nuen joan den astean, Elustondoren bitartez: argazkikoa ez dela Mirande gaztea, Tauriac dela. Erretratu hori, dedikatoria eta guzti, Tauriac-ek bidali omen zion Miranderi eta etxean dauka Peillenek. Eta antza, norbaitek, noizbait, Mirande ikusi zuen argazkian, Mirande zela idatzi zuen lekuren batean eta atzetik etorri garen beste hainbatek ere Mirandetzat jo dugu, Mirande ez dena.
Lotsaren merkurioa kopetatik gora dauden tenperaturetara iritsi zitzaidan, esan beharrik ez dago.
Pixka bat hoztuta, “Jon Mirande” googleatu eta akats bera hainbat lekutan aurkitu dut, baita idazlearen fake modura norbaitek sortu duen Twitter kontuan ere. Balioko ahal du post honek, hankasartzea gehiagotan errepika ez dezagun…
4 Iruzkin
Hau irakurri ahala susmoa piztu zait, eta susmoa bete… Bere garaian Egin-ek argitaratu zuen liburu-bilduman, ‘Haur besoetakoa’-ri dagokion alean, argazki hori bera dator kontrazalean. Kontsolatzen bazaitu…
Lasai Gorka. Ez zira bakarra. Baionako Elekatu Elikatu elkartearekin Miranderi buruz antolatu dugun emanaldia iragartzeko afitxan akats bera egin dugu…
Eta zure posta irakurtzerako afitxak inprimatuak eta kolatuak dira… hau lotsa!
Google-ri konfiantza gutxiago egiteko irakaspena izan dadila
uste dut aspaldidanik, asko gaudela beraz tronpatu garenak. Miranderen biziari buruzko iturri garrantzitsu batean, Bidegileak bilduman, liburkiaren lehen orrialdean emana den argazkia da, argazki hori bera, Miranderen irudikatzeko. Bietan ere emana da bilduma horretan.
Jon Mirande Armiarmako zubitegian: http://zubitegia.armiarma.com/?i=225