Denak hil presente egoteko

Zenbat denbora Anestesia entzun gabe… Aurrekoan Gu diskoa jarri nuen. Tira, jarri baino klik egin. Eta Denak hil abestira heldu nintzenean bakarrik heldu zitzaidan aste honetako blog bidalketa.

Behin baino gehiagotan gomendatu izan dut, bai blog honetan zein beste leku batzuetan ere, Sergio Legaz-en, Sal de la Máquina: una guía para sobrevivir a la distopía de los smartphones liburua. Uste dudalako denok martxan jartzeko moduko zenbait gomendio egiten dituela. Edonork irakurtzeko moduko liburua da.

Bada, liburuan agertzen den azken ariketa martxan jartzea proposatzen dizuet: Whatsapp (edo Telegram, zuk erabaki), isiltzea. Nik Telegram-ekin egingo dut. Baina ez bakarrik doinurik ez jotzea, baizik eta goiko barrako aplikazioaren jakinarazpena ere desgaitzea. Zein asmorekin? Ba begira, lehenik eta behin, gu izan gaitezen aplikazioa ireki nahi dugunak modu kontzientean eta ez aplikazio horren jakinarazpena jaso dugulako. Bigarrenik, konturatzeko oso egun gutxitara nola jaitsi den gure telefonoaren erabilera denbora. Hirugarrenik, presente egoteko.

Presente egoteko, bai.

Hil ezazu aita, hil ezazu ama / Hil anai-arrebak eta seme-alabak / Hil ezazu aitona, hil ezazu amona / Hil bizilagunak eta irakasleak / DENAK HIL. Aldarrikatzen zuen goian aipatu dudan Anestesiaren abestiak. Baina nik blog bidalketa honetan proposatzen dizuedana, guzti horiek berpiztea da. Ez bakarrik hori, baita ere, zure burua zoombi mode-tik atera eta makinatik kanpo, bizitza gozagarria eta bizigarria dela berrikastea.

Benga, animo, astegun batez bakarrik.

Eta gogoratu: ez esan niri “XXX bazina, konturatuko zinateke XXX-ok ezin dugula Whatsapp gabe bizi”, ni ere gauza asko naiz, hala nola, seme, lagun, maitale, senide, aktibista…, eta ez dut, ezabatu nuenetik, Whatsapp-en beharrik sekula sentitu. Ez zara gai izango jakinarazpenen ariketa hau egun bakar batez egiteko? Saiatu zaitez! 290 egun daramatzat erre gabe, helduko da momentua non Whatsapp jakinarazpenak jasotzeko monoa zenbatzeari utziko diozun.

Gogoratu beste hitzok:

Eragin okerrak, lotura zaharrak / Zure erara bizitzen uzten ez zizutenak / Orain nahi duzuna egin dezakezu / Mundu bat egina zure neurrira.

Edo beste hark esaten zituen hauek:

Sentitu nahi dut, berriro aurkitu / hil aurretik bizia dagoela.

5G-aren kontra nago: Ondorio gisa

Honaino beste aurreko lau artikuluak irakurrita heldu bazara, estutua merezi duzu. Eta eskertzen dizut nire arrazoiketa ulertzeko eskaini didazun tartea.

Lau aste daramat 5G teknologiaren inguruan idazten blog honetan. Lau zutabe nagusitan arrazoitu dut nire oposizioa. Lehen zutabea desazkundea izan zen, bigarrena justizia soziala, hirugarren arrakala-teknologikoa eta laugarrena, bere burua bonus track gisa aurkeztu zuena, pribatutasuna. Egongo da pentsatzen duenik koldarra izan naizela osasunaren gaia mahaigaineratu ez izanagatik. Eta akaso arrazoia izango du. Egia esan gai horrek ez du sekula interes handiegirik sortu nigan. Ez gai mamitsua ez delako, baizik eta ez dudalako uste, lehen artikuluan idatzi nuen moduan, erradiazio elektromagnetikoa etsai ikusezina denik. Gainera, gailendu nahiko nuke ez naizela osasunaren gaian matxinatu behar 5G-aren kontrako argumentazioa sendotzeko.

Zuek ere hala ikusi eta ulertu izana espero dut.

Hasierako artikuluan teknologiaren desazkunde kontrolatuaren alde lerratu nintzen, nire ustez ezinbestekoa delako teknologia desazkunde bat ematea planeta honetan biziraun nahi badugu. Fokotik kanpo geratzen diren zera horietako zenbait azalera ekartzeko bide horretan oso lagungarria izan nituen bi liburu gomendatu nahi dizkizuet honaino heldu zaretenoi. Biak dira Carlos Taiborenak eta Catarata argitaletxearenak, lehena, Capitalismo terminal, transición ecosocial, ecofascismo eta, bigarrena, Ante el colapso: Por la autogestión y por el apoyo mutuo. Bigarren artikuluan, Kolonbia, Kongo eta Txina ekarri nituen blogera, eta 5G-ak ezinbesteko duen mineralen ustiapen krudela eta zentzugabea zergatik den azaltzen saiatu nintzen. Hirugarren baten, agian argumentu gisa saltzea gehien kostatzen zaidana, marketinak aktibistongan ere eragina daukalako, arrakala-teknologikoa. Argudiatuta herri askotan nahiko genukeela aspaldi mundu osora hedatu zen zuntz-optikoa baliatzea. Eta bukatzeko, laugarren artikuluan, pribatutasuna jarri nuen erdigunean, ustez, konspirazio teorietan ez erortzea lortu nuela. Pribatutasunean sakondu nahi duzuenoi beste liburu bat gomendatuko dizuet, Criptica eragilearen Resistencia Digital. Manual de seguridad operacional e instrumental para smartphones.

Artikulu bat eskaini ez badiot ere, nahiko nuke beste kontu bat ere aipatu ondorio gisa: tekno-siniskeria. Uste dut geroz eta pertsona gehiagok teknologia Jaungoiko ahalguztidun gisa sentitzen dugula. Behin baino gehiagotan idatzi dut hemen. Gutariko askok telefonoari burumakur otoitz egiten diogu, baina izan gaitezen zentzudunak eta sustatu ditzagun teknologia libreak bai, baina kontrolatu ditzakegunak, kritikoak, horizontalak, aukeran asanblearioak, osasuntsuak eta, noski, beste herriekiko justuak. Oinarri sozialak izango dituztenak. Bizi guztiak bizigarri bihurtzeko aukera eskaintzen dizkigutenak. Inor bidean lagatzen ez dituztenak. Herritik eta herriarentzat sortuak. 10 urte baino gehiago daramagu lelo berbaerarekin. Momentuz ez gara errepikatzeaz nekatu.

Tekno-siniskeria kontzeptu erlijioso gisa nolabaiteko goragale modukoa ematen dizuenoi, laugarren liburu bat gomendatuko dizuet. Sergio Legazena da hau, Sal de la Máquina: una guía para sobrevivir a la distopía de los smartphones.

Eta en fin, hau izan da blog honek, sortu zenetik, inoiz baino bisita gehien lortu dituen hilabetea. Horrek jakitera emetan dit, interesa, eta ezjakintasun bezain ikasteko gogo, dagoela gai honekiko. Eskertuko dizut blog bidalketa hauek zure ezagunen artean saretzen badituzu, ez bereziki nire egoa handitzeko, baizik eta eztabaida sano eta parte-hartzaile bat eman dezagun.

Eskerrik asko artikulu sorta hau irakurtzeagatik.

Jarrai dezagun hurrengoekin, lagunok.

5G-aren kontra nago (IV)

Blog hau jarraitzen baduzue, konturatu zineten azaroa osoa daramadala 5G teknologiari buruz hitz egiten. Teknologia berri honen hedapenaren aurkako nire jarrera hiru zutabeetan argudiatu dut: eremu teknologikoan desazkundea sustatzeko beharra, justizia soziala eta, azkenik, arrakala teknologikoa. Eta oraindik ere argumentu gehiago ditut, adibidez ez dut deus ere aipatu zabor elektronikoaren kudeaketa lotsagarriaren inguruan. Eskerrak Izarok egin duen.

