Azaroaren 1ean estreinatuko dute Luhusoko Harri Xurin Dejabu taldearen antzezlan berria, Arrastoak, eta azken urteetan eurek bakarrik (Gure bide galduak) edo Le Petit Théâtre du Pain eta Artedramarekin elkarlanean (Hamlet, Errautsak) taularatu dituztenak kontuan izanda, merezi du arreta jartzea.
Goiko bideoaren bitartez aurkeztu duten lan berriak Lur du protagonista: txikia zenean bere amak alde egin zuen eta berak ez du sekula hari buruzko galderarik egin. Hilda agertuko den arte. Orduan hasiko da gordean izan dituen itaunak ateratzen.
Estreinaldiaren ondoren agenda bete-beteta daukate Dejabukoek, obra berriaren blogean ikus daitekeenez.
Udazkeneko teatro denboraldiko beste ezinbestekoa pasa den asteburuan hasi da herriz herri: Iduzkilore antzerki taldeak Telesforo Monzonek idatzi zuen Hazparneko anderea ekarri zuen Uztaritzera 25ean eta Donibane Lohitzunea 26an, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Hurrengo zita urriaren 31n dute Orexan (gainontzeko hitzorduak hemen kontsulta daitezke).
'Arrastoak' eta 'Hazparneko anderea', udazken honetan arreta merezi duten bi antzezlan
Gorka Bereziartua
0