Merezi duen esentziaren bat

Gorka Bereziartua
0

Dena ezin baita laburbildu gerra, krisi ekonomiko, politika parlamentario eta estraparlamentarioaren gorabeheretan: kontu itxuraz anekdotiko, tribial eta garrantzi gutxikoek ere bai baitute txungurra, gutxien espero duzunean agertzen dena. Gizonezkoen futbol profesionala, adibidez. A ze gauza: 22 tipo galtza motzetan baloi bati ostikoka. Herriaren opioa. Itxuraz, buruari pixka bat eragiten dion edonork baztertu behar lukeen afizioetan lehena. Horixe pentsatzen nuen garai batean: irakurketatxo batzuk eginak nituen eta, tira, ez zuen asko pegatzen orduko nire pertsonaiarekin –eta oraingoarekin ere ez segur aski, horregatik nabil zirkunlokuzio honetan bueltaka–.

Kontua da Imanol Alguacilek Realeko entrenatzaile postua utziko duela denboraldi hau bukatzean eta, oso ondo esplikatzen ez dakidan arrazoiengatik –artikulu hau arrazoi horiek aurkitzeko saiakera da, beste ezer baino gehiago–, asuntua burutik kendu ezinda pasa dudala joan den astea.

Saiatu ulertzen: umetan futbolean jokatzen nuen –esateko modu bat da–, eta ikusten nuen eskolara joaten nintzen hiriko taldea, denboraldia joan, denboraldia etorri, sailkapenaren erditik gora eskalatu nahian eta… ezinean –irakurri azken hitz hori Juanan Larrañagak bakarrik esan dezakeen modu horretan–. Jokoagatik baino gehiago egiten zituen fitxaketa estranbotikoengatik gogoratzen den Real hark, hala ere, zerbait esaten zion zaleari, etxeko jokalariekin –Imanol bera tartean– konektatzen zuelako zenbaki hutsek nekez esplikatzen duten eran. Identitate deitzen diogu konstruktu konplikatu hori. Zeina, futbolaren munduan, justu garai hartan, pikuak erruz biltzera joan baitzen Bosman kasua zela-eta: barra librea hamaikako osoa atzerritarrekin osatzeko, jokalari-talde-zale triangeluan haustura ikaragarria. Bestela ere diruak ustelduta zegoen ikuskizuna gehien pagatzen zuenaren legera are gehiago makurtuko zen orduz geroztik.

Reala ere, plasta, dinamika horretan murgilduta, urte luzez aritu zen urrutiko intxaurretan hamalau ikusten, gerturatu eta Lee-chun-soo, Asper eta Peiremans aurkitzeko. Bere burua ezagutzeari utzi ziola esango nuke. Zenbait momentutan –2008, 2009 inguru hartan adibidez–, fedea baino gehiago behar zen klubari zerbait interesgarria ikusteko. Gero, egia da, izan ziren denboraldi gogoangarri batzuk, baina Imanolen zikloa bezalakorik ez du ezagutu realzaleak, nik zer dakit, azken 30 urteetan gutxienez.

Eta esango nuke, epe luzera begira, ez dela hainbeste izan emaitzengatik, betirako puskatua zirudien zerbait –jokalari-talde-zale triangelua, gogoratu–, nolabait berregituratu delako baizik. Harrobiaren aldeko apustua, joko-estilo identifikagarria, edozein areriori erakutsitako errespetua, entrenatzailea taldearen supporter handiena. Konstruktu konplikatu horrentzako osagaiak.

Telebistak, hedabideek, mota guztietako esponsorrek, enpresariek, bitartekariek, petrodolarrek eta bururatu ere egiten ez zaizkidan zomorroek gobernatutako milieu horren erdian, dena kalkulu, estatistika, errendimendu, Imanol Alguacil bezalako norbait agertzea ez da hain ohikoa. Beste gauza asko ere beharko dira, noski, futbol modernoa noizbait piezaz pieza desmuntatuko bada, inoiz atera behar ez zuen lekura, bere oinarri sozialera, itzularazteko. Baina oriotar batek, gutxienez, pentsarazi digu agian, beharbada, akaso, joko zahar honek gordetzen duela oraindik merezi duen esentziaren bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA