Erositakoarekin gustura ez bazaude, ez dizugu pribatutasuna itzuliko

Ziur nago ez dizuedala ezer berririk kontatuko, baldin eta esango banizue gure pribatutasun digitalaren bizi kalitateak ez dituela esperientzia atseginak biziko deskofinamenduari luzatuko zaizkion hurrengo hilabeteetan.

Blogeko azken bi artikuluetan, berrogeialdia bukatu osteko teknologien inguruan nire iritzia ematen saiatu naiz. Izan ere, pentsaera orokortuaren kontra, uste dut teknologia ez dela jainko boteretsua, guztia ahal duena. Herri honek osatzen duen eskumatik eta ezkerretik, kasu honetan, horrela saldu nahi diguten arren. Ironia-maila handiagoarekin edo txikiagoarekin argudiatu dizuet, nire ustez, Covid-19 osteko gizarte-kontrolerako mugikor aplikazioak teknokraziarako sarbidea baino gehiago direla uste dudala. Eta horrelako aplikazioak justifikatzen omen dituzten eskemetako bat desmuntatzen saiatu naiz. Asmatze-maila handiagoarekin edo txikiagoarekin.

Hau guzti hau konspirazioaren teorien lurrei milimetro bakarra inbaditu gabe egin nuen. Beraz gorde dezatela tanketak. Gustatuko litzaidake bi gauza argi eta garbi geratzea: lehena, ez naizela terraplanista. Bigarrena, ez nagoela Covid-19ko bigarren olatua teknologikoki kontrolatzearen aurka. Oraindik argi geratu ez bada: nire kritika “teknologia teknologiagatik eta teknologiarentzat” esaldiari kontra egiteko da.

Uste baino nahiko okerrago idatzi behar dut.

Tira, gaur albiste harrigarri batekin esnatu naiz. El corte Inglés-ek kamara termografikoak erabili nahi omen ditu bere dendetan sartzen diren bezeroek Covid-19-az kutsatuta ez egotea kontrolatzeko.

Enpresa arduradunek jakin beharko lukete, beren erabakiak gizatasunez ulertzeko moduko logika orori ihes egiteko hiru arrazoi daudela.

Lehenik eta behin, sukarra ez duten asintomatikoen ehunekoa –ez beste ezein sintomarik, hortik asintomatikoaren kontzeptua– altua izatea. Bigarrena, gorputz baten sukarra edo tenperatura altua ez dela berez gaixorik egotearen ondorioa, eta are gutxiago Covid-19 izatearena. Hirugarrena, bukatzen joatearren, kamera horiek erabiliko dituzten datuak pribatutasun-maila altukoak direla. Datu mediko guztiak bezala eta DBEOk babesten dituen beste datu askoren antzera.

Estatu espainiarrak datuak babesteko agentzia bat du, eta inoiz ez dut oso ondo jakin zertarako balio duen. Agian, indarrean dagoen legeria hori erabiltzen hasi beharko luke, El Corte Inglési, egin nahi duena, legez kanpokoa ez bada (eta hori posible egingo luketen aldagai asko aurreikus daitezke), gutxienez morala ez dela esateko.

Eta kamera horiek loditu egiten dutela.

Covid-19 denontzat?

Hasi aurretik: barkatu ironia. Ohikoa dudana baino askoz sinpleagoa baita.

Aurreko astean esan nizuen bezala, Covid-19aren inguruan zero baino hitz-kopuru txikiagoa idaztea zen nire helburua. Errespetu gutxi izan behar dut nire buruarekiko, hemen baitoa zomorroa kontrolatzeko aplikazioei buruzko bigarren iritzi artikulua. Bi. Bi astetan.

Eskema honekin -eta beste zenbaitekin-, gau eta egun kontrolatzen gaituen aplikazio baten beharra justifikatu nahi da. Baita gu jarraitzearekin pozik ez, eta hirugarrengoei gure mugimenduen berri eman nahi diona. Metatuak ala ez. Badirudi Google eta Apple prestatzen ari diren APIa maiatzean jarriko dela martxan. Eta ez zara harengandik libratuko, ez bada, dirudienez, Google Services ez darabilzulako.

Onartuko didazu eskema hori komentatzea (eskema horretan bakarrik zentratuko naiz).

Irudi horrek pentsatzera ematen didanaren azalpen laburra nahi baduzu, bi esaldi hauek irakur ditzakezu. Zu konbentzitzeko nahikoa balitz, ez dizut artikulu hau irakurtzera derrigortuko. Bestela, segi.

Egia da grafikoak soilik esplotatzen gaituzten soldatak lortzeko egin behar ditugun mugimenduak aipatzen dituela. Zerbaitengatik aukeratu dut. Zertarako hitz egingo dugu kalean pixka bat aireztatzeaz eta, segundo batzuez bada ere, zomorroaz kezkatzeari uzteko eguzkia hartzera irteteaz? Produktibitatea beti!

Amen.

A subjektua da pelikula horretan Covid-19 gaixotasuna hartuko duena, eta grafiko horren arabera, lan egitera joateko betebeharra duelako hartuko du -ez dut uste inor doanik lanera sinpleki gustuko duelako-. A subjektua B, C, D, E, F, G, H eta I subjektuekin egongo edo gurutzatuko da lehen egunean. Pentsatuko dut ez dela gai izan beste subjektuekiko 2 metroko segurtasun-distantzia mantentzeko. Izan ere, ulertzen dut A subjektuak segurtasun distantzia hori jartzeko behar diren neurriak eskura izango balitu, ez litzatekeela, zera hori gustuko duelako, kutsatuko. Trenean, C eta D kutsatu ahal izan ditu, bere bluetooth-aren (adibidez) eta gainerako subjektuen bluetooth-aren arteko distantziak hala adierazten duelako. Gauza bera gertatzen da E, F, G, H eta I-rekin, baina lanpostuan. Eta B-rekin etxean.

Bigarren egunean, A-k sukarra du eta test bat egin diote -duela gutxi Osakidetzako langileentzat egiten ez zituzten horietakoa-, eta, zoritxarrez, positiboa ematen dio. Antza, A-k sintoma horien berri ematen du aplikazioan. Suposatu nahi dut eragiketa hori eskuz egiten duela aplikazioan bertan. Pentsatu nahi dudalako zentzugabekeria dela aplikazioak bere historia medikorako sarbidea izatea. Eta eskuz egindako ohar horri esker, B, C, D, E, F eta G-k 14 eguneko berrogeialdi politaz goza dezakete. Etxean baina lanean. Gogoratu mantra: produzitzeko adinean daude.

Eskema horretan pertsona bat falta da. Baliteke bat baino gehiagoren falta egotea ere. Aztertu dezagun X jauna. A lanera segurtasun-neurriak bete gabe joatera behartzeko legislatu duen subjektua. Legegilea. Legegile horrek, ezin baditu A-k eta gainerako subjektu guztiek behar dituzten segurtasun neurriak bermatu, A-k ez luke lanera joan behar.

A beldur da eta larunbat gauetan ere ez da dantzatzera irteten.

Beharbada, bi metroko distantzian egongo da irtenbidea. Ez aplikazioan. Eta, agian, hori nahikoa izango da, alfabeto guztia etengabe monitorizatu behar ez izateko. A-tik Z-ra. Baina egia da, baita ere, bi metroko segurtasunak ez diela balio ekonomikorik ematen alfabetoko datuak ustiatuko dituzten enpresei (ez baituzue pentsatuko aplikazio hauek sortu eta kudeatu administrazio publikoak egingo duenik, ezta? JA!).

Edo X-en lagunak diren epaile eta poliziei.

Onartzen dut nire argudioak akats bat duela: B subjektuarteko distantzia. Izan ere, etxean zaila izango da bi metroko tartea gordetzea. 30 metrotan, balkoirik gabe, bizi dira A eta B. Are zailagoa, A-ren eta B-ren artean larrutan egin nahi badute. Baina okerrenean ere, eskema horretan bi kutsatu posible daude. A eta B. Ez zortzi. Era berean, espero dut grafikoa proposatu duen horrek onartzea A trenera jaisten denean baranda ukitzen badu eta ordu batzuen buruan J-k baranda beretik eskua pasatzen badu, ezer gutxirako balio diola J-ri kontaktuen arakatze-aplikazioa.

Tira, nik argi daukat: ahal dela bi metroko segurtasun distantzia jartzea eta nork bere burua masturbatzea. Eta proposatzen dudan protokolo honek, lanera joatea bideratuko luke, beharrezkoak diren segurtasun baliabideak baleude.

Ez horregatik.

Ondorio oker batetik abiatuz

Jainkoa hil egin da

Nola adiskidetu gaitezke, hiltzaile guztien artean hiltzaileenak? Munduan izan den santuena eta boteretsuena gure ganibeten azpian geratu da: nork garbituko du odol hori? Zer urak garbituko gaitu? Zer erritu sakratu asmatu beharko genuke? Ez al da gertaera horren handitasuna guretzat handiegia?

Nietzsche

Ez nuen SARS-CoV-2 birusaz edo Covid-19 gaixotasunaz idazteko asmorik eta azkenean, zeharka bada ere… Egin dut.