Momenturen baten ere, gelditu beharko dut.

Hiru artikulu labur horietako bakar batek ere ez dit pribatutasunaz idazteko aukerarik eman, eta, hasiera batean hori egitea pentsatu ez nuen arren, serie hau pribatutasunari buruzko ohar batekin amaitzeko aukera behar dut.

Bada, hauxe da.

Interneten ez dago pribatutasunik. Ez bilatu. Ez duzu aurkituko.

Nabigatzen dugunean uzten ditugun arrastoak hobeto edo okerrago ezkutatzeko moduak aurki ditzakezu. Baina sekula ez erabateko pribatutasuna. Adibidez, zure Interneteko hornitzaileak aukera dauka (eta legezko betekizuna) bere datu-basean bisitatu dituzun webgune guztiak zerrendatzeko. Zerrenda hori hobeto edo okerrago ezkuta dezakezu Tor teknologia erabiliz. Konexio denbora, adibide bat jartzeagatik, ezin izango dituzu eskutatu Tor teknologia erabilita ere.

Gaur egun nola zelatatu zaitzaketen erakusten duen adibide bat besterik ez da. Baina 5Grekin maxifikatu egiten dira espioitza aukerak.

Kalkuluen arabera, 2025ean 21.500 milioi gailu egongo dira Internetera konektatuta. Gailu horiek zure bizitza pertsonalari buruzko informazio ikaragarria dute. Lehengo adibidearekin jarraituz, zure web zerrenda eta nabigazioa, baina baita zure mezuak, zure datu “medikoak” (erloju adimendunaren kasuan) edo zure kontaktu agenda osoa ere. Interneten zirkulatuko duten datuen gorakadak pertsonak modu zehatzagoan indibidualizatzeko aukera emango du. Honek, fabrikatzaile desberdinei, erabiltzaileen profilatu indibidualizatuak sortzeko aukera ematen die eta, era berean, algoritmo desberdinei, profil horiek erabilita, erabiltzaileak hartu beharko lituzkeen erabakiak hartzeko aukera. Zergatik? Aspaldian adimen artifizialek gu baino adimentsuagoak, edo, direla sinetsita gaudelako. Tekno-siniskeria ere dogma moderno bat da. Beste edozein erlijio bezain kaltegarria. Datu demasa honi dagokionez, ezinbestekoa da aipatzea agente gehiagok eskura ditzaketela gure datuak, beraz zailagoa izango da datu horien kudeaketa, adibidez, ezabatzeko eskatzea (fabrikatzaileak, zerbitzu-hornitzaileak, tarteko agentziak, eta abar). Eta, jakina, eraso informatikoak jasateko aukera areagotzen du.

Dakizuen bezala, informazioa boterea delako. Eta dirua. Dirutza ikaragarria.

Jar dezagun beste adibide sinple bat, azalpenik behar ez duen horietakoa: oinarrizko estazio eta antena gehiago erabiltzeak eta distantzia txikiagora egoteak erabiltzailearen geolokalizazioa askoz zehatzagoa izatea ahalbidetzen du. Gaur-gaurkoz, geolokalizazioak oso metro gutxiko errore-tartea dauka.

Ba orain imajinatu indarkeria jasotzen duen pertsona bat zarela.

Hiru adibide baino ez dira. Baina kontuan izan, zerrendatu ditzakedan arazo berri guztiez gain, 5G teknologiak egungo pribatutasun arazoak heredatzen dituela. Bai maila teknikoan, zein maila etikoan edo politikoan.

Espero dut gutako bakoitzaren datuen kontrol galera nabarmen honek ez gaituela mundu literario batera eramango, non kontakizun gehienak erabat distopikoak diren.

Irakurri Aldous Huxley-ren famatuena.

5G-aren kontra nago (III)

5G ♥ AHT.

Hasiko naiz esaten artikulu hau dela argumentatzea gehien kostatu zaidana. Hala ere, uste dut nahikoa duin geratuko dela aukera bat emateko. Dakizuenez, bi artikulu idatzi ditut azaltzeko zergatik nagoen 5G teknologiaren aurka. Lehenengoan, proposamen kapitalista, desazkundearen ikuspuntutik, aztertzen nuen. Bigarrenean, justizia sozialaren ikuspegitik.

Gaur, sareko abiadurei eta Interneterako sarbideari buruz hitz egin behar dugu.

Indartsu nabil: munduko biztanleriaren erdiak baino gehiagok ez du Interneterako sarbiderik.

Gizarte gisa, erritmo bizian goaz 5G teknologiak eskaintzen dizkigun abiadura infinituetara. Eta bakarrik dabilela uste duenaren segurtasun eta osotasun moralarekin ekin diogu bideari. Hala ere, bideari ekin dioten gutxik ei dakite, gaur egun ere, jende askok ez duela Interneterako sarbiderik izateko aukerarik. Zero megabit.

Bi egoera bururatzen zaizkit, norbaitek Internet ez edukitzeko. Lehenik eta behin, bizi den lekura ez iristea. Bigarrena, kontratazioa egiteko behar den dirua ezin eskuratzea. Kontuan hartuta Internetek eskubide bat izan beharko lukeela, eta sekula ez pribilegio bat, iruditzen zait bi aukera hauek termino politikoetan konpon daitezkeela. Bihar barik. Gaur.

Izan ere, alderdi teknikoei erreparatuz ez du inolako arazorik suposatzen.

Aurrekoan egin nuenaren kontra, ez dut garatze bidean ei dauden herrialdeetara joan beharrik esateko pertsona askok ez dutela Internet kontratatzeko aukerarik. Gogoan dut hirigunetik aparte bizi den baserri batean bizi zen bati, Telefonica-k erantzun ziola: “Ezin dizugu Internet jarri linea bakar baterako ez gaituelako konpentsatzen”. Guifi.net-en kolaboratzen ari nintzela, nik burutu nuen deia. Bizi gaituen sistema madarikatuak ez ditu inoiz pertsonak lehenetsi. Ezta teknologiaren kasuan ere. Guifi.net teknologia erabiliz, Telefonica-ren ezetzari aurre egin genion. Bada, lau hippyek estaldura ematen badiote estaldurarik ez duen eremu bati, nola ezingo du multinazional batek gauza bera egin?

Ni bezain ondo dakizu erantzuna. Ikuspuntu ekonomikoari bakarrik erreparatzen diolako.

Internet kontratatu arren, pertsona askok abiadura txikia baino ezin dute kontratatu (nik neuk, duela hiru astera arte 3 MB nituen). Pertsona horiek beren 3 MB garestiagoak ordaindu dituzte, ekonomikoki, hiriburu batean kontrata ditzakezun 600 MBak baino.

Badakizue? Nire ustez, lehenik eta behin Internet, gaur egun, eskubide unibertsal bihurtu beharko genuke. Eta gauden egoeran, argindarra bide batez.

Laburbilduz: pertsona eta eremu guztien aukera-berdintasuna bermatzea arrakala teknologikoa handitu baino egingo ez duen beste zera batekin hasi orduko. Orduan konturatuko garelako agian ezin dugula 600 MB edozein lekura eraman eta abiaduran ere desazkundea sustatu behar dugula. Agian, aukera berdintasunaren mesedetan, 20 MBtan geratu behar dugu guztiok, edo 3 MBtan.

Hori guzti hori egin ahal izateko ahalegin handiak egin ostean, jarraitu genezake gutariko gehienak inora ez garamatzan 5G-a ezartzeaz hitz egiten.

Euskotren gure auzotik pasatzea behar dugulako. Ez AHT.

5G-aren kontra nago (II)

Joan den asteko artikuluan 5G-aren kontra zergatik nagoen azaltzeko arrazoiketaren lehen zutabea ukitu nuen: desazkundea. Gaur 5G-ak proposatzen digun hazkunde teknologiko horren kontra aktibista gisa zergatik agertu behar dugun azaltzeko arrazoiketaren bigarren zutabeari ekingo diot: justizia sozialari.

