Jolas-ordua bukatu da, Zizek

Gorka Bereziartua
6

Slavoj Zizek Iruñean (argazkia: Josu Santesteban).
Slavoj Zizek Iruñean (argazkia: Josu Santesteban).

Ados, liluratuta geunden, kasik fan batzuk bezala jokatzeraino. Duela zazpi bat urte izango zen: errenkadan irakurri genituen haren liburuak, zer diot irakurri, irentsi; probokatzailea zen, gauzak beste era batera pentsatzen lagundu zigun eta, lehenbizi Iruñera eta gero Bilbora etorri zenean, ez genituen galdu eman zituen hitzaldiak, ezta elkarrizketatzeko aukera ere. Fede berri baten proselitismoa egiten ari ginen? Zizekmania hedatzen bai, seguru.

Violence liburuarekin engantxatu nintzen Slavoj Zizeken jario teorikora, gaiak hemen zeuzkan inplikazioengatik eta, “etxean” indarkeriari buruz jai eta aste buklean errepikatzen ziren argudioez aspertuta. Liburu hura beste zerbait zen, haize freskoa bezala sartu zen denbora luzeegian itxita egondako gelan. Atzetik irakurri nizkion beste hainbat, batzuk lan teoriko sendoagoak –The sublime object of ideology, adibidez– eta beste batzuk han-hemenka egiten zituen hitzaldien spin-off modukoak, unean uneko gaiei buruz. Bonba bat zen Zizek, beti ezker progre politikoki zuzena dantzan jartzen.
Gero, nire kasuan behintzat, liluraren aparrak pixka bat jaitsi ziren. Horren kausa artikulu hau izan zela esango nuke non, nire irudiko, filosofoak planteatzen zuen betiko errezeta estatal-zentralizatzaileetara jotzea une hartako urgentziei (Grezia, M15) erantzuteko. Eta geroztik gutxiago jarraitu nuen. Agian desadostasun horrengatik. Agian, sinpleki, ultra-produktiboa den norbaiti buruz ari garelako: urtean lau liburu publikatzera iritsi da 2010etik aurrera eta ez nuen denborarik hartu horien artean alea eta lastoa bereizteko.
Kontua da, azkenaldian idatzi dituen lanen berri prentsak eman didala eta ez naizela gehiago murgildu argitaratu dituen nobedadeetan. Eta bai, badakit, hori esanda Zizeken oraingo jardunak ez nauela konbentzitzen defendatzen hasten banaiz, berehalako erantzuna izan dezaket: “Irakurri ezazu iazko XXXXX liburua eta ikusiko duzu nola oker zauden”.
Baina intelektual bat, are gehiago Zizek bezalako intelektual mediatiko bat, ez da liburuetan esaten duena bakarrik. Eta iaz Channel 4 katean egin zioten elkarrizketa honetan, guztiz erori zitzaidan, Clinton eta Trumpen artean bigarrenaren alde agertu zenean, gutxi konbentzitu ninduen argudiaketa batekin.
 
Gero ñabardura batzuk egin zituen BBCn, eta “tira”, pentsatu nuen, “irristaldi bat edonork eduki dezake, batez ere boutadegintzan hain saiatua baldin bada”.
 
Horrela nengoen, lagun batek hitz egin zidan arte iaz publikatu zuen liburuaz: Against the Double Blackmailen Zizek probokaziotik beste zerbaitera pasa dela uste du; iruditzen zaio errefuxiatuen krisiari buruzko saiakera horretan eskuin muturrak bere egin ditzakeen planteamenduak daudela –Mendebaldeko baloreak hobeak direla iradokitzea eta errefuxiatuen auzian militarrei aitortzen dien rola, adibidez–.
“Ikusi Al Jazeeran egin zioten elkarrizketa”, esan zidan lagunak. Hau da:
 
Elkarrizketa zorrotz bati eutsi ezin dion norbait ikusten dut saio horretako hamar minutuetan. Balantzaka dabil Zizek, erantzun bakoitza ematen noraezean ari den boxeolari bat bezala, berak idatzi duen zerbaiten aipu zehatzak defendatu ezinda, nokeatuta geratzeko arriskuan, kontraesanetan katramilatuta, bukaeran K.O. erortzen den arte.
Okerrena da, ez dela goi mailako eztabaida teoriko bat ere, oso oinarrizko kontuak eztabaidatzen dizkio Mehdi Hasan kazetariak. Eskatzen dio ez orokortzeko, ez sailkatzeko Europako eta herrialde musulmanetako herritarrak bloke monolitikoetan; galdetzen dio zergatik elikatzen duen “zibilizazio-talka”ren ideia, zergatik lotzen dituen ezaugarri kultural jakin batzuekin iazko Koloniako sexu-erasoak eta ez duen gauza bera egiten, baina balore europarrekin lotuz, Oktoberfesten emakumeen kontrako erasoak izaten direnean.
Eta filosofoa ez da gai erantzun argirik emateko. Agian jolas-ordua amaitu delako, problema gogorrak daudelako mahai gainean; probokazioak mugak dauzkalako, eta hori baino zerbait gehiago behar delako ahulenen kontra —kasu honetan errefuxiatuak— jarduten ez bukatzeko.
Uste dut Zizeki buruz hitz egiteko ordua iritsi dela. Edo, prezisoago, aldareetan eman genion lekuari buruz.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA