Trumpak egiten neure buruari
Trumpak: Trump-ek neure buruari egiten dizkion tranpak.
Nik, egia esan, irakurri ditudan hainbeste gauzarekin erabat galdu dut haria. Lehenik eta behin, Huawei eta 5G-rekin hasi zen, eta erabaki batzuk hartzera behartu zuen Google. Ondoren, beste mamarratxada batzuk egingo zituen hor nonbait eta orain Txinatik datorren guztiaren aurka doa, Tik-Tok eta Wechat gisako app-ak barne.
Aplikazio indibidualak zigortzea eta aplikazio horien zuzendaritzak kudeaketa estatubatuar, edo herrialdeari dagokion, bat onartzera behartzea ez da irtenbide bat. Akaso dirudunentzat bai, baina herritarrontzat ez. Esango nuke Trump-ek ondo dakiela hau, horregatik egiten dizkio trumpak neure -eta zeure- buruari.
Ez zait argi geratu noiz itzali zuten PRISM.
Tik-Tok erabiltzaileen datuak biltzen ditu? Noski baietz. WeChat erabiltzaileen datuak biltzen ditu? Noski baietz. Txinako edozein aplikaziok biltzen ditu erabiltzaileen datuak? Noski baietz. Tik-Tok-ek Instagram-ek baino datu gehiago edo Wechat-ek Whatsapp-ek baino gehiago biltzen ditu nork bere erabiltzaileen artean? Ezin dut esan baietz, noski, baina ez dut uste oso oker ibiliko naizenik esaten badut datu-bilketa Txinako arerioena baino askoz etikoagoa izango ez denik. Benetan kezkatu behar nau nire datuak txinara joateak? Estatu batuetara joatea kezkatu beharko nindukeen beste. Ez gehiago, ez gutxiago.
Estatu Batuak ez dira askatasunaren ordezkariak.
Trumpek ezpata askatzea erabaki du eta Estatu Batuetako aplikazioetako txinatar arerioei aurre egitea, horretarako pribatutasunaren eta subiranotasun nazionalaren komodina (edo komedia) erabiliz. Gaizki ulertutako subiranotasun nazional paternlista bat, dena aipatze aldera.
Oraintxe bertan, erronka garrantzitsu baten aurrean gaude. Gizarte gisa aurre ez egitea erabaki dugun kontu sakonei arreta jartzen hastea. Laburrago esanda, plataforma digitalak arautzea.
Inork ez digu tranparik egingo. Ezta ileordea ondo itsatsita duen horrek.
Ezin dugu ahaztu, gehienetan gertatzen den bezala, arazoa ez dela teknikoa, baizik eta politikoa eta ekonomikoa: gaileten munstro bat sortu dugu. Aplikazio horiekin sortzen ditugun datuak bildu, aztertu, egituratu eta dirutan errentagarri bihurtzen dituen app-ekonomia edo kappitalismo berria. Kasurik onenean, datu horiek iragarki gisa merkaturatzen dituzten enpresei salduko dieten gaileten munstroak. Batez beste, aplikazio batek erabiltzaileen datuak bost enpresatara bidaltzen dituela esaten dute zenbait ikerketek, eta egunero-egunero erabiltzen ditugun aplikazioen ehuneko handi batek hamar tracker baino gehiagotara bidaltzen ditu gure datuak.
Eta berdin dit Tik-Tok edo Wechat edo Instagram edo Whatsapp deitzen diren.
(Txinara edo Estatu Batuetara bidaiatu gabe, Euskal Herrian garatzen diren aplikazioen inguruan ere, egunen baten, hitz egitera ausartu beharko naiz. Badago zer aipatu eta!).
[…] Beraz, garapen teknologikoa puru gisa ikusteari utzi behar diogu. Neutrala eta soilik teknologikoa. Boterearen elementu estrategikoa delako. Ezkutuko konkistatzailea. Gizateria osoa mendean har dezakeena. Herrialdeei zuzenean men egiteko edo etorkizunean erabili beharreko abantaila estrategiko eta politikoak aurkitzeko lan egiten duen konkistatzailea. Biztanleria teknologia jakin batzuen mende egoterakoan, barne egitura ekonomikoak moldatzera bideratu daitekeelako. Adibidez, industria arakatu eta geldiarazi dezakezu. AEBei eta Txinari begiratu besterik ez dago. Android eta Huawei. […]