Notizia handia egun seinalatuan: atzo, ekainak 16, Bloomsday, Xabier Olarrak 103 karakteretan iragarri zuen laster izango dugula irakurgarri James Joyceren Ulisesen lehenbiziko partea euskaraz; e-booka Igelaren webgunean salgai egongo da aurki.
Aurrerapen bat nahi duenak, @XOlarra Twitterren jarrai dezake edo #TUitlysses etiketatik buelta bat eman, han aurkituko du itzulpena pilula txikitan.
Txalotzekoa, eta txalotu gabe geneukana –despiste barkaezina–, Olarraren ekimen hau. Literatura modernistaren pieza klabea, Ulises edozein irakurlerentzat erronka ikaragarria da; zer esanik ez itzultzaile batentzat: pertsonaiaz, erreferentziaz eta hizkuntzarekin egindako esperimentuz betea, XX. mendeko literatura irauli zuen, hil aurretik irakurri behar diren nobelen zerrenda guztietan agertu ohi den liburua da; baita liburu “desafiatzaileenen” zerrendaren batean ere.
Bada urtebete Olarra itzulpen-bidaia heroiko horretan sartu zenetik eta bere editorialaren blog berrian jarri ditu ikasitako lezioak. Dioenez, inoiz baino libreago sentitu zen nobelaren itzulpenean fidel izateko, irakurleen aldetik presio handiegirik antzematen ez –kontuz horrelako aurreikuspenekin, begira zer pasa den Txinan Finnegans Wakeren itzulpenarekin–. Dena den, aitortu du: Joyce bakar-bakarrik ere nahikoa exijentea da.
Horrelako nobela bat irakurtzeari ekiteak sasoi onean egotea eskatzen duenez, ni behintzat aurredenboraldia prestatzen hasiko naiz. Dublindarrak euskaraz badaukagu eta ez da txarra izango lepotik gorako muskulua sasoian jartzeko.
2 Iruzkin
Bai, izan ere Ulysses, Joyceren lehenbiziko planteamenduan Dubliners bildumaren “beste” narrazio bati izatekoa baitzen. Eta gero ipuina puztuz eta puztuz joan zen, eta nobela kozkorra bihurtu.
Dena dela, hori bezain gomendagarria Artistaren gaztetako portreta, Irene Aldasorok itzulia, Literatura Unibertsaleko bilduman. Izan ere, hor nolabait Ulyssesezn I. zatia (Telemachiada) horren jarraipentzat har daiteke. Eta hango pertsonaiak ere azaltzen dira hemen (mozorrotuak edo beren izenekin).
Hala ere, ez dut behar adina azpimarratuko salgai jarriko dudan hori ZIRRIBORRO BAT BESTERIK EZ DELA, ETA ITZULPENA AURRERA JOAN AHALA FRANKO ALDATUKO DELA. Beraz, pazientziarik ez duenarentzako argitalpen bat besterik ez da. Eta iraurlearen presioa ere sentitzeko prest naiz, are kritikak, eztenkadak, deskalifikazioak eta gainerakoak. Are laudoriako ere. Baina horrek ez dit galaraziko ahalik eta fidelena izatea.
Ea 2014ko ekainaren 16an beste zatiren bat irakurgai jartzeko moduan naizen.
Apuntatua Artistaren gaztetako portreta ere. Armiarman bertsio digitala dago gainera: http://www.armiarma.com/unibertsala/joyce/