Arduragabekeria digitala

Esango nuke telefono mugikorrean instalatzen ditugun aplikazioak arduragabekeria handiz instalatzen ditugula.

Hau da, gure telefonoan aplikazio bat instalatu orduko ez dugula sakoneko – kasu gehienetan ezta azalekoa ere – azterketa burutzen. Garatzailea nor den, aplikazioak zer egiten duen, nora konektatzen den, zertan lagunduko digun edo zein den garatzailearen etekina – gehienetan doako – aplikazio hori instalatzekotan.

Yonki digitalak garela onartu beharrean gaude. Ezinbestekoa zaigun dosi berriaren bila. Etengabe.

Gure telefono mugikorretan azken aplikazio moloia instalatuta nahi dugu. Eskaintza agortu orduko. Ustez, gainera, gure sistema eragilearen aplikazio dendan dauden produktu guztiak seguruak eta pribatuak direla.

Baina, lagunok, hori ez da inondik inora denda hauen errealitatea.

Azken egunotan Face App aplikazioa bolo-bolo ibili da gure telefono mugikorretan. Igandean nire gurasoekin jaten nengoela, ea probatu nuen galdegin zidaten. Aho bete hortz utzi ninduten. Denok nahi izan dugu – behintzat askok nahi izan dute – Face App aplikazioak erabiltzen duen adimen artifizialak norberaren selfiearen prozesamendua burutzea. Atso horrek zein itxura izango duen jakiteko asmoz.

Behar horrek zein fetitxismori erantzuten dion psikologo on batek azaldu beharko digula uste dudanez, pribatutasunean zentratuko naiz.

Face App bezalako aplikazioen helburua ez da edadetzen garenean nolako aurpegia izango dugun erakutsiz gure barreak – edo beste batzuenak – eragitea. Barre horrek ez diolako garatzaileari inongo etekin ekonomikorik uzten. Lagunok, mundu puta honetan, app garatzaile gehienek, etekin ekonomikoa nondik aterako den pentsatzen dute kode lerro bakarra idatzi orduko.

Aste bakarrean zaku bete selfie lortu dituen Face App-ak, mundu mailako profil desberdinak lortzeko aukera izan du: umeak, gazteak, helduak. Zuriak, beltzak, mestizoak. Emakumeak, gizonak. Bururatzen zait, big data teknikak aplikatuz, asko ikasi dezakeela aurpegi ezagutza hardwareak saltzen duen enpresa batek. Edo bere biztanleria zelatatu nahi duen gobernu totalitario – edo ez hain totalitario – batek.

Kasurik onenean zure telefonoan spywarea instalatzeko aukera handiak dituzu.

Baina ez da aplikazio hau etorkizunean arazoak sortu ditzakeen lehen aplikazioa. Hala balitz gaitz-erdi! Egiari zor, beldurra ematen didate eskumuturrean eramaten ditugun kirol monitore horiek. Guraso batzuek beraien seme-alabak non dauden jakiteko erabiltzen dituzten GPS jarraipen sistemek. Irensten ditugun kalorien zenbaketa egiten duten aplikazioek. Beraien etxeetan lagun batzuek jartzen hasi diren bozgorailu adimendunek… eta luze jarraitu nezake.

Beldurra ematen dit, laburbilduz, jendarte honek datuak modu hain arduragabean oparitzea. Kappitalismoaren erroak gure sukalderaino sartu izanak beldurtzen nau. Funtsean, zure selfie horrekin, nire aurpegiaren azterketa sakona egiteko aukera oparitu izana.

3 erantzun “Arduragabekeria digitala” bidalketan

  1. Osoitz(e)k dio:

    FaceApp aplikazioarekin zalaparta apur bat sortu da, baina ez da inondik inora memelokeri batetarako irakurri gabe onartzen diren baldintzen artean gauza oso deigarriak dituen aplikazio bakarra, ala balitz!

    “zure telefonoan spywarea instalatzeko aukera handiak dituzu” diozu. Egia esan Play Store dendatik instalatzen diren doako aplikazioekin ia ziurtzat jo daiteke spywarea, ondorio horretara heldu ziren Exodus Privacy eta Yale Privacy Lab taldeetako ikertzaileak eta aholku bakarra ematera ausartu ziren, hobetsi F-Droid biltegiko aplikazio libreak:

    https://www.wired.com/story/android-users-to-avoid-malware-ditch-googles-app-store/

    Exodus Privacy-k badu Android aplikazioetan txertatuta dauden tracker edo jarraitzaileak antzematen dituen tresna bat, ez da perfektua, honen arabera Facebook nahiko garbi legoke, kar, jakina, Facebook bera delako spywarea, baina gutxienez itxura inuzentea duten beste aplikazio batzuk txertatuta dakartzaten arkakuso datu-xurgatzaileak detektatzeko ondo dago:

    https://play.google.com/store/apps/details?id=org.eu.exodus_privacy.exodusprivacy

    • Dabid(e)k dio:

      Kaixo Osoitz,

      Bat nator erabilera baldintzen inguruan egiten duzun hausnarketarekin. Horrexegatik aipatzen nuen, aplikazio bakarra balitz gaitz-erdi.

      Ez nuen ezagutzen aipatu duzun aplikazio hori, aztertu, probatu eta erabilgarria bada hack.in#badakigu-ren pribatutasun tailerrean sartuko dut.

      Eskerrik asko txo!

      Ondo izan 🙂

  2. […] Dabid Martinezek Argia aldizkariko Leihotik Ihesi blogean. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude