Gertatuko zitzaizuen: leku guztietan sekulakoa balitz bezala iragarri duten pelikula edo telesaila ikusi ondoren, frustrazio pixka batekin, “ez zen hainbesterako” esaten bukatu duzue. Eta azkenaldian inoiz baino gehiagotan gertatzen zaizue.
Lasai, ez zaudete seko mikaztuta –edo agian bai, azken bi urteetan denok gaude pixka bat; zer esanik ez urte sasoi honetan–, baina sormen-lanek horrelako frustraziotxoak maiz samar probokatzea beste zerbaiti ere zor zaio, nik uste: hype-aren kulturak gaur egun daukan nagusitasun erabatekoari.
Hype terminoa erabili izan da jarrera bat deskribatzeko: kontsumo kulturalean beti “hurrengo gauza handia”-ren bila aritzea. Kulturzaleen ekosistemetan nahikotxo zabaldutako joera, sormen-lanak modu etapistan ulertzean oinarritzen da. Alegia, argitaratzen den gauza berri bakoitzak automatikoki aurrekoa gainditu behar duela fede handiz sinestean. Horren eskutik etorri ohi da zerbait berria agertzen den bakoitzean modu hiperboliko samarrean jardutea.
Berritasuna eta exajerazioa dira kontu honen giltzetako bi beraz. Hirugarrena berriz –eta frustrazioekin zuzenean lotuta dago–, nobedadeek espektatiba handiegiak eragitea.
Edozein adierazpide kultural kontsumo-gai denetik existitu den zerbait izango da segur aski, baina badago zerbait garai hau bereziki hype eta, beraz, publikoarentzat bereziki dezepzionagarri bihurtzen duena. Eta nik uste dut zerbait hori dela promozioan jartzen den indar neurrigabea.
Ikus-entzunezkoetan ikusten da argien, beharbada: ohituta geunden zine-aretoetan hurrengo estreinaldien trailerrak ikustera edo alor horretako hedabide espezializatuek filma bukatu gabe ere errodatzeari buruzko xehetasunak publikatzera. Baina streaming plataformen agerpenarekin, hesiren bat gehiago erori dela iruditzen zait: orain ez dira hedabide espezializatuak, denak baizik, etengabe estreinatzen diren telesailen berri ematen dutenak, “galdu ezin dituzun” ekoizpen gisa aurkeztuz.
Diziplina guztietan ikusten dira antzeko mezuak: “Udaberri honetan irakurri behar zenituzkeen 10 liburu”, “aurten denen ahotan izango diren erakusketak”, “ezagutu ezazu Youtuben milioika erreprodukzio dauzkan X musikaria”… Prentsa kulturala promozio-lanetara zenbat eta makurtuago, orduan eta leku handiagoa puztutako aurreikuspenentzat, baita ondorengo frustrazioentzat ere.
Ez da hedabideetara mugatzen den zerbait gainera: sare sozialei esker, irudimen pixka bat horretan gastatu nahi duen edonoren eskura dago argitaratu behar duen lanari buruzko espektatibak sortzea. #GauzatxoakDatoz batekin has daiteke; ingurukoek –eta algoritmoek– egingo dute gainontzekoa zorte pixka batekin.
Zerbait publikatu aurretik egiten den marketin horren arazoetako bat, hain zuzen, publikoaren irudimena da: ezer ikusi, irakurri edo entzun aurretik, dagoeneko osatu du bere buruan etorriko denaren zirriborro mental bat. Bakoitzak berea, alegia. Eta zailagoa da gero esku artera iritsiko zaionak horrekin bat egitea. Obra ona, oso ona izan arren, “hobea espero nuen” esaten bukatzen duzu.
Hype-ak ez dauka txertorik, segur aski. Baina badira moduak gure garaiko gaitz hau eramangarri egiteko: lan kultural baten aurrean jartzean, hura bere singularitatean kontuan hartzea, adibidez; eta ez espero izatea, “hamarkada hau definituko duen” zerbait –etorkizunean gaurko kontuez egingo diren kontakizunetan gehiegi pentsatzea ere hype kulturaren parte baita–.
Baina batez ere, promozio-aparatu industrial zein domestikoen arrabola diskurtsiboen gainetik, bakoitzak bere hitzak bilatzen saiatzea da nire ustez gakoa, norbera aritu dadin ikusi, irakurri edo entzun duen horrek eragin dizkion sentsazioez; eta ez industrialki ekoiztutako esaldiak errepikatzen, ulertzera iritsi gabe zergatik filmaren amaieran sentitzen duen hutsune txiki eta deseroso hori barruan.
1 Iruzkin
[…] Osorik irakurri […]