Boligrafo Gorria
Nazioartea Politika
by Gorka Bereziartua
  • Nazioartea
  • Politika

Borboiez eta trantsizioaz hitz egiten badugu, dena da nahiko patetikoa

Gorka Bereziartua
2014-06-02
1

"Zenbat buru, hainbat artaburu" esaera zaharberrituaz akordatu da norbait irudi hau ikusita.
“Zenbat buru, hainbat artaburu” esaera zaharberrituaz akordatu da norbait irudi hau ikusita.

Breaking news: Abdikatu ez da Botswanako herri baten izena gaur jakin dugunez; eta gaur jakin dugu halaber, Juan Carlos Borboikoa tronutik jaitsiko dela idorreria instituzionalak jota –beste batzuek elefantiasia aipatu dute kausa gisa, batek daki–. Pentsatzekoa da momentua iritsi zaiola monarka zezelkariak bere hazikotzat jo duen seme bakarrari, Felipetik Felipera eta dadoak airera, hori baita Espainiako trantsizioaren jokoa, Juanan.
Hasierako tiki-takaren ostean definitzeko ordua iritsiko da ordea eta hor jogo bonitoa baino gehiago estilatzen da Espainian Patxi zaharrak modan jarri zuen 4-4-2 sadomasokista: lotua, ondo lotua utzi nahiko dute oinordekotza, zeregin hori gauzatzeko faltaren bat eta sarrera itsusiak egin beharko badituzte ere. Eta irudikatzen duzu Felipe, aurrelari luzexka bat, kanpai-jotzaile bat –erotiko gabiltza gaur–, puntaren puntan bakarrik, konbinatzen ez dakielako baloia helarazten ez dion ekipo baten azken tristura.
Espekulazio askorako emango du zergatik erabaki duen orain, juxtu orain, Juan Carlosek koroa kentzea. Bi gehi bi lau egitea litzateke pentsatzea abdikazioa etorri dela, noiz eta Espainia bi-burukoa amiltzen hasi denean eta monarkiaren ospea euskal aktore batenarekin lehiatzeko moduan ere ez dagoenean.
Ofizio eta benefizio bako Borboi zaharra  PSOEko idazkari nagusi izatea pentsatzen ari ote da, Estatua salbatzeko azken ahalegin desesperatuan?  Hamar analistatik hamabi bat datoz: ez litzateke Alfredo Perez Rubalcaba baino lider dekadenteagoa izango eta ziur alderdiko aparatuak nahiago lukeela Eduardo Madina patxikontraren aldean.
Ados denak beraz, Borboiak patetikoak dira. Baina badirudi horretan ere zerbait lehiatzeko gogoa daukagula Euskal Herrian.
Jaurlaritzaren diskrezioa, adibidez: espainiar asko monarkiari buruzko erreferenduma eskatzen ari direnean pausotxo bat atzeragotik aritu da EAEko lehendakaria zer gerta ere, koroari paktu berri bat eskainiz. Ezker abertzaleak berriz, mobilizatzera deitu du, hori bai, gainontzeko mobilizazioena – “espainolena” egin du eztul norbaitek– ez den ordu batean, nabaritu behar baita ia gauza bera eskatzeko ere ez dugula gutxieneko adostasunik bilatzen ahal.
Trantsizioaren kultura ez dela monarkia eta PPSOE bakarrik, prozesu horretan aldez edo moldez partaide izan ziren guztiek osatzen duten portaera-marko osoa baizik. Eta ze grazia gutxi daukan inor marko horretatik ateratzeko gai ez dela ikusteak, ezta?

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

eajespainiako erregeaezker abertzaleajuan carlos borboikoajuan carlos bourbonmonarkia
1 Iruzkin
    GEO Azterketak (e)k dio: Erantzun
    2014-06-15, 15:29

    Orain dela gutxiko Europako Hauteskundeen emaitzak ikusirik, Euskal Herrian eta Kataluinan ez ezik, Estatu Espainoleko beste probintzia guztietan PP, PSOE eta UyPD alderdiek jaso zuten bozka kopurua probintzi horietan bozkatu zutenen %50 baino gehiago izan zen. Trantsizio monarkikoa egitean, ez dute euskal herritarren eta katalanen gehiengoaren babesik bilatu.

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Willis Drummond, maratoia bukatu baino lehenxeago2014-05-27
Yo La Tengoren historia (eta indie-rockaren gorakadarena)2014-06-16
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA