Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Pozoia-Apitoxina - Erlearen pozoia medikuntzaren historian (3)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Pozoia-Apitoxina

Erlearen pozoia medikuntzaren historian (3)

2009-01-16

(Bodog F. Beck medikuak 1935an plazaratu zuen “The Bible of Bee Venom Therapy” liburutik laburtua)

Mediku batzuek eskaini zioten arreta gora behera, gaixoei erleen pozoia eztenkadaz sartzen gehienetan erlezainak aritzen ziren. Mundu osoan erleen balio terapeutikoa oso hedatuta dagoenez, eskualde bakoitzean ezaguna izaten zen horretan zebilen erlezaina, askok sasi-medikutzat zeukatena. Gai honetaz zabalduta zegoen esperientzia bildu nahian, Britainia Handiko Oxfordeko unibertsitatean Patologiako irakaslea zen E.W.Ainley-Walker-ek bilketa lan sistematiko interesgarria jarri zuen martxan 1907an. Lau puntuko galdetegia prestatuta, aldizkari zientifiko eta profesionaletan publikatu zuen, tartean hauetan: The Lancet, The British Medical Journal, Nature eta The British Bee Journalen. Honako lau galderoi erantzuteko erregu egiten zitzaien informazioren bat eduki zezaketen irakurleei:

1.- Topo egin al duzu inoiz erleen eztenez erreumatismoa sendatu edo prebenitu daitekeela dioen ustearekin?
2.- Ezagutzen al duzu norbait erreuma edukirik erleen artean lan egiteagatik hobera egin duela dioenik?
3.- Ba al daukazu frogaren bat uste horren jatorria sustatzen edo esplikatzen duenik?
4.- Zein motatako erreumatismoa da aipatu duzuna?

Galdetegiari zabalkude handia egin zitzaion arren, ez zuen dozena bat baino erantzun gehiago jaso, horietatik bi sasi-izenez sinatuak baina nabarmen medikuek idatziak. Erantzunetako batzuk Bodog F.Beckek liburuan ipini ditu; ageri dute erleen pozoina artritisaren kontra jende askok erabiltzen zuela, izan mediku edo sendalari “laiko”, XX. Mende hasieran.

Erantzunetako batean E.T. Burton-ek honela idatzi zuen Birminghamdik: “Irakurri dut The British Medical Journalen idatzitakoa eta fiat experimentum printzipioa gidari dudala [latinezko ‘fiat experimentum in corpore vili’ euskaraz litzateke ‘froga egin bedi baliorik ez duen gorputzean’, alegia esperimentuarekin gehiago kaltetu ez daitekeen soinean, Itzultzailearen Oharra], erabili dut neure burua frogatzeko inokulazio hori. Artritis gogor batek minduta neukan eskubiko aldaka eta alde berean neuritis ziatikoa ere banuen. Ezerk ez zidan mina kentzen. Erle batzuk eskatu nituen eta multzoa jaso nuenean zortzi bat jarri nituen nerbio ziatikoaren eta aldakaren gainean. Hurrengo goizean esnatu eta ez bakarrik ohean buelta emateko gauza nintzen, gainera jaiki eta oinez herrenik egin gabe ibil nintekeen, oheburuari oratu gabe, eta horrela jarraitu dut hiru hilabetez. Dozena erdi bat jarri dut gero, arratsaldean sei gehiago eta azken ziztaldia bi egun beranduago. Harrez gero, 50 yarda ibili nintekeen minik gabe. Esan behar dut hiru hilabete gehiagoz bizi banaiz 67 urte beteko ditudala eta erreuma sofritu dudala azken 25 urteotan. Erleak jartzen segitzeko asmoa daukat. Ez da beste botikarik izan hain ‘gose’ handia eragin didanik. Jakina, beti izango dira sinesgogorrak ere...”

Ondoko urteetan, Burton doktore horrek bere gaixoei ere ipini zizkien erle ziztadak, eta lortutako sendaketez informazioak eskaini zituen. Aipatu E.W.Ainley-Walkerren galdetegiari erantzun zioten beste dozena mediku eta sendalari ez-medikuek antzeko esperientziak kontatu zituzten.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan