Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Bertsoaren haria Hernanin
Atalak: Bertsolaritza
Apirilaren 25ean Hernaniko Kultur Etxean aurkeztu dugun liburua hiru hankako proiektuaren zati da, hanka bat. Lehen hanka da “Hernani bertsotan” DVDa, 2010ean kaleratu zena eta liburuarekin batera banatuko dena. Bigarrena web orria, diseinatua dagoena eta gure erritmoan baina etorkizun hurbilean liburuko edukiekin osatuko duguna. Eta hirugarren hanka hauxe, liburua.
DVDa aipatu dut eta DVDrako Unai Agirrek eta Jexux Mari Irazuk grabatu zituzten 35 elkarrizketa. Liburua egin heinean, beste 15 elkarrizketa egin ditut. Beraz, 50 elkarrizketa dira liburu honen oinarria.
Batetik elkarrizketak, beraz, eta bestetik beste hiru iturri nagusi:
Auspoa saila. Auspoako 21 liburutan aurkitu dut hernaniarren edo Hernaniren berri. Auspoako liburuen bidez osatu da batez ere lehen zatia, zaharrena. Liburu honen ekarpena, beraz, han eta hemen Hernaniri buruzko edukia biltzen duela.
Beste iturri handi bat Zeruko Argia eta ARGIA dira. Oso baliagarri izan da bertso jarriak, kronikak eta argazkiak biltzeko. Izan ere Zeruko Argiak eta Argiak 1965etik papereratu dituzte bertso jarriak; eta Zeruko Argiatik hartutako hainbat kroniken artean daude 1980an Hernani-Usurbilen artean jokatutako erronka famatua edo garai berean egin ziren Hernaniko lehen txapelketak.
Beste iturri bat Bertsozale Elkartearen datu basea da. Interneten dago, bertsozale elkartearen webgunean, merezi du saltseatzea, eta horko edukiak Xenpelar Dokumentazio Zentroan eskuratu daitezke. Altxor haundi da, denon artean elikatu eta zaindu beharrekoa.
Iturri horiek eta beste hainbatekin; elkarrizketak, liburuak, aldizkariak, bertso grabazioak… pieza askoko puzzle bat da liburua. Ahots pila bat ageri dira liburuan, bakoitzak kontatu du berak bizi izan duena eta berak ezagutu duena. Eta libururako egin duguna da kontakizun horiek ordenatu gaien inguruan.
1940ko Hernaniren orria.
Adibidez, 1900-1940 garaiko Hernaniri buruzko orria osatu dugu Inaxio Mari Zubeldiak esandakoekin, Paulo Zubiarrainek Ia kantatuz bezela liburuan idatzitakoarekin, Antonio Zubiarrainek esandakoekin eta Lengo egunak gogoan liburuan Uztapidek idatzitakoekin… Testuaren bukaeran beltzez agertzen da aurreko hori nork esan duen eta non (ze liburutan. Izena bakarrik ageri bada, esan nahi du gure elkarrizketetan esana dela).
Puzzlearen emaitza da garai bakoitzaren berri ahots anitzez islatzen dela. Momentu eta gertakizun bera bakoitzak desberdin kontatzen duela, piezek ez dutela beti enkajatzen…
Liburuaren eskema:
8 atal edo garaitan banatuta dago liburua. 1800ean hasi eta 2013ko Txapelketa Nagusiaren laburpenarekin bukatzen da.
Atal bakoitza Sarrera historiko batek irekitzen du. Eta nor hoberik Hernaniko bizitzaren historiagile den Urko Apaolaza Avila baino, bertso eskolan ere ibilia. Gozamena da bere sarrera laburrak irakurtzea.
Atal bakoitzean sarrera historikoaren ondoren datoz garai hartan kantuan entzun zitezkeen bertsolari bakoitzaren biografia, (garai hartan kalean kantuan zebiltzanak, ez jaiotakoak).
Eta bukatzeko, atal bakoitzaren bukaeran datoz garai hartako gaiak. Gaiek denbora zeharkatzen dute, esan nahi dut bada sorrera urtean kokatzen ditugula, esaterako, 1900-1940 garaian Hernanin errondak egiten direla dakigu, baina errondaren bilakaera kontatzen da gaur arte. Beraz, atal zaharrenetan dago gaurko errealitatearen berri, garaiak uztartu ditugu gaietan.
Hori edukiz. Horri denari forma, diseinua, inprimatzea, Antza inprimategian egin dugu. Antzan ez da hernaniarrik falta, lankide ere baditut eta liburu honekin buru-belarri saiatu dira. Eskerrik asko, bihotz bihotzez.
Liburuko altxorra, esklusiba
Liburu honek badu esklusibatxo bat, ekarpen bat bertsoaren historiari. Joxepa Matea Zubeldia bertsolaria. Baztangaren bertsoak oso ezagunak dira herrian, baina bertsolariaz deus gutxi genekien. Libururako bere ondorengoen bila hasi, eta ondoan neukan, lankidea! Arantzazu Ruiz, liburuaren azalaren egilea. Arantzazuk Zubeldia berramona zuen. Arantzazuren aitak eta osabak, Joxan eta Mikel Ruizek kontatuta osatu dugu Joxeparen biografia.
Baztangaren bertsoak Bidea urratu duten bertsoak liburuxkan jaso genituen ARGIAn.
Bertsoak kokatzeko, gogoratu dezagun 1918an Gobernadoreak Lasarteko baztangadun gaixoak Hernaniko Benefizentzi etxera ekarri nahi zituela. Izurritea zabaltzeko beldur ziren herritarrak, eta alkatea eta ordezkari politikoak, gizonak, burokrazia lanetan negoziatzen aritu ziren. Gobernadoreak kasorik ez, eta gurdietan gaixoak ekarri zituztenean, emakumeek aurre egin zioten. Bertso epiko hauek detaile handiz kontatzen dute emakumeen borroka hura.
Lasai lo egiteko esango dizuet, baztanga gaixotasun hilgarria zela garai hartan, eta alternatiba bat proposatzen zutela hernaniarrek, insolidariotasuna baino prebentzioa zela nagusi.
Irudikatu bertso hauek nola zabaldu ziren, Tilosetan herri bazkari bat egin zen garaipena ospatzeko eta Zubeldia mahaira igo eta bertso hauek kantatu zituen, bere alabak erabat lotsaraziz, emakumea han jendaurrean bertsotan hasi zelako.
Hariaren korapiloak: loturak, bitxikeriak
Liburu borobila da, zirkularra. Txabolategi da Hernanin ezagutzen dugun lehen bertsolaria. Euskal Herrian ezagutzen den lehen desafioa berak jokatu zuen Juan Inazio Zabalarekin, 1801ean Villabonako errebote frontoian, 4.000 pertsonaren aurrean, bi orduz eta azkenean enpate eman zuten… Eta liburuaren amaieran, Eli Pagola da liburuko bertsolari gazteena, Txabolategiren ondorengo zuzena, desafioetan trebea: 2013ko tabernetako txapelduna.
Hona hemen Txabolategik Fernando Amezketarrarekin plazan kantatutako bertsoa, bederatzi puntukoan aritu ziren teman:
Gizon tabernariyak
askok degu lan au:
jai arratsak kanpuan
bostetatik lau;
ezin erretiratu
ez egun ta ez gau;
jan eta kantatu
sakelak badirau;
zurrut eta mamau,
ez danian barau,
okerrena nerau,
badet ezaguera au;
andriak mudatzeko
enkargatzen nau.
Familia lotura asko ageri dira liburuan: Santa Kruz eta bere ondorengoak, Olegario Garin eta Antton Garin, Anatx aitona, Anatx aita, eta Anatxen seme-alabak, hiru belaunaldi… Juan Joxe Andola eta bere biloba Juanjo Uria, Paulo Txikiatarrak, Saiburutarrak…
Bi Lujanbio, Txirrita eta Maialen, Euskal Herriko bi txapeldun. Bertsotan bi aro markatu dituztenak, inpronta jarri dutenak. Bi artista, Hernaniko bi ikur.
Hemen Txirritaren bertso pare bat. 1935ean txapela jantzi, eta 1936 hasieran omenaldia egin zioten Errenterian. Badakizue Txirritak 140 kilo eramateko bi bastoiren laguntza enpliatzen zuela, eta omenaldi hartan hirugarrena, aginte makila, eman zioten. Hara bere eskertzeko bertsoa:
Hirurogei ta hamasei urte,
garaia det umiltzeko,
bultza beharrik ez nedukake
goitik behera amiltzeko;
bi makil hoiek aski nitun nik
munduz mundu ibiltzeko,
hirugarrena andregaiari
arkakosuak hiltzeko.
Gero bazkaria egin zuten eta bazkalostean ere ez zen bertsorik falta izan, tartean, Uztapiderekin kantatutako hauek.
Uztapidek:
Zure bertsua beti izaten da
garbia eta klarua,
estimatzeko modukua da
zuk daukazun zahartzarua;
zu bezelako aita batekin
gaztientzat anparua,
hankak pixka bat makaldu arren
argi daukazu burua.
Txirritak:
Nere arteko pasadizua
esaten biet abitu,
zuri ez dizu kalte egingo
eta mesedez aditu:
reuma gaiztuak harrapatuta
elbarri nintzan gelditu,
neri gaitz hori eman ziranak
zuretzat ere baditu.
Maialen Lujanbiok ere utzi du bertso ederrik txapelketan. Hona “eskua” hitzari kantatutakoa, 2001ean.
Langileek lakar ta
pianistek fin-fin,
instrumentua joaz
bost hatz hoiekin.
Eskua eman leike
edo kendu berdin.
Sinbolizatu nahi det
nik herriarekin;
hemen hainbeste min
eta biziezin,
hainbat negar gordin,
behingoz buka dedin,
heldu eskutik eta
aurrera egin. (bis)
Bi txapel nagusi baditu Hernanik eta herriko palmaresa ere osatu dugu. Denen artean kategoria eta mota guztietako 65 txapela ditu Hernanik.
Joanito Dorronsorok (Zumaiako honen antzeko liburuaren egileak) esaten du kultura dela gizartearen zentroa, eta kulturaren barruan ahozkotasuna eta bertsoa. Bertsoa gizartearen zentroa, bizimoduaren muin muinean dagoena. Horregatik adierazi direla bertsotan eguneroko mila gai, egunerokoan txertatuta egon delako: gai sozialak, politikoak, ingurumenarenak, erlijiosoak… Liburuan bertso bidez jakingo duzu herriko hainbat gairen berri: Gerra (zenbat bertso jarri diren edo zein gutxi!); Donostira zijoan tranbia; Hernaniko erronda (Txirrita garaian hasi eta egun bizirik dena); sagardotegiak; Tabernetako txapelketa…
Eta esan badugu liburua piezaz osatutako puzzle bat dela, ba Hernaniko bertsolaritza bera ere pieza bat da Euskal Herriko bertsolaritzaren puzzlean. Liburuan ikusten dira Euskal Herri mailako gertaerak Hernanin islatuta: Franco garaian Azpillagak eta Lopategik zer bertso kantatzen zituzten eta zer su sortzen zuten herritarrengan; Amurizak kontzeptualki ekarri zuen iraultza, esan zuenean bertsotan egiten ikasi egiten dela eta beraz denok garela gai bertsoa egiteko; Uria alkate zela Amurizaren ikastaroa antolatu zuen udalak herrian eta hortik etorri zen bertsolari helduen asteartetako bilera edo entrenamenduak. Kontzeptu aldaketa horren haritik sortu ziren Euskal Herrian lehen bertso eskolak (horien artean Hernaniko ikastoletakoak); Bertsozale Elkartearen sorreran eta lehen txapelketen antolaketan hernaniar bat aritu zen (Juanjo Uria) eta geroztik herritar mordoak parte hartu du bertan (egungo koordinatzaile nagusia ere Aritz Zerain da), eta Hernaniko bertso eskolakoek hainbat proiektu sortu dituzte Euskal Herri mailakoak (Bertsoa.com webgunea, Ornitorrinkus emanaldia, Inaxito bertso antzerkia…)…
Liburua salgai ARGIAko dendan
Liburua salgai jarriko dugu berehalakoan argia.euseko dendan. Hernaniko Dobera Elkartean, Leokadisti dendan eta Hernaniko Elkar Megadendan ere eskura dezakezu.
Albistea beste medioetan
Bertsoa.com, 2014-05-02, elkarrizketak
Hernaniko Kronika, 2014-04-25, elkarrizketa
Hernaniko Kronika, 2014-05-04, erreportajea
Hernaniko Kronika, 2014-05-04, Joxepa Zubeldiaz erreportajea
Berria, 2014-05-01, elkarrizketa
Diario Vasco, 2