Ados, liluratuta geunden, kasik fan batzuk bezala jokatzeraino. Duela zazpi bat urte izango zen: errenkadan irakurri genituen haren liburuak, zer diot irakurri, irentsi; probokatzailea zen, gauzak beste era batera pentsatzen lagundu zigun eta, lehenbizi Iruñera eta gero Bilbora etorri zenean, ez genituen galdu eman zituen hitzaldiak, ezta elkarrizketatzeko aukera ere. Fede berri baten proselitismoa egiten ari ginen? Zizekmania hedatzen bai, seguru.
Violence liburuarekin engantxatu nintzen Slavoj Zizeken jario teorikora, gaiak hemen zeuzkan inplikazioengatik eta, “etxean” indarkeriari buruz jai eta aste buklean errepikatzen ziren argudioez aspertuta. Liburu hura beste zerbait zen, haize freskoa bezala sartu zen denbora luzeegian itxita egondako gelan. Atzetik irakurri nizkion beste hainbat, batzuk lan teoriko sendoagoak –The sublime object of ideology, adibidez– eta beste batzuk han-hemenka egiten zituen hitzaldien spin-off modukoak, unean uneko gaiei buruz. Bonba bat zen Zizek, beti ezker progre politikoki zuzena dantzan jartzen.
Gero, nire kasuan behintzat, liluraren aparrak pixka bat jaitsi ziren. Horren kausa artikulu hau izan zela esango nuke non, nire irudiko, filosofoak planteatzen zuen betiko errezeta estatal-zentralizatzaileetara jotzea une hartako urgentziei (Grezia, M15) erantzuteko. Eta geroztik gutxiago jarraitu nuen. Agian desadostasun horrengatik. Agian, sinpleki, ultra-produktiboa den norbaiti buruz ari garelako: urtean lau liburu publikatzera iritsi da 2010etik aurrera eta ez nuen denborarik hartu horien artean alea eta lastoa bereizteko.
Kontua da, azkenaldian idatzi dituen lanen berri prentsak eman didala eta ez naizela gehiago murgildu argitaratu dituen nobedadeetan. Eta bai, badakit, hori esanda Zizeken oraingo jardunak ez nauela konbentzitzen defendatzen hasten banaiz, berehalako erantzuna izan dezaket: “Irakurri ezazu iazko XXXXX liburua eta ikusiko duzu nola oker zauden”.
Baina intelektual bat, are gehiago Zizek bezalako intelektual mediatiko bat, ez da liburuetan esaten duena bakarrik. Eta iaz Channel 4 katean egin zioten elkarrizketa honetan, guztiz erori zitzaidan, Clinton eta Trumpen artean bigarrenaren alde agertu zenean, gutxi konbentzitu ninduen argudiaketa batekin.
Gero ñabardura batzuk egin zituen BBCn, eta “tira”, pentsatu nuen, “irristaldi bat edonork eduki dezake, batez ere boutadegintzan hain saiatua baldin bada”.
Horrela nengoen, lagun batek hitz egin zidan arte iaz publikatu zuen liburuaz: Against the Double Blackmailen Zizek probokaziotik beste zerbaitera pasa dela uste du; iruditzen zaio errefuxiatuen krisiari buruzko saiakera horretan eskuin muturrak bere egin ditzakeen planteamenduak daudela –Mendebaldeko baloreak hobeak direla iradokitzea eta errefuxiatuen auzian militarrei aitortzen dien rola, adibidez–.
“Ikusi Al Jazeeran egin zioten elkarrizketa”, esan zidan lagunak. Hau da:
Elkarrizketa zorrotz bati eutsi ezin dion norbait ikusten dut saio horretako hamar minutuetan. Balantzaka dabil Zizek, erantzun bakoitza ematen noraezean ari den boxeolari bat bezala, berak idatzi duen zerbaiten aipu zehatzak defendatu ezinda, nokeatuta geratzeko arriskuan, kontraesanetan katramilatuta, bukaeran K.O. erortzen den arte.
Okerrena da, ez dela goi mailako eztabaida teoriko bat ere, oso oinarrizko kontuak eztabaidatzen dizkio Mehdi Hasan kazetariak. Eskatzen dio ez orokortzeko, ez sailkatzeko Europako eta herrialde musulmanetako herritarrak bloke monolitikoetan; galdetzen dio zergatik elikatzen duen “zibilizazio-talka”ren ideia, zergatik lotzen dituen ezaugarri kultural jakin batzuekin iazko Koloniako sexu-erasoak eta ez duen gauza bera egiten, baina balore europarrekin lotuz, Oktoberfesten emakumeen kontrako erasoak izaten direnean.
Eta filosofoa ez da gai erantzun argirik emateko. Agian jolas-ordua amaitu delako, problema gogorrak daudelako mahai gainean; probokazioak mugak dauzkalako, eta hori baino zerbait gehiago behar delako ahulenen kontra —kasu honetan errefuxiatuak— jarduten ez bukatzeko.
Uste dut Zizeki buruz hitz egiteko ordua iritsi dela. Edo, prezisoago, aldareetan eman genion lekuari buruz.
6 Iruzkin
Ikaragarria kazetariak ematen dion errepasoa. Ez dirudi Zizekek bere burua ezagutzen duenik bere testuetan. Eta hark ere, bideo hori ikusita,”poz gehiago izango zuen, albortik beha egonik”
Twitterreko mugak frustranteak dira eta gauza pare bat esateko gogoekin geratu naizenez, hementxe nago. Zizek gehiegi gurtua izan dela iruditzen zait, ezkerreko pentsalari garaikide BAKARRA bailitzan eta erreferentziatzat derrigorrean izan beharrekoa. Munduko gertakari guztiei buruz gauzak argituko dizkiguna. Neuk, pertsonalki, zineari buruz dituen filmak ikusi dizkiot eta ez askoz gehiago, libururik ez diot irakurri, enautelako gehiegi ere erakarri, liburu pila amaigabean lehentasunak ezarri behar direlako eta bere ikuspegi psikoanalista-marxista puntu bateraino besterik ez zaidalako interesatzen, sorkuntza kulturalak aztertzeko adibidez (inongo harrokeriarik gabe eta inor gutxiesteko asmorik gabe diot hau, besterik gabe, nik horrela bizi dut eta kitto. Esan bezala, ez naiz inongo aditua bere obran, baina ziur naiz probetxuzko gauza asko izango dituela). Hortik haratago, ba horixe, probokatzaile bat da eta medioetan abila orokorrean, gauza ez oso ohikoa ezkerreko pentsalarien artean. Orain, hori baina askoz gehiago eskatu nahi badiogu, geure kontua da eta iluminatuko duen norbaiten zain dagoen ezkerraren egoera petral eta ahularen isla ere bai, agian. Hanka sartu izan du eta baita buelta ematen saiatu ere, batzuetan beste batzuetan baina hobeto. Gauza normala hainbesteko sobreexposizioa duen pertsona batengan, hori ere hala da.
Halere, lehen esan bezala, garaien analisi mamitsu eta egokiak ere egiten ditu noizean behin eta nik behintzat youtuben topatzen dudanean, ba tarte bat eskaintzen diot. Azken finean, garaiotako pertsonaia ilustre bat da eta ez dago gaizki zer dioen jakitea. Orain, geure gurua bilakatze horrekin eskua aspaldi joan zitzaigun eta norbaitek esan beharra zeukan, dudarik ez.
Zizek gurtzetik Zizek egurtzera alde txikia dago, nonbait. Aurkezleak Zizek egurtzen du, bistan da. Baina jatorrizko ingeles hiztun batek helduaroan ikasi duen baten aurrean darabilen eztabaida desorekatua ikusten dut nik, batez ere, anglosaxoniar nagusitasunez, Zizeken ñabardurarik onartzen ez duen elkarrizketatzaileak.
Zizekek Trumpen garaipenaren “alde” egin zuenean niri ere krak egin zidan (ARGIAk gauza bera egin zuen, Trump hobetsiz Clintonen ondoan, are testu eta portada gogorragoarekin). Baina errefuxiatuen auzian aipatzen dituen eremuetan badago egia bat, gurean hain urrun ikusten dena (Europa beti urrun, Hegoalde hispaniko eta zuri-beltzeko honetan).
