Amazonek neonazien premiarik gabe kontrolatuko du mundua

Gorka Bereziartua
0

Amazonek ez du beti irribarre egiten

Zalapartatsua izan da astea Amazon liburu saltzaile erraldoiarenean: Alemanian daukan biltegi bateko langileak ia esklaboen pare lanean ari zirela argitaratu da, segurtasun enpresa neonazi baten zaintzapean –material ona nobela batentzat; idazten baduzu, Amazonek salduko du ziur–.
Eten dute kontratua biltegiko segurtasuna atzaparra tenkatuta zeraman enpresarekin eta bukatu da festa. Letra txikiagotan ordea, AEBetako konpainia hazi eta hazi ari da. “Amazoneko Jeff Bezosek ez du inperio bat nahi, mundua nahi du” argitaratu du TechCrunch webgunean John Geracik.
“Ezkutuko inperioa” da Geraciren aburuz: “Amazon, nolabait, erraldoi sekretua zen. Mundu guztiak Amazonen erosten zituen liburuak, noski, baina 2011n iritzi orokorra zen Apple, Google eta Facebook zirela garaian garaiko erraldoiak. Konpainia horiek ziren momentuko bisionario sexyak. Amazon? Tira, liburuak eta abar saltzen zituen, besterik ez”.
Bi urtean gauzak asko aldatu dira: Kindle irakurgailu elektronikoa esperimentu arrakastatsua izan da, kostu baxuko tresnekin Appleri konpetentzia egiteko; negozio-eredu berriak sartu dituzte menuan: ikasleei testu-liburuak alokatzea, adibidez; eta batez ere, Amazon Supplyren bidez banaketa industrialaren merkatuan sartu dira –dirua egin nahi duen inori axola al zaizkio liburuak, azken finean? –.
Geracik txosten interesgarri baten berri ematen du: Amazon: the hidden empire irakurri eta Bezosen enpresaren dibertsifikazio-estrategia noraino iristen den konturatuko zara.
Ba al zenekien hainbat webgune ezagun –Internet Movie Database, adibidez–, Amazonenak direla? Eta beraiek daudela The Guardian egunkari ingelesaren, Ericsson telefono konpainiaren edo Dropbox fitxategi plataformaren weben atzean?
Txostenaren ondorioa: Amazonek dena eskaini nahi du, edonon, edozein unetan, edonori. Erosleen esku ere badago, ordea, burujabe izan eta munstroari jaten ez ematea. Ze, Amazonek ez du neonazien premiarik munduaren jabe egiteko. Baina zu behar zaitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA