Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Pozoia-Apitoxina - Erlearen pozoia medikuntzaren historian (1)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Pozoia-Apitoxina

Erlearen pozoia medikuntzaren historian (1)

2009-01-01

(Bodog F. Beck medikuak 1935an plazaratu zuen “The Bible of Bee Venom Therapy” liburutik laburtua)

Erlea eta honen pozoia, eztia eta ezkoa antzinateko aspaldikoenetik usatu dira erremediotzat. Hipokrates, Celsus, Galeno, Plinio eta abarrek aipatu zuten, gaiotaz jardun zuten gainerako idazle guztiek bezala. Babilonia, Egipto, Erroma, Grezia, Persia eta Etiopiako liburu zaharrenetan ugariak dira aipamenak.

Galenok erabili zituen erle hilak, zanpatu eta eztitan nahasturik, burusoilari ilea berriro ernearazteko. Pliniok erleak erre eta haien hautsa oliotan zerabilen gaixotasun guztietarako. Formulazio ezberdinetan erlea larruazalean erabiltzen zen begietako minetan, haginetakoetan, sukarretan, karbunkoetan... Eztitan edo infusioan, berriz, disenteria sendatzeko edo diuretikotzat. Formulazio oso antzekoak aurkitu dira Txina, Indian, Arabia eta Europan. Herri zeltiar, teutoi eta galikoek ere bazuten horren berri.

Aro modernotik aurrera, medikuntzaz publikatuz joan ziren liburuetan agertu zen. 1658an B.T. Muffet-ek publikatutakoan, adibidez. Berdin 1716an W.M. Salmon-ek argitaratu zuen New London Dispensatoryn, Berdin Samuel Dale-ren 1737ko Pharmacologian, John Quincy-ren 1733ko Complete English Dispensatoryn, Lewis-en 1768ko Materia Medica”, Motherby-ren 1776ko The Medical Dictionaryn, eta abar. Garai berean Johannes Jühling-ek Die Tiere im deutschen Volksmedicin Alter und Neuer Zeit obran, Alemaniako artxibo zaharretan arakatu ostean, honela ipini zuen: "Podagra izanez gero jarri erleak txokorik minberenean; ‘fluor albus’ izanez gero utzi erleari ausiki egin diezazun; ilea galdu baduzu, hil erleak, nahastu eztitan eta jarri soilguneetan. Emazte antzuak erleak jaten baditu, haurdun geratuko da. Erreumatismoa baduzu, erleek heldu diezazutela”.

Erreumatismoa daukaten jendeek erleen ziztadekin hobekuntza handia edukitzen dutela, mundu osoan aspalditik zabalduta dagoen kontua da. Erlezainek artritisik edo gotarik nozitzen ez dutelako ustea bezala. Eta berdin erle ziztadek kantzerra senda dezaketela edo bizia luzarazten dutela.

Ideia hori hainbeste jendek sinesten dutenez, erlezain ez-medikuak (ingelesez “laikoak” deitzen diete, “apezak” izango liratekeen mediku tituludunekin kontraste eginez) izaten dira tratamenduak egiten dituztenak. Ezagunak dira nor bere inguruan eta haien bueltan halako peregrinazio antzeko joan-etorriak ere antolatzen dira leku askotan. Mediku gutxi ausartu izan dira, ordea, historian zehar erlearen senda ahalmen horiek frogatzera. Ausardia eduki behar da medikuntzako ikasketarik ez duten erlezainekin lan egiteko, apaltasuna eta pentsamendu irekia ere bai. Hala ere, gutxi baina azaldu izan dira mediku ausartak.

1859an L’Abeille Médicale aldizkarian Bordeleko T.P. Demartis-ek, animalien pozoien medikuntzako erabileran berri ematen zuelarik, artikulu batean adierazi zuen nola De Gasparin izeneko jaun batek jakinarazi zion bera ere sendatu zutela erle sail baten ziztadek ordura arte sufritzen zuen artritis gogorretik. De Gasparinik medikuei kontatu eta hauek kasurik egiten ez ziotenez, Demartisi idatzi zion eskatuz erleek dauzkaten sendatze ahalmenetan sakon arakatu zezala. Gainera, azaltzen zion aurpegiko kantzer bat erlez sendatu zela ere jakin zuela.

1865ean, San Petersburgeko Basogintza Institutoan teknologiako irakasle zen M. Lukowskik Gazette des Hôpitaux”aldizkarian agertu zituen erle ziztadez sendatutako kantzer, artritis eta sukar kasuak. Lukowskik apisination izenez bataiatu nahi izan zuen pertsonari erlearen pozoia sartzeko teknika.

Urte batzuk beranduago, P.Fabre-k hitzaldi batean aipatu zituen Parisko Medikuntza Akademian erleen ziztadaz sendatutako artritis kasu batzuk.

Annales de la Société Entomologiquek beste zenbait kasu aztertu zituen. Bata, 1870eko gerran erreumatismoak hondoratutako Fernand de Vingeanne-rena, eta bestea postari erretretadun batena, ibiltzeko gauza ez izanik dozena bat erlek zizt egin ondoren berriro oinez hasi zena.

1885ean London Medical Record aldizkariak bildu zuen Boliviako El Siglo Médicon azaldutako kasu bat. Emazte batek, erreumatismoagatik sei hilbetez lo egin ezinik zegoelarik, jakin zuen erleen ziztadez sendatu zitekeela eta bere kabuz ekin zion tratamenduari. Lehen egunean 3 erle jarri eta gau hartan aspaldiko partez lo egin ahal izan omen zuen. Ondoko egunetan erleekin segi eta oinazeak seko bukatu omen zitzaizkion.

1904an Kansas Cityko Parcker doktoreak Gardner izeneko gizonaren osaketa kontatu zuen. Lau urte zeramatzan hezurretako erreuma sufritzen eta ez zen ibiltzen ahal makuluekin baizik. Egun batez baratzeanari zela, erlauntza baten gainera erori zen, erleek eraso eta gizona zutitu ezinean aritu zenez, erleek hil zoriraino ziztatu omen zuten. Oso larri egon zen, baina bere onera etorri zenean ez zuen gehiago artritisaren oinazerik.
(Jarraituko du)

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan