Eta debalde ematen diot herriaren aurikularrari

Durangoko Azokaren baitan, Gotzon Barandiaran idazlearekin eta Miren Narbaiza musikariarekin batera, Axi Lopezek moderatutako mahai-inguru batetan parte hartu nuen Argia-k gonbidatuta. Bertan, Creative Commons lizentziek (aurrerantzean CC), eta oro har lizentzia askeek, euskal kulturgintzari egin dieten ekarpenaren inguruan eztabaidatzeko aukera izan genuen.

Interesgarria deritzot, bertan defenditu izan nituen zenbait arrazoinamendu idazteko tarte bat – bat baino gehiago agian -, hartzea eta zuokin guztiokin argumentazioa konpartitzea. Izan ere, gai interesgarria izateaz gain, oraindik euskaldunok jorratu beharreko zirrikituak baino, autobide osoak daudela uste baitut.

Niri egokitu zitzaidan kultura librea zer den zehaztea, eta modu ulergarrian egin nahi izan nuen. Hobekien kontrolatzen dudan gaia adibidetzat jarriz, software librearena. Izan ere, nire ustez kultur egitasmo bat librea dela esan ahal izateko, software librean bezala, lau baieztapenetan oinarritu behar gara. Hauetako bakarra falta badu, nekez uler nezake obra libre bezala. Lehenik eta behin, obra horren lizentziak, asmoa edozein delarik, lana erabiltzeko askatasuna eskaini behar du eta, era berean, lana banatzeko askatasuna bermatu. Baita, lana aldatzeko eta hobekuntzak egiteko eskubidea abalatu.

Nire aburuz, hiru dira askatasun guzti horiek bermatzen dituzten Creative Commons Lizentziak: CC Zero, CC BY (aitortu) eta CC BY-SA (aitortu-partekatu berdin). Hortik aurrera gure lanari muga gehiago jartzeko askatasuna ere badugu, noski. Adibidez, CC NC (ez komertzial) eta CC ND (ez eratorririk) klausulak erabiliaz batera copyright-a leunduz. Baina, azken hauek, ez lukete bermatuko lan horren askatasuna. Hona hemen, CC lizentzien inguruan berba egiten dugunean, sarritan, egiten dugun akatsa: CC lizentzia guztiak libreak direla pentsatzea.

Ez da horrela.

Esango nuke, gainera, ezjakintasun nahikoa dagoela azken klausula bien inguruan berba egiten dugunean.

Ez komertziala klausula erabiltzearen inguruko arrazoinamendurik sendoena, zera dela ondorioztatu dut sortzaile askorekin gaia komentatu eta gero: enpresa handiek guk egindako lanaren etekin ekonomikoa ateratzeko aukera ahalbideratzea. Aipatu nahiko nuke enpresa handi horiekin jokatzen dugun era berean, maite ditugun beste zenbait proiektu txiki kaltetzen ditugula gure lana ez komertzial bezala katalogatzen dugunean. Utzidazue zergatia hurrengo artikulu baten azaltzen.

Bukatzen joateko, libre eta doako hitzen artean nahaste handia dagoela aipatu nahiko nuke. Estigma horrekin behingoz bukatu behar dugulakoan nago. Librea izateak, ez du esan nahi halabeharrez doakoa izan behar duenik. Hori baino ez genuen falta, gure lanagatik ezin kobratzea! Kultur askeak ez dio erreferentzia egiten diruari – ez behintzat modu zuzenean -, askatasunari eta erabilera baldintzei baizik. Prezioaz ere aritu izan ginen mahai inguruan, kobratzeaz. Eta hala badagokio, zenbat kobratzeaz.

Baina beste egun baten jarraitzeko lizentzia onartuko didazue. Azken arrazoinamendu hau askoz sakonagoa baita eta dagoeneko nahikoa luzatu naiz.

Euskal hezkuntzaren egoera teknologikoa kontutan hartuta…

Aurreko blog bidalketa baten aurreratu nizuen moduan, Durangoko Azokako igandean, Hezkuntzan ere Librezale taldeak azken asteotan landutako komunikatuaren berri eman zigun. Sarean aspaldi irakurri daiteke komunikatu hori, izan ere, eragile desberdinei berau aurkeztu eta sinatze fasean egon da taldea Durangon aurkeztu orduko.

