Astelehen goizean jakin dugu Günter Grass idazle alemaniarraren heriotzaren berri. Esango dizute Nobel saria irabazitakoa zela eta azken urteetan polemika iturri bihurtutakoa, 2007an argitaratu zuen Tipula zuritzen autobiografian aitortu zuelako Waffen-SSetako kide izan zela. Esango dizute, segur aski, bere obrarik ezagunena Latorrizko danborra dela. Eta beste bizpahiru topiko ere bai.
Agian esango ez dizutena da Latorrizko danborra ez daukagula euskaraz oraindik, bai ordea eleberri horrek inauguratu zuen “Danzigeko trilogia”-ko bigarren liburua, Katua eta sagua, Xabier Mendigurenek itzulia Literatura Unibertsala bildumarako. Eta seguru esango ez dizutena da, 2002an Andolin Eguzkitzak Batzarra Telgeten itzuli zuela eta Alberdania argitaletxeak (gugan bego) eman zuela argitara.
Bai alafede, gaur albistegi guztietan hitz egingo dute Grassen zerraldoaz baina, horrelakoetan ohikoa denez, gaztelaniaz eta frantsesez askoz gehiago itzuli dutenez, y lo entendemos todos, badakigu zer patu izan dezakeen euskarazko itzulpena egiteko petrolioa izerditu duenaren lanak. Ez dadila esan guk behintzat nabarmendu ez dugunik.
PS: Nola jakin fianbre bihurtu den idazle inportante horren zerbait euskarara itzulita dagoen? Sakatu hemen. Armiarmak zure bizitza hobetzen du.
4 Iruzkin
Eta alemaniartzat joko dugu idazlea haren jaioterria Danzig zaharra zelako. Dena dela, hona hemen ezezagunago den datua. Hil da ere ama kaxubiarra, Helena Knoff (etxeko abizenez) zuen idazlea. Gduńsk da hiriburuaren izena kaxubieraz.
Aupa Jonmikel, mila esker iruzkinarengatik. Ados, ama kaxubiarra ere ez da batere aipatuko. Dena den, nik behintzat zalantza gutxi daukat Grass idazle alemaniartzat jotzeko, kasu honetan idatzi duen hizkuntzak zeresana baduela iruditzen baitzait.
Kaixo Gorka. Eskerrak ere zure erantzunari. Batak ez du bigarrena kentzen. Gaur kaxubiarrek Gunter Grass ere gogoratu dute, eta bere amaren aldetiko jatorria ongi aipatu. Beren herrikotzat sentitzen zuten.
Nik nire ikuspuntutik bere sendiaren zati bat oraindik ezezagun zaigun kultura minorizatutako baten parte zela aipatu nahi nuen. Gehienetan, herri txikiok herri handien itzalean geratzen garelako. Ondo segi.
Aupa Jonmikel: bai, erabat ados, oso gutxi dakigu kaxubiarrez eta kaxubierari buruz eta nabarmentzeko datua da.
Nire erantzunaren esplikazioa da, askotan hemen ere eztabaida hori edukitzen dugula: zeintzuk dira euskal idazleak? Eta hor erantzuna argi daukat: euskaraz idazten dutenak. Horregatik egin dut ñabardura, ez Grassen kaxubiartasuna ukatzeagatik, idazle kaxubiarrak kaxubieraz idazten dutenak direla uste dudalako baizik.
Eta bide batez, eskertu behar dizut, iruzkin truke honengatik izan ez balitz ez bainintzen bila hasiko eta Jan Trepczyk eta Aleksander Majkowskiri buruz irakurtzera iritsiko. Haien lanak ezagutzea izan liteke kaxubiarren berri gehixeago izateko inguru hauetan.