Itzuli da Juan Carlos eta Galizia aukeratu behar izan du erakusteko berak jarraituko duela egiten borboiaren puntan jartzen zaiona. Diotenez, diskrezioa eskatua zion Espainiako Errege Etxeak, ez zaiolako show handirik komeni, monarkia krisi existentzial bat bizitzen ari baita aspaldi honetan, gutxi gorabehera 40 urterekin crossfit egiten hasten diren gizaseme horiek bezala, baina gihar gutxiagorekin. Hain gihar gutxirekin, ezen zazpi urte baitira dagoeneko Espainiako Ikerketa Soziologikorako Zentroak (CIS, gaztelaniazko sigletan) ez diela herritarrei eskatzen estatuburuaren baloraziorik egiteko. Galdetu zuten azkeneko aldietan, emaitzek Froilanen notak ziruditen: 10etik 4,9; 3,7; 3,7; eta 4,3.
Penko sorta horrek Feliprest kezkatuko du akaso, baina ez dio lorik kentzen Juankarbiziri: sosei erreparatu gabe, emeritua jet pribatu batean iritsi da Abu Dhabitik –kanpetxanoa bai, baina ez abioi normalak hartzeko bezainbeste– eta ikusten da Like a Rolling Stone bizitzeak oso kaskatuta utzi duela, baina oraindik parranda gustatzen zaiola ere bai. Ume batek bezala pasa du bere txalupan eta trofeoren bat ere lortu omen du. Itzulera laburbiltzen duen keinu bat egotekotan, 2004an Gasteizen oparitu ziguna izan daiteke: oraingoan erdiko atzamarra masta bezala altxatzeko premiarik ez du izan, baina jarrera hori da, mundu guztiari izorra dadila esatea. Harrotuta baitago, bela guztiak haize alde Sanxenxora iritsi denean lekaioek, jopuek eta basailuek jotako txaloekin.
Belaunikatuen zerrenda luzea izan da. Bisitak “Galizia mapan jarriko duela” adierazi du herriko alkateak, ustelkeriagatik ospa egin zuen monarkaren bisita justifikatuz gure zoko honetan edozein ebento justifikatzeko erabili diren espresio berarekin –zer pentsatua ematen du–. La Voz de Galicia-ren kronikan berriz, detaile hauek: Borboiak Sanxenxoko klub nautikoaren poloa zeramala soinean, publikoa agurtzera hurbildu zela eta bertako gastronomiaz galdetu zuela, “zehazki Herbongo piperrez”. Prentsa probintzianoak batzuetan lotsaren Geiger kontagailuak leherrarazten ditu.
Berragerpen triunfal horren aurrean, hasia nintzen desesperatzen; eta madarikatzen Agosti Xahoren garaitik belaunaldiz belaunaldi erreproduzitzen diren erregue-erreguiñac eta heïen partidario tontoac edo ambiciosac. Eskerrak BNGko eta Galiza Novako kide batzuek bestelako harrera ere egin dioten, artikulu honen izenburuan jarri dugun esloganarekin. Eskerrak (bis) bestelako periodikoak ere badituztela Galizian: Nòs egunkarian detaile mamitsuak Galizian Borboiarekin elkartzen den kuadrillaz, adibidez Josep Cusí emerituaren lagun zaharra bertan izan dela. 1972an ezagutu zuten elkar, ehizan ari zirela, glups, Francisco Francorekin.
Espektakuluak komentatzeko direnez, adierazpen pila asuntuaz prentsan. Tartean EAJrena. Andoni Ortuzarrek eskatu du argitzeko nondik atera duen Juan Carlos I.enak dirua. Baina onena da, “monarkiaren errepublikanizazioa” ere eskatu duela. Oximorona? Ez ba: oso helburu noblea iruditzen zait niri behintzat. Baldin eta 1789ko moda frantsesean inspiratuz egiten bada, noski. Susmoa daukat ordea –susmoa besterik ez–, erbiaren prezioan gattopardo bat saltzeko modu bat besterik ez dela. Errepublikanismo horrekin, laster dugu Briboia hemengo porturen batean.