Bost dira Hezkuntza ere Librezale taldeak plazaratzen dituen hausnarketak, Administrazioari eskari zuzena eginez eta irakaskuntza komunitateari ohar desberdinak luzatuz. Honela laburtu genitzake: ikasleen datuak esku pribatuetan utzi ordez, datu horien pribatutasuna bermatuko duen sistema baten alde egitea. Chromebook gailuen zaharkitze programatua dela eta, arduragabekeria dela berauen alde egitea. Gailu horietan euskararen presentzia enpresa zehatz batzuen eskutan geratzen dela salatzea, are gehiago, gailu hauen zenbait atal euskaraz ez daudela ohartaraztea. Ikasleak behin eta berriro tresna berdinetara mugatzea hezkuntza digitalaren murrizketa ekarriko duela. Bukatzeko, Microsoft-en eta Google-en azpiegiturak erabiltzea, hezkuntza komunitatearengan, dependentzia sortuko duela.

Argi dago Hezkuntzan ere Librezale taldearen komunikatuaren kontra argumentatu nahi duenak, ezin izango duela egin dokumentuaren argumentu faltagatik.

Administrazioari interpelazio zuzena eginez, honela bukatzen da komunikatua: Administrazioari dei egin nahi diogu digitalizazio prozesuan gidaritza eta laguntza teknikoa egin dezan, azpiegitura libre, jasangarri eta ahaldunduko gaituena ezartzeko; eta ez dezan soluzio komertzial interesatu baten esku utzi gure ikasleon hezkuntza digitala.

Gogoratu Hezkuntzan ere Librezaleren komunikatu osoa irakurri nahi duenak, sarean duela eskuragarri. Irakurketa bat, gutxienez, merezi du. Are gehiago kontuan hartzen badugu, ez direla gutxi izan komunikatu honen alde beraien sinadura utzi duten eragileak.

Bada, bat egiten dut, hitzez-hitz, komunikatu honekin, eta nik ere uste dut badela garaia prozesu honen inguruko eztabaida emateko. Hain zuzen ere, hori da, Kabi@ gunean eztabaidatu genuen gaietako bat eta etorkizun hurbilean eman beharreko pausuak zeintzuk diren zirriborratu genituen. Hala nola, hurrengo bileraren data otsail aldera zehaztu genuen, posibleki Eibarren.

Beraz, adi ibili, eta ni/gu bezala bost puntu nagusi eta eskari hauekin bat egiten baduzu, Hezkuntzan ere Librezale-ren Telegram taldean edo Matrix gelan sartu, informatu eta zure ingurua aktibatu.

Birprogramatua izateko prest

Bihar, ISF-MGI erakundeak gonbidatuta, Bilboko Ingeniaritza Eskolan hitzaldi bat emango dut. Garapen, Lankidetza eta Teknologiari buruzko mintegiaren baitan. Joan den asteko asteburuan, mintegian erabiliko dudan aurkezpena azkendu nuen. Eta azken momentuan izan nuen ideia batek, proiektu batek eraginda, aurkezpenaren zati bat berregitera behartu ninduen.

Partaideei burujabetza teknologikoa irudikatzen laguntzeko moduko adibide desberdinak zerrendatzen nituen bitartean, Latinoamerikan azken urte hauetan zehar garatu duten proiektu baten berri izan nuen. Oso berritzailea, baina ez maila teknikoan. Politikoan baizik. Proiektu horren berri izateak, argi txiki bat piztu zuen nire buru handi honetan. Argi horrek, teknologia autogestionatuek, teknologikoki berritzaileak, halabeharrez izan behar ote diren galdetzera bultzatu ninduen. Behin nire erantzuna aurkitu eta gero, beste proiektu teknologiko burujabeki bideragarrien bila aritu nintzen.

Baina maila politikoan, ez teknologikoan.

Izan ere, uste dut, teknologiaren munduan modu batera edo bestera – zeharka bada ere – lan egiten dugunok (ez ulertu lan hitza kontzeptu merkantilista bezala), beti gaudela azken tendentzia teknologikoen bila. Behintzat, garatutako herrialdeotako zuriok. Agian lanaren eraginez, punta-puntako teknologien bila. Aktibistok, teknologia guzti horiek, ezinbestean, txertatu behar ditugulako eragile politiko eta sozial desberdinetan.

Bada, oso oker gaude.

Burujabetza teknologikoa lantzen duen proiektu jakin batek berritzailea dela esan ahal izateko, ez du zertan teknologikoki berritzailea izan behar. Are gehiago, ez du zertan ezta jakintza teknikoan oinarritu behar. Eta zer esanik ez, ez du zertan ekonomikoki sostengarria izan behar. Hobe bada, bai, baina nahikoa luke balio erantsi politiko positibo bat eskaintzearekin.

Eta gehiago baloratu beharko genuke balio politikoa, ekonomikoa edo teknologikoa baino.

Badira urte asko – aitortu nahiko nituzkeenak baino gehiago -, GNU/Linux erabiltzen hasi nintzenean, zera esaten niela sistema eragile honen inguruan galdetzen zidatenei: “Software librea, maila teknikoan pribatiboa bezain ona da, eta kasu gehienetan hobea. Eta izango ez balitz ere, maila etikoan askoz bideragarriagoa den heinean, berau erabili eta sustatu beharko genuke aktibista guztiok. Software librea ez du zertan teknikoki berritzailea izan behar, nahikoa litzateke, etikoki, filosofikoki eta moralki hobea izatea lortuko bagenu.”

Zorionez biak lortu ditugu. Naiz eta aurkezpen batzuen diapoak sortzen ditudan zenbait kasutan, bigarren zatia nabarmentzea eta horretan bakarrik zentratzea ahazten zaidan. Adinaren kontua agian. Mea culpa.

Laburbilduz: norberaren burua maila kritikoan birprogramatzen egon behar dugu etengabe – kontrako ustea nagusitzen bada ere -, adinak ez digulako perspektiba ematen, hausnarketak baizik. Batzuetan, konturatzen garenerako, kanpoan nagusitzen den sistema ekonomikoa gure barnean ere sustraitzen delako. Adi ibili!

Sistema biometrikoak

Gogoan dut nola FOSDEM-era joan nintzen azken urtean Bruselako kale guztiak stencil formatuan eginiko pintaketaz beteta aurkitu nituen. Pintaketa horien helburua argia zen, inguru horretan – normalean pintaketaren goiko aldean – segurtasun kamera bat begira zeneukala adieraztea. Kamera horien begiradaz libratzeko balio ez bazuten ere – berandu ikusten zenituelako -, oso interesgarria deritzot, hamar metrotik hamar metrora, kamera horiek guztiek gure zaintza egiten ari zirela jakitea.

2020an burutuko dira Japonian joko olinpikoak. Bertako gobernuaren arabera segurtasuna bermatuko duten milaka kamera jarriko dituzte. Kamera hauen teknologiak algoritmo matematikoak erabiliko ditu bertaratzen diren pertsona guztien zaintza egiteko. Segurtasuna, eta oro har zaintza, negozio itzela da. Are gehiago 11S-a eta gero.

Hatz markak detektatzeko gai diren algoritmoak etengabe erabiltzen hasiak gara. Behin baino gehiagotan egun berean. Jada ia guztiok daramagu honelako gailu bat gure telefonoan. Are gehiago erabiltzen da teknologia hau Espainiar estatuan langile guztien ordu kontrola legez eraman behar denetik. Hatz marka irakurtzen duten fitxagailuak izan baitira enpresa txikiek – eta ez hain txikiek – legea betetzeko aurkitu duten teknologiarik merkeena. Jakin nahiko nuke sistema horiek RGPD legea betetzen duten.

Irudikatzen duzue zer gertatuko litzateke horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa baten – edo batzuen – datu baseak konprometituko balira? Funtsean, zaku bete datu biometriko pribatu egongo liratekeela eskuragarri.

Hatz marka horiek ezabatzeko dugun gaitasun ezari erreparatu.

Datu biometrikoak identifikatzeko erabiltzen diren sistemak akatsak dituzte. Adibidez, pertsona beltzak identifikatzeko orduan arazoak dituzten softwareen existentzia ezagutzen dugu – agian zuri batek programatuko zituelako -. Baita positibo faltsu kopuru handia ere. Asko laburbilduz, sei dira derrepente bururatzen zaizkidan arazo nagusiak: I) Datu biometrikoak bakarrak, iraunkorrak eta ezeztaezinak dira, II) publikoak dira, eta erraz lor daitezke, III) erraz erreplika daitezke, IV) identifikatu nahi ez den pertsona bat identifika dezakete, V) pertsona bat identifika dezakete bere ezagutzarik gabe eta, bukatzeko, larriena VI) nire aburuz, biometriaren arazo nagusia da datu horiek lapurtzen badituzte, betiko lapurtuko dituztela.

Datu biometrikoen ezagutza burutzeko softwareak 60. hamarkadan garatzen hasi ziren. Hain daude garatuta, non, guk jakin gabe, gure aurpegiaren aztarna digitala ateratzeko ere gai izango lirateke. Hala nahi balute drone batekin, app batekin, kalitate handidun argazki batekin… esango nuke ez gaudela teknikoki prest sistema hauek ezartzeko.

Baina, are garrantzitsuago, berriz ere, ez gaude politikoki prest sistema hauek ezartzeko.