Asko dira gaiari buruz hitz egin duten komunikabideak edo gai horri (baita teknologikoari ere), akaso, nik baino askoz ekarpen handiagoa egin diezaioketen adituak. Hala ere, esaldi sinple honek, “Oraingoz, kontsentsu bat baino ez dago: kontaktuen arakatze-aplikazioak dira irtenbidea”, hain da bortitza, hain da arrunta eta hain da gezurra, ezen idatziz aurka egitea erabaki dudala. Eta saiatuko naiz pandemiari buruz gehiegi ez hitz egiten.

Berrogeialdia bukatu ostean, Covid-19 gaixotasun-gorakadaren irtenbidea, besteak beste, kontaktuen arakatze-aplikazio baten eskutik datorrela pentsatzen dute askok. Eta onartuko diet ondorio bera lor daitekeela, ikuspuntu desberdin eta erabat distanteetatik abiatuta ere. Adibidez, badago uste duenik kontaktuen arakatze-aplikazio horrek EZ duela erabiltzaileen pribatutasuna errespetatu behar. Beste zenbaiten usteak, ordea, BAIETZ, aplikazioak erabiltzaileen pribatutasuna errespetatu behar duela. Batzuek, zein besteek, ondorio beharko lukeen zera horretatik abiatzen dira: kontaktuen arakatze-aplikazio bat behar dugula.

Eta ondorioa borobiltzeko, ondorio kontzeptua zer den ulertu zuen batek -gurean ezagunegia den epaile ohiak-, uste du, gainera, datu horiek, hala badagokio, helburu polizialekin ustiatu beharko liratekeela. Baina ez naiz horretan sartuko. Fernandoren kontra argumentatzeak, dakizuen bezala, ezer gutxirako balio ei du.

Ondorioa, hiru kasuetan, okerra dela uste dut.

Argi dago azken aste hauetan protagonismo handiagoa eman diogula teknologiari. Eta logikoa da. Baina teknologiari botere gehiago emanez gero, teknologia dena ahal duen eta dena salbatzen duen Jainko moduko bat dela -edo teknokrazia madarikatu batean bizi garela- pentsatzen buka genezake. Kontzeptu bien artean, alde izugarria dago.

Eta helburua zehazki, zein da, gaixotasunaren gorakada etetea ala aplikazioa sortzea? Galdetu diet.

Baliteke gure itzala monitorizatuko duen aplikazio bat behar izatea. Berau ikusezina izan ala ez -ikusezina aplikazioa, ez itzala-. Hala ere, oraindik ez dut inor aurkitu, aplikazioa ezinbestekoa dela pentsatuz, aplikazioa gaixoen (edo hildakoen, agian garrantzitsuena dena) kopurua arintzeko baliozkoa dela konbentzitu nauenik. Eta konbentzitu ez nauten horiek, gehienetan -eta ez beti modu atseginenetan-, esan didate ni naizela haiek konbentzitu behar dituena. Bistan denez. En fin.

Komunitate bat osatzen duten norbanakoen % 60k, gutxienez, aplikazio hori erabili beharko luke eraginkorra izan dadin. Behintzat hori irakurri nuen herenegun. Nire ustez, aplikazioa erabiltzen ez duen norbanako bakarrak, zulo nabarmena sortzen du kontaktuen arakatze-aplikazioen aldeko argudiaketan. Baina tira, jarrai dezagun. Komunitate baten % 60ko erabilera bermatzea lan zaila da. 2015ean gutxienez munduko biztanleriaren % 36 muturreko pobrezian bizi zela onartzen badugu behintzat (dolar bat baino gutxiago egunero). Kasurik onenean, artikulu hau irekitzen duen esaldia alda nezake: “Oraingoz, kontsentsu bat baino ez dago: kontaktuen arakatze-aplikazioak dira gizon zuria ez desagertarazteko irtenbidea”.

Eta jasota gera dadila: zalantzan jartzen dut kontaktuen arakatze-aplikazio bat ezinbestekoa denik gizon zuria desager ez dadin. Besteak beste, muturreko pobrezia neurtzeko eskalak zalantzan jarri daitezkeelako (hau da, onartzea, muturreko pobrezia onartutakoa baino handiagoa dela, baita geurean ere) eta aplikazioak gezurrezko lasaitasun oso kaltegarria sor dezakeelako. Era berean, eta alde moralari jarraiki, aplikazio hauek gaixoaren estigmatizazioa eta gaixo ez dagoenaren kriminalizazioa suposatzen dutelakoan nago. Agian azken ideia honek, bizi gaituen gizarte ekonomizatu honetan, maila praktikoan, ez du berebiziko arazoa plantatzen. Honen inguruan hausnartu beharko genukeela esango nuke.

Esateak libre diren egunotan: “Kontsentsu bakarra dago: Jainkoa ez da hil egin … Ez al da gertaera horren handitasuna guretzat handiegia?”.