Errefuxiatuen krisiari erantzun behar zaio, noski. Gizatasun kontu bat da, ados. Baina analisia ezin da inola ere humanitarismo hutsean gelditu. “Gerrarik ez” ere esan ohi zen duela ez hainbeste. Eta ezkerrak ez badu analisi kritiko horren lekua hartzen, islamofaxismoa salatzen ez badu, munduko gatazka guztiak bere bizkar hartzen baditu eta kondeszentziaz begiratu gatazka horietako aktore guztiei, denak biktima balira bezala, han faxismorik ez balego legez, faxismoa posible ez balitz legez europarrek esku hartu gabe, nagusitasun arriskutsu baten dihardu ezker horrek. Kanpoko eskuin muturrari ezikusi egiteak etxekoa hauspotzea dakar. Burkiniaren aurreko jarrera negargarria adibide, arazoa zer jantzi balitz legez. Europako eskuin muturrarekin parekatzeko izuak faxismo erlijiosoaren mezuak bereganatzera eraman du, kultur aniztasunaren izenean. Islamofobia da modako berba, aspalditik bere burua ateo eta antiklerikal izendatu zuten ezkertiarrak gehien beldurtzen dituen hitza islamofobo deitzea da; ezkontza eta hiletetan ere Eliza zapaltzen ez duenak sinpatiaz begiratzen die meskita berriei, hurkoa ulertu guran islamaren prezeptuak zertxobait ikasi eta ramadana eta zapia eta “euren ohiturak” direnez, egokitu behar dela dio luze-zabal. Baina Aljeriako ateoei, feministei, baraurik eta zapirik nahi ez duten laikoei jaramonik ez.
Gai hauek nik baino askoz hobeto landu dituzte Aljeria, Egipto eta beste hainbat herrialdetako feministek. Baina hemen, konbertsoei eta klerikalei jartzen zaie arreta. Eta Koloniari buruz diharduenez, FNtik urrunago ezin egon den ahots bat aipatu gura nuke. Koloniako erasoez irakurri dudan iritzi kritiko eta errespetagarrienetakoa Marieme Hélie-Lucas aljeriar feministarena da. Horra pasarte bat:
“(ezkerrak) fundamentalismo musulmanaren arazoari aurre egiteari uko egiten dion neurrian, eremu ideologiko hori de facto eskuin mutur arrazistari uzten dio.
Nola ez ikusi fundamentalistek Europan egin berri dituzten aurrerapausuak, eta horien artean emakumeek espazio publikoan duten lekuarekiko aurkako abenduaren 31ko desafio bortitz hori adibide bat gehiago baino ez da… Betaurreko eurozentriko distortsionatuak ez du ikusten uzten Ipar Afrikan eta Ekialde Hurbilean gertatu zenarekiko antzekotasuna. Europan, “musulmanak” biktima edo gutxiengo zapaldu gisa baino ezin dira ikusi, eta horrek nonbait edozein jarrera bortitz eta erreakzionario justifikatuko luke, nahiz eta aski den muga gutxi batzuk igarotzea ikusteko, gehiengoa direnean edo boterea erdistean, nolakoa den haien programa demokraziari buruz, laizismoaz, beste erlijio batzuetako sinestunez edo emakumeez. Analisi politikoaren absentzia horrek egiteak ahalbidetzen du haien hazkundea Europan. Europaren zapalkuntza kapitalista eta xenofoboari esker, eskuin mutur integristari zuritu egiten zaizkio bere politika ultra-erreakzionarioak. Eta ez Europan soilik, baita haien jatorrizko herrialdeetan ere. A ze eurozentrismoa…
Ezkerrak eta feminista gehiegik lehentasunen teoriari heltzeak (“musulman” berrizendatutako migratzaileen defentsa esklusiboa mendebaldeko eskuin kapitalistaren aurrean), historiaren aurrean erantzun beharko duten akats izugarria eta gure herrialdeetako indar aurrerakoiak abandonatzea da, eta gizagabetasun absurdu horrek orban ezabaezina jarriko duen internazionalismoaren banderan”
Testua osorik irakurtzea merezi du. Hor behean daude estekak, jatorriz frantsesez, eta ingeles eta espainol itzulpenak.
http://www.siawi.org/article10591.html
https://dilipsimeon.blogspot.com.es/2016/01/marieme-helie-lucas-on-coordinated.html
http://www.sinpermiso.info/textos/los-ataques-machistas-coordinados-en-colonia-y-los-errores-eurocentricos-de-una-izquierda-europea
Mila esker zure ekarpenarengatik Urtzi. Puntualizazio batzuk egin nahi nizkizuke:
1) ARGIAk Trumpen alde egin zuela esaten duzu eta jakin nahi nuke zertan oinarritzen zaren hori esateko. Portada hau atera genuen Trumpen garaipenaren harira.
Uste duzu haren aldekoa dela?
Geroztik AEBetako presidenteaz dezente idatzi dugu, bide batez. Hemen ikus dezakezu: http://www.argia.eus/donald-trump
Eskertuko nizuke begirada bat botatzea eta, iradokitzen duzun horrek heldulekurik daukala iruditzen ote zaizun esatea.
2) Kazetariaren eta Zizeken arteko elkarrizketan batek ingelesa besteak baino hobe hitz egiteari buruz: Zizekek urteak daramatza ez bakarrik elkarrizketak ingelesez eskaintzen, liburuak ere ingelesez idazten baizik. Azentua du nabarmena, baina esan nahi duena ondo adierazteko gai da hizkuntza horretan.
3) Gurtu/egurtu kontuaz: hemen egin dudana egurtzea bada, oso azal fina daukagun seinale.
4) Zizeken azken liburutik hartutako aipu bat, esplikatzeko zergatik iruditzen zaidan marra pasa duela: “This is why the naive attemps to enlighten immigrants (explaining to them that our sexual mores are different, that a woman who walks in public in a miniskirt and smiles does note thereby signal sexual invitation, and so on) are examples of breathtaking stupidity. They are well aware that what they are doing is foreign to our predominant culture, and they are doing it precisely to wound our sensitivities”.
Benetan defendatu daiteke bortxaketak “foreign to our predominant culture” direla? Niri ezetz iruditzen zait.
Eskerrik asko, erantzuteagatik, Gorka. Gero Londresko erasoa iritsi eta ordutik ia astirik ere ez diozuna komentatzeko. Banan-banan joanda: ez nintzen zenbaki horretaz ari, “Zergatik den Hillary Clinton errebolberrarekin Trump baino arriskutsuagoa zela zioenaz baizik.
2, izan liteke,
3, txiste txarra, ados, egurtu kritikatu-ren sinonimo gisa ulertu.
4 da niri interesatzen zaidana, eta hemen klabea iruditzen zaidana, eta nik hor ulertzen dudana,lehen aipatu dudan autorearen bidetik doa, pasarte hori (Koloniako erasoen testuinguruan kokatzen dela ulertzen dut, ezta?). Zizek-ek dio bere burua ahaldundu duen emakume baten aurrean (nahi bezala jantzi eta burua jasota irribarre egiteko), eta ahalduntze hori bere balore garrantzitsuenetakotzat duen gizarte baten aurrean, gaitzetsi beharreko gizarte dekadente horren aurka jotzeko bide gisa ere badarabiltela sexu-erasoa Koloniako erasotzaileek (hala ere, denak migratzaile balira ere, nahiago beste kategoria bat erabiliko balu, jihadismoaren haritik).
Berriz diot, jazarpenari ihesi datorrenari gizatasunez babesa ematea ez da eztabaidagaia nire ustez. Kolektibo baten nagusitzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionariekiko ezkerraren begirunea da kritikagarri, eta ideia horien azpian uztea erlijioa/estatua bereizketa, laikotasuna edo emakumeen ahalduntzearen defentsa. (Ustezko) gehiengo kontserbadore klerikal horien alde indarrak xahutu ordez, (ustez, berriz ere) gutxiengoa izan arren berdintasun ideia unibertsalak defendatzen dituzten horiei ahotsa ematea da gakoa.
[…] Galfarsorok artikulu bat idatzi du Lapiko Kritikoan Slavoj Zizek defendatzen eta blog honetan argitaratu genuen post bat zeharka aipatuz. Jarraian datorrena erantzun bat da, artikulu horrek nire ustez egiten dituen […]