“Argi ibili, ea burua jango dizuten” esan zidan herrikide batek –haren izenaz, bere onerako, ez dut akordatu nahi–, ARGIAn lanean hasi behar nuela esan nionean. Ez zebilen komunikabide hau berak militatzen zuen partiduaren ildoari pega-pega eginda, zabalagoa zuen linea editoriala. Horregatik kontuz ibiltzeko, ea kontrarioen ideiaren bat buruan sartuko zidaten.
Gauzak asko aldatu zirela pentsatzen nuen, baina gaur goizean ikusi dut Goienaren kontra margoketak egin dituela norbaitek. Eskualde horretan hauteskundeek utzi dituzten emaitzak kontrako eztarritik joan zaizkio antza, eta errudunen bat bilatu behar, non eta euskal prentsan. Hitzik gabe geratu naiz. Barka, ez, hitz bakarrarekin: lotsagarria.
Onartu beharko dugu presioak jasatea kazetarien soldataren barruan sartzen dela. Ez bakarrik pintaden bidez: nola ulertu, presionatzeko asmotik ez bada, joan den astean Gipuzkoako ahaldun nagusi berria izango den Markel Olanok euskarazko hedabide batzuk kontra izan dituela esanez egindako adierazpenak?
Eta presioak bakarrik badira, gaitzerdi: galdetu Iraitz Salegiri, bere kazetaritza lana delitu ote den epaitu behar dela iruditu zaie Madrilgo epaile batzuei.
Baliabidez beti justu gabiltza hedabide euskaldunak eta gezurretan ariko ginateke horrelako sustoek gure lana baldintzatzen dutela ukatuko bagenu.
Baina pressing horretan dena ez da ifrentzu: pintatzen dizkigute mantxetak alderdi baten edo bestearen siglekin, baina hori egin behar izateak adierazten du hedabide euskaldunok iritzi publikoan zerbait pintatzen dugula ere. Geroz eta gehiago gara komunikabide, geroz eta gehiago kazetari, baina euskarazik gabe. Geroz eta gehiago herri honetako gizarte-eztabaidaren ezinbesteko parte.
Badakit, ez da kontsolamendu handia gaur urduri samar lanean ariko diren Goienako kideentzat. Izan dadila bihar eta etzi ere egingo duten lanarentzat akuilu.
Eguneraketa (2015/VI/4 – 12:49)
Eneko Barberena Arrasateko EH Bilduren alkategaiak bere blogean idatzi du margoketei buruz. Ekintza hauteskundeen emaitzekin lotzearekin ez dago ados eta, nik ere horrekin lotu dudanez, garrantzitsua iruditu zait bere iritzia hona ekartzea.
Baten batek iradoki du sarean Arrasateko hauteskunde emaitzekin zerikusia duela gertaerak. Nik ez dut hala ikusten. Atzo bertan izan genuen Sortuko herri batzarra gaia aztertzeko eta bileraren tonua lasaia eta eraikitzailea izan zen. Ez gara gure emaitzen zama hedabideei botatzeko bezain itsuak politikoki. Gutxiago herri ekimenetik irten den hedabide bati. Mila arrazoi jarri ziren mahai gainean emaitzak azaltzeko, iradokitzaileak denak etorkizunean lan egiteko.
Ebidentea da esatea ez dudala bat egiten ez margoketen eduki ez formarekin. Auzolotsa eragiten didate eta adierazpen askatasuna sakon urratzen dute. Eta iraindu egiten gaituzte Goienako kolaboratzaile garenoi, izan artikuluak idatziz laguntzen dugunoi edota bestelako ekarpenak egiten ditugunoi.
1 Iruzkin
ba begira ni apur bat kezkatuta nago adierazpen askatasunaren atzean egon daitekeen guzti horrekin.
Ematen du “israel hilzaile” pintaketa batek (adibidez) ez gaituela mintzen, beraz ekintza baino (pintaketa) edukia da kritikagarria. Eta hemen paradoxa!
Adierazpen askatasuna aldarrikatuz pintaketa baten edukiarekin bat ez gatozenean orduan hasten zaizkugu komeriak.
Eta klaro euskalgintza tartean sartzen dugu kazetaritzarekin batera, biak objetiboak eta errealitatearen barnean baino, kanpan (edo hobe esanda gainetik) egongo balira bezala. Hori bai dela lotsagarria