Santi Leonéren “Erraietarik idatzia”, Lander Arretxearen “Kosta egiten zait” eta Twitterren ikusitako zenbait txioren harira.
Printzipio orokor gisa, XXI. mendeko Mendebaldeko gizarteetan, pertsona baten heriotza ekitaldi publiko batean ospatzea ez da jarrera onargarritzat hartzen. Salbuespenak egon daitezke, hildakoak krimen izugarriak egin izana adibidez, baina hau ez da kasua. Norbaiten heriotzaren aurrean jarrera hori hartzea ez dago debekatuta, baina egiten duenak ezin du espero hildako pertsona ezagutu zutenek, lagunek, senideek eta are, hildakoarekin kritiko izan zitezkeenek jarrera hori besterik gabe onartuko dutenik –ez dut uste esplikatu behar denik zergatik–. Printzipio hori eztabaidatu daiteke, noski, baina horrelako jarrerak onargarritzat jotzen hasteak sortuko lukeen gizarte mota egun ezagutzen duguna baino okerragoa izango litzatekeela uste dut, konbikzio handi samarrarekin gainera.
Ez dut uste hori pentsatzen duen bakarra naizenik. Eta ez dut uste, halaber, Lander Arretxeak Lucía Baskaranen adierazpenen harira Berrian argitaratu duen artikuluaren amaieran seinalatzen duen bidetik, gai hau kontu morala denik. Sakoneko gaia da nola hautematen dugun bestearen bizitza. Zer balio aitortzen diogun bizitza horri bere horretan. Judith Butlerrek Frames of War. When is Life Grievable? liburuan esplikatzen du modu aski egokian: “Bizitza batzuk ez baldin badira bizitza gisa kalifikatzen edo hasieratik ez badira bizitza gisa ulergarriak zenbait marko epistemologikoren barruan, bizitza horiek ez dira inoiz bizitutzat joko, ezta galdutzat ere hitz horien zentzu osoan”.
Horretatik zerbait sumatzen dut Katakrakeko liburu-aurkezpenaren audioan. Ez da bakarrik, Leonék zioen bezala, Hasier Etxeberria ez dagoela hemen horrelako zerbaiten aurrean bere burua defendatu ahal izateko. Inpresioa daukat “hilda eta ondo hilda” dagoela dioenak ez duela zentzu oso batean haren bizitza bizitutzat jo eta, beraz, ezta galdutzat ere.
Gauzak ulertzeko marko hori terriblea iruditzen zait.
Adierazpenari nahi besteko justifikazioak jartzen ahal zaizkio.
Zuhaitz baten inguruko eztabaida baso osoarekin estaltzen saiatzea da.
6 Iruzkin
Zeharlerro bat gehitzearren-edo, eta hanka sartzeko arriskua neure eginez: bestetasunaren galera bat (Byung Chul Han) nabari dut; edo alderantziz esanda, norberaren minduraren diskurtsibitate bat. Nor bere minetik mintzo da (erabat humanoa bestalde), baina besterena kontutan hartzeko ia-jarrerarik gabe, entzuteko jarrerarik gabe. Minduraren balio diskurtsiboa ia absolutoa bihurtzeraino. Eta, ez diot min guztiak berdin direnik, hor ere izango baita hierarkiarik, baina mindurak ez du beti arrazoirik ematen zernahi eta zernola esateko; gure Gatazka (Gauza) pil-pilean zen garaietatik irakaspenik atera behar genuke. Bestetasunik gabe, komunitate kritiko kohesionatu bat zailago begitatzen zait, bestetasunik gabe bandoak eta tribuak bai elkarri ostiaka, baina gizarte /jendarte bat eraldatzeko baino gehiago hura suntsitzeko arriskuarekin. Nork bere minak eta besteren pribilegioak errazago atzematen ditu, ezen eta ez nork besteren minak eta norbere pribilegioak. Ariketa eta adiketa konstantea eta nekeza eskatzen du horrek, eta bestetasunari aukeratxo bat ematea. Juan Luis Zabalak esan duen modura, dena politika da bai, baina politika ez da dena; bestetasuna, bestearengan bizidun humano bat ikustea ere politika ez bada behintzat.
Ze ederra, ze beharrezkoa, ze ona Gorka. Mila esker.
[…] Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean idatzia, “Judith Butler berrirakurtzen eztabaida ilun baten erdian”. […]
Argi ta garbi. Boligorria eta Santi Leonegaz afu. Etxeberria ez nuen jarraitzen, baina oso argi dago Katakrakeko gertakariak azaleratzen duen gatazka morala, eta eskertzen dotzuegu gorputza ta arima errespetuz jarri dozuenei, ortik eta ametik, Xabier barne. Denak ez du balio. Zaindu
[…] Gorka Erostarbe Leunda Argia […]
[…] Gorka Erostarbe Leunda […]