Copyleftaz bi hitz eta argudio gaupasero bat

Bizitzak aurrera egin ahala, uste dut gauza geroz eta gutxiago ulertzen ditudala. Adibidez, astelehenean eztabaida handi samarra piztu zen lizentziamendu eredu baten inguruan. Hitz egin dezagun horretaz.

Gertatutakoa laburbiltzen saiatuko naiz, eta esan gabe doa ezin didala inork eskatu, kazetaritzak ustez berezko beharko lukeen inpartzialtasuna. Ni ez naizelako kazetaria. Beraz, barkamena eskatzen dut aldez aurretik:

Argiak Aiurri.eus-eko artikulu bat kopiatu eta bere webgunean jarri zuen, Aiurriren lizentziak horretarako ematen dion aukera baliatuz. Lizentzia Creative Commons BY-SA (aurrerantzean CC BY-SA) da. Lizentzia horrek dio, oro har (sakondu nahi duenak hemen egin dezake), edozein pertsona dela libre lizentzia hori duen lan bat partekatzeko eta egokitzeko edozein helbururekin, baita helburu komertzialarekin ere. Hau da, kopia bat egitea eta berau partekatzea zilegi dela. Baina askatasun horiez gain, betebehar batzuk ezartzen ditu, noski, kopiak edo eratorriak jatorrizko lana aitortu behar duela eta lizentzia berarekin partekatu behar dela. Honaino, dena ondo. Hurrengo egun baten, Twitterren -hau da, publikoki-, eztabaida sare sozial iragankor baten gehiago ez elikatzeagatik aipatuko ez dudan txio batek (bere iritzia eman nahi duenak eskura dauka bide hau eta beste hau, txioak baino askoz eraginkorragoak eztabaidarako), Argiak egin zuena legezkoa zela jakinda eta onartuta ere, etikarik ez izatea salatu zuen.

Bada, nik, copyleftean eta kultura librean interesatuta nagoenak, Argiak beste komunikabide batzuetako edukiak hartzen dituela jakin badakit. Are gehiago, hori egitea desiragarri deritzot. Argi gera dadila: lizentziak ezartzen dituen legezko baldintza guztiak betetzen badira (gogoratu: aitortza eta kopiak lizentzia bera izatea). Argiak beti betetzen ditu. Hala ere, artikulua ikustera joan nintzen. Argi zegoen jatorrizkoa modu egokian aipatzen zela, eta Argiaren lizentziak -Aiurriren berdina-, baldintza egokia betetzen zuela zilegizko kopia bat egiteko. Honaino, dena ondo. Erabat onargarria zen Aiurrik aukeratu zuen lizentziapean Argiak egindako kopia.

Bada, non da arazoa? Egia esan -artikulu hasieran aitortu dut-, ez daukat argi. Ez dut arrazoiketa guztiz ulertzen. Nire enpatia falta izan da, akaso. Are zailagoa egiten zait ulertzea, txioan onartzen bada maila legalean dena ondo zegoela. Baina errepikatzen hasia naiz.

Egin dezagun aurrera. Gehien interesatzen zaidana, ez delako albistea bere horretan, baizik eta sortutako eztabaida: askok elkarrizketa eremu positiboetara eraman nahi izan zuten, eta hori zoragarria iruditzen zait -are gehiago Twitterren-. Baina nire ustez, egindako proposamenak ez dira gauzagarriak. Akordio bat egitea proposatzen zuten, non komunikabideek onartu dezaketen ezin dela beste batzuen lan bat kopiatu ordu batzuk igaro arte (adibidez, 24 edo 48 ordu, baina denbora tartearen zenbatekoa ez da garrantzitsua). Eta horrek lizentzian aldaketa ekarriko lukeenez, ez nago proposamenaren alde. Zergatik? Oso erraza: Creative Commons erabiltzea, edozein dela lizentzia, mundu mailan aztertuta dauden lege-baldintzak eskaintzen dituelako, eta “gu desberdinak garelako” aldatu ezin ditugun lan-moduak. Hau da, ez nago ados, proposamena onartuko balitz, Creative Commnos lizentzia guztiak zentzua galduko luketelako. Eta orduan, zertarako beharko genituzke? Gure asmoa informazioaren eta kulturaren zirkulazio askea bermatzea bada, eta nire asmoa hori bada behintzat, ezin ditugu copyleft lizentziak aldatu. Ezta ondo hausnartu eta aztertu gabeko termino berriak asmatu ere. Copyleft izateari uzteaz gain, euskarri legal gabe geratuko ginatekeelako!

Nire ustez -eta hemen bai egiten dut bat zenbaiten ikuspuntuarekin-, arazoa pedagogikoa da. Hasiko naiz esaten, lan egiteko modu zaharrekin amaitu behar dugula. XVIII. mendetik aurrera martxan dagoen copyright-a garaitu behar dela. Garaitu. Hasteko, formatuak eta teknologiak ez direlako XVIII. mendan ziren berdinak, baina, batez ere, behar sozialak ere ez direlako berdinak. Eta nola egiten zaio aurre horri? Copyleft-a sustatzen duen edozein lizentzia erabiliz, horien artean Creative Commons-etako batzuk (libreak diren Creative Commons lizentziak 3 dira: CC BY-SA, CC BY eta CC0. Hauetatik bakarra da copyleft, CC BY-SA). Nire ustez, arazoa komunikabide baten lizentzia inertziaz ezarri izana da eta ez ohartu izana elkarrizketatuak ez zuela albiste horren hedapenik nahi Aiurritik kanpo, baina ezarritako lizentziak bermatzen zuela hedapena.

Lizentzia bat hausnartu egin behar da, ez inertziaz dagoena jarri.

Garrantzitsua da nire iritziz etorkizunerako hiru gauza azpimarratzea, amaitzen joateko. Lehenengoa: lizentzia bat onartzen eta ezartzen denean bere eskubide eta betebehar guztiak onartzen eta ezartzen direla. Bigarrena: edozein arrazoirengatik sortutako edukia zabaltzea nahi ez bada, agian beste lizentzia bat aukeratu beharko litzatekeela lan horretarako (kasu honetan artikulu horretarako). Eta hau, lana argitaratzen duenak egin beharko lukeela (kasu honetan Aiurrik). Eta hirugarrena da guztien artean nabarmenena: mundu mailan denek onartzen badugu semaforoa berde dagoenean, bidea gurutzatu dezakegula, ezin da inor etorri esatera bere kalean ezin dela berdez gurutzatu. Ezta argi eta garbi berdea den argia laranja dela onartzera inor behartu. Kasu horretan behar dena ez delako semaforo bat. STOP bat baizik.

Zer nahi duzue nik esatea. Ez naiz kazetaria eta ez naiz jurista, baina erabat sinetsita nago euskarak eta euskarazko kulturak oro har behar-beharrezkoa dutela copyleft-a. Hala ere, dirudienez, egindakotzat jotzen genituen gauza asko berrikusi eta berriz hausnartu beharko ditugula dirudi.

Ongi etorriak blogeko ikasturte berrira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.