Algoritmo Lehendakaria

Nire teilatura harriak botako baditut ere, gaurko irakurketa erraztuko dizuet. Hau da, funtsean, artikulu honetan – eta datorren hilabetetan etorriko diren hausnarketetan -, defendatu nahi dudan ondorio nagusia: Aitortuko dizuet. Nazkatuta nago. Oso nazkatuta, data zientzia, hausnarketa etikorik, filosofikorik edo politikorik egin gabe, edozein esparrura moldatu daitezkeen matematika hutsak direla uste duten horietaz. Etorkizun teknologiko bat, halabeharrez, perfektua izango dela uste duten horietaz hain zuzen ere.

Spoilerra eginda. Hemendik aurrera irakurri nahi ote duzuen, zuok erabaki.

Aurrekoan TED hitzaldi bat entzun nuen. Normalean ez dut ezer interesgarria aurkitzen gehienetan kapitalismoa teknologikoa zuritzeko ezinbestekoak diren hitzaldi horietan, ezta ere, teknologiaren inguruan hausnartzen dutenean. Baina noizean behin sorpresatxoren bat edo beste eman izan didanez, noizbehinka podcast zerrenda errepasatu eta interesgarri iruditzen zaidana entzuten dut. Autobusean edo. Baina, gehienetan hautaketan, kale egiten dut. Oraingo honetan nire jakin-mina piztu zuenak César Hidalgo-ren “Politikariak ordezkatzeko ideia ausarta” izan zen. Entzun ostean, titulu aldaketa proposamen bat egingo nioke: “Algoritmo matematiko lehendakari”.

Galdera batekin hasten du bere hitzaldia: “Ni bakarrik naiz, ala beste pertsona batzuk daude hemen apur bat etsita demokraziarekin?“. Mundu mailan azken 30 urteetan egindako azken hauteskundeen datuak aztertuz, parte-hartze datu hotz batzuk bota ditu. M15 bezalako mugimenduak aztertzeko parada hartu izan balu agian, galdera onartuko nioke. Baina ezta hori ere. Berriz diot: datu hotzak. Bere hurrengo esaldia beste hau da: “Eta ezin zaie errua egotzi, jendea nekatuta dagoelako politikariekin…“. Momentu honetan bertan, hitzaldiko lehen akatsa egiten duela uste dut: demokrazia eta politikari hitzak sinonimo perfektutzat erabiltzea. Tranpa egitea nire aburuz. Eta esango nuke berak ere badakiela. Bideoaren 01:09 minututik aurrera bere hausnarketa helarazten digu.

Erabat ondorio okerrekin, politologoa ez den aktibista honen uste apalean.

Paragrafo hau oso esanguratsua iruditu zait: “Baina praktikan, botere hori gure izenean erabil dezakeen ordezkari baten esku utzi behar dugu. Ordezkari hori botila lepo bat da, edo puntu ahul bat. Demokraziari eraso egin nahi bazaio, leku horretara jo behar da, demokrazia harrapa baitaiteke, dela ordezkaria harrapatuz, dela jendeak ordezkaria aukeratzeko erabiltzen duen modua harrapatuz.“. Eta agian ni izango naiz, eztakit, baina esango nuke zutabe horretan oinarritzen dituela bere argumentu guztiak. Kontuan hartuta – lehen paragrafoan aipatu dudan bezala -, bere ekarpena algoritmo lehendakaria dela, oso arrazoitze pobrea eta eskasa deritzot (ez dut uste nire azken baieztapen honek azalpen handirik behar duenik, baina behar duenak, utzi dezala iruzkin bat eta azalduko diot).

Eta sarrera luze honen ondoren, gaurko artikulu honen ardatzera heldu gara. Hidalgo-k planteatzen digun galdera nagusia erantzuteko ariketa kolektibo proposamenera: “Eta politikariak saihestu beharrean, horiek automatizatzen saiatzen bagara?“. Nik badut galdera horrentzat iritzi bat. Eta ezin dudanez dena aztertu, hiru zutabe nagusitara mugatuko dut erantzuna. Baina ez gaur. Hilabete barru.

Bitarte horretan, zuon buruari galdera bat egitea eta erantzun bat hausnartzea proposatzen dizuet. Zientzia fikzio jokoetan arituko gara:

Eta EAEko lehendakaria algoritmo bilakatuko bagenu? Hau da, eta hurrengo lehendakaria Algoritmo Lehendakari izango balitz?

Nahi baduzue utzi zuon hausnarketak iruzkinetan. Hilabete barru neureak. Punkamine-ren arkakuso lehendakari nahiago dudala aurreratuko dizuet.