Hemendik aurrera oso gordina izango naiz.

Agian norbaitek pentsatuko du populista ere naizela. Baina krudelagoa da pertsonekiko pairatzen dugun sistema ekonomiko hiltzaile hau.

Zure mugikor berrian pertsonen odola dago. Zaharrean ere bazegoen. Eta baita nirean ere. Izerdia eta malkoak ere badaude. Eta telefono mugikor bat erosten dugun bakoitzean, esklabotasun egoera sustatzen ari gara kolapso bidean edo kolapsoan dauden zenbait herrialdeetan. Eta honek zure ordenagailurako eta zure jarduera-eskumuturrekoetarako ere balio du.

Gailu guzti hauek gauza asko ezkutatzen dizkizute.

Bakerantz zenbait aurrerapen egin diren arren, munduan zehar, komunitate askotan oraindik ere talde armatuak daude, sexu-esplotazioa, lan behartuak eta pertsonen trafikoa sustatzen jarraitzeko asmoz sortuak. Bazenekien lotura dagoela indarkeria horren guztiaren eta zure etxearen artean? Urrea, eta/edo koltana. Beti eskura duzun gailu batean dauden bi mineral: Zure telefono mugikorra.

Urrea, adibidez, zure telefono mugikorreko mikrotxipak lotzen dituzten zirkuitu inprimatuetan erabiltzen da. Kolonbiako urre ustiapenaren %80 legez kanpokoa edo kontrolik gabekoa dela uste da. Besteak beste, esklabotasun egoera, pertsonen kontrabandoa eta kapitalak zuritzea dakar.

Koltan delakoari dagokionez, Kongoko Errepublika Demokratikoa munduko meatze gunerik garrantzitsuenetako bat dela azpimarratu behar da. Han dago munduko koltan erreserben gehiengoa; mineral hori gabe, teknologia berrien iraultza, bereziki teknologia mugikorrarena, ezinezkoa izango litzateke. Kongoko koltana ustiatzeko asmoz sortutako gerra, infernurik okerrena bihurtu da hasi zenetik.

Urrea eta koltana mineral eskasak eta garestiak dira. Gatazkan dauden mineralak. Beste mineral asko ere egoera berean daude, Wolframa eta eztainua kasu. Mineral guzti hauek, ezinbestekoak dira gure gizartean 5G teknologia ezarrita dagoenean aldatu beharko ditugun 5G telefono berri guzti-guztiak eraikitzeko. Gainera, badakizu non amaituko duen bere bizitza zure telefono zaharra? Horixe ba! Ia-ia herrialde berberetan. Baina antenen parte ere badira mineralok, eta baita antena horietara konektatuko ditugun jarduera-eskumuturrekoen parte ere. Desproposito bat da. Zentzugabekeria bat. Badakit marketinak oso zail jarriko didala, baina oraingoz, erosketa hori saihestea gustatuko litzaidake.

Kongoko indarkeriaren erantzuleak gara. Gauza bera Kolonbian. Eta, aipatu ez badut ere, gauza bere Jieyang-en. Eta beste hamaikatxo tokitan ere. Gutxienez maila handi baten, lehen hiru kasuetan. Eta hori da, aurreko asteko artikuluarekin bat eginez, desazkunde teknologikoa defendatzeko beste arrazoietako bat. Hain zuzen ere, G5-ak proposatzen digunaren guztiz kontrako norantzan.

Bi gomendio egin nahi dizkizuet bukatzeko. Alde batetik, zuen telefonoak zer ezkutatzen duen ulertzea eta bestetik, teknologia horiek behar duten mihiztaduran ematen diren baldintza laboralen inguruan Xu Lizhi-ren poema sorta hau irakurtzea.

Milaka pertsona hilko dira guk banda-zabalera handiagoa izan dezagun.

Hurrengo artikuluan ikusiko dugunez, behar ez dugun banda-zabalera.