Gauzak diferenteak ziren lehen. Erran nahi baita, joan den astean: tabernetako terrazez idatzi zitekeen gerra-terminoak erabiliz. Kar, kar. Gero albistegiak broma bueltatu digu eta badira egun batzuk justu kontrakoa egiten ari garela: gerrari buruz jardun, tabernako terrazatik ariko bagina bezala. Eta kristo guztia horretarako entrenatuta zegoela dirudi. Zenbat arma arin zibilen eskuetan, ze kargatuta zeuden 280 karaktereko kartutxo horiek, harrituta geratu naiz.
Birkokatu behar dugu, antza denez. Kontua orain da lehen minututik asuntuari buruz iritzi super argi bat edukitzea –iritziak: genero merkea; garestia informazioa da–, eta gero oinarri hori baliatzea ekipo bat fuerteki animatzeko. Jarrera horrek esplikazio ugari izan dezake. Bat da, agian, oraindik ez dugula gure burua –gure besoak, gure hankak, gure tripak– ikusten Ukrainakoa bezalako lokazti batean sartuta. Pornografia belikoaren ikusle hutsa baldin bazara, dena da errazagoa. Bonbardaketak, tiroak eta tankeak leihora aterata kontenplatu ditzakezunean baino, alegia. Zeren hori ailegatzen bada, oinezko arruntarentzat superpotentzien talent-show honek grazia guztia galdu behar du momentuan.
Baina agian oker nago eta ez naiz behar bezala baloratzen ari Call of Duty-n eta tankerako jokoetan sartutako orduek nire belaunaldian utzi dituzten ondorio psikopolitikoak. Aurrekariak ere ez dira optimistak izateko modukoak: badago –beti dago– auzoko denda ixten dutenean “negozio-eredua” berritu beharraz hizketan hasten den listomariren bat. Eta pentsatzen hasia nago sareetan ikusten ari garen zenbait profil ez ote den pertsonaia horren mutazio gerrazalea besterik. Zu eta ni bezalako mindundi bat izan liteke, baina beste mindundi batzuen bizitza pikutara joaten ari dela ikusi arren, bera bezalako mindundiez kezkatzeari gutxi irizten dio. Berak ikusi ditu zuek sinetsiko ez zenituzketen gauzak.
Horrek pentsarazten dit Internazional Mindundi bat sortu behar litzatekeela, geopolitikaren irakurketa mindundi bat egingo lukeena, saihesteko mindundiok gureak ez diren gauzengatik hankak, besoak, tripak eta burua galtzen bukatzea. Baina klaro, eskatuko luke “Gerrari ez!” ozen samar eta orokortu bat artikulatzea. Eta aurka agertuko dira, segur aski, azken egunetan hiztegian “naïf” hitza deskubritu ostean gustetan dazten gazta baino gastatuago utzi dutenak.
Ederki izorratuta gaude. Hau da, eslogan bat adosteko ezgai izateraino bereizita. B plan bat behar zepo honetatik nolabait ateratzeko.
Irakeko inbasioaren garaian Bartzelonan okupatutako eraikin bateko horman zera irakur zitekeen: “Bestelako mundua ezinezkoa bada, eta gerra hau geldiezina bada: zein da zure gerra?”. Iritziak merkeak dira, esan dut lehen ere, eta horregatik debalde botako dizuet nirea: akaso galdera horren inplikazioetan esploratzeak –ze gerra egin nahi dugun eta zein ez; nola definitzen dugun bakea, eta abar– erakutsi dezake bideren bat, buru nuklearrak dauzkaten aharien talka honetatik haragokoa.
1 Iruzkin
GERRAREN LEHEN ASTEA
Ukraniako gerra telebistan, prentsan eta zoazen edozein tokitan, igogailuan, dendan; telefonoz familiarekin edo sare sozialetan, den-dena hartu du gerra honek. Jendea kezkaturik dago, gogogabeturik eta gu guztiok mindundi hutsak sentitzen gara, bai. Badirudi lehen gerra dugula hau. Baietz esango didazue, Europan eta superpotentzien artean lehena dela. Ze arin ahaztu dugun Yugoslavia ohia. Dena den, ez dut hortik jarraituko, zeren berehala esaten dizute Putinen aldekoa zarela eta hori inola ere ez.
Eskerrak lehen egunean Iñaki Sotoren editorialean Ukranian gora eta gora doan enfrentamendu militarra hauspotu ordez, desaktibatzeko ematen zituen bestelako neurriak irakurri nituen. Bakeranzko norabide bat marraztu zuen. Eta bide hori topatzeko, lehenbizi gatazkan dauden jarrera guztiak uler daitezkeela onartu behar da. Horrez gain, bere artikuluan azaltzen duen bezala, gobernuak gerraren logikatik at kokatu behar dira eta edozer dela ere, justiziaren alde egin behar dute. Ukraniak Errusiatik jasan duen eraso militarra desaktibatzeko modu gehiago egon daitezke, noski; baina orain arte bezala jarraituz gero, gerra hotsak ziruditenak auskalo zer bihurtuko diren.
Gatazka armatuetan hedabideak ere gerra armak izaten dira eta egunotan kirol mundua asko mugitzen ari da pantaila guztietan, baina osatu nahi duten NO WAR oihu bateratuan ez dute erabateko tonu berbera lortzen. Zeozerk desafinatzen du gerra honetan eta horra irteten da futbolariren bat, Ajkut Demir Ezzurumsport 2.mailako jokalari turkiarra, esaterako, eslogan hori kamisetan ez eramateagatik mundu zabaleko kritikak jaso dituena. Edo Maccabi saskibaloi talde isrraeldarrak sare sozialetan jaso dituen gaitzespenak Baskoniaren aurkako partidaren hasieran NO WAR hitzak atera zituztelako. Eslogan bat adosteko gai ez garela, Gorka Bereziartua Mitxelena? Bai turkiarrak, bai isrraeldarren hipokresiaren aurka aritu diren ehunka profil horiek beren arrazoiak eman dituzte osatzen ari den korotik ateratzeko. Jarrai dezagun esloganaren bila edo iritzi zuzenaren bila. Bitartean munduan dauden gerra guztietan bezala, ukraniarrek ihes egitea edo bonben artean bizirik irauten asmatzea besterik ez dute. Noiz arte?
*