Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Pozoia-Apitoxina - 1858ko liburu bat: C.W. Wolf-en "Apis Mellifica. Erlearen pozoia eragile terapeutiko"

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Pozoia-Apitoxina

1858ko liburu bat: C.W. Wolf-en "Apis Mellifica. Erlearen pozoia eragile terapeutiko"

2009-05-22

1858an, Apiterapiaren aitapontekotzat jotzen den Phillip Terc doktoreak ikerketak burutu baino urte dexente lehenago, honako liburua plazaratu zen AEBetako Philadelphian: "Apis mellifica; or The poison of the honey-bee considered as therapeutic agent". Egilea mediku aleman bat zen, C.W. Wolf, Berlingo distritoko mediku izana eta Amerikara emigratua. Duela 150 urte "Apis Mellifica" homeopatian erabiltzearen onurak aipatzen zituen.

Bodog F. Beck mediku famatuak 1935ean idatzitakoetatik dakigunez (ikus blog honetan "Erlearen pozoia medikuntzaren historian, 2"
XIX. mendetik Homeopatia praktikatzen zuten medikuek bai hartzen zituzten kontutan erlea eta honen pozoia. Mende haren hasieran Constantin Hering-ek American Provingsen erlearen garrantzia aldarrikatu zuen. 1858an C.W.Wolf mediku homeopata famatuak Berlinen plazaratu zuen honako txostena: Apis mellifica or The Poison of the Honey Bee considered as a Therapeutic Agent.

Liburuaren lehen atala hasten da
William Charles Cotton-en "My Bee Book" liburuaren zita batekin. Cotton XIX. mendeko apaiz anglikano bat izan zen, misiotan aritzeaz gain Zelanda Berrian erlezaintza sartu zuena. Liburuaren 138. orrian omen dio:

"Erleak laguntzen dizu sendatzen barneko eta azaleko gaixotasunak oro, eta hura duzu gizakiak mundu honetan duen lagun txikirik onena".

Wolfek azaltzen du bere iritzian Samuel Hahnemann-ek arrakastaz lortu zuenetik Akonito edo Irabelarraren sendagarrizko izakera garatzea, geroztik
egindako aurkikuntza handiena izan dela erlearen pozoiaren ahalmen osagarrien. Aitortzen du Apis Mellificarekiko interesa Constantin Hering doktoreak piztu ziola, honek "American Provings" aldizkarian publikatu zituenean erlearen propietateak, eta hark irekitako bidetik erabili zuela gaixo askorekin eta eritasun ugaritan, emaitza oso onak lortuz.

Mediku honek berak ekoizten zituen botika homeopatikoak. Jakina da Homeopatian (era traketsean ahalik eta xinpleen esanda) sendagarria den printzipio batek zenbat eta disoluzio handiagoan egon (eta beraz, disoluzioan zenbat eta printzipio horretatik gutxiago egon) orduan eta eragin handiagoa egiten duela eritasunaren kontra. Apis Mellificaren kasuan, Wolf doktoreak tintura-ama lortzen zuen bost erle bizi 15 gramo alkoholetan sartu eta zortzi egunez egunero hiru aldiz astinduz, aldiko 100 astinaldi gogorrekin. Oinarri hori gero eta gehiago diluituz ekoizten zituen Wolfek bere botikak.

Disoluzioen xehetasunak, zein eritasunentzako eta nola erabiltzen zuen Apis Mellifica, eta beste informazio asko eskaini zituen duela mende eta erdi Wolfek bere liburuan. Orain Interneten PDF formatuan doan eskuratu daiteke eta, ordainduta noski, paperezko facsimilean ere bai.

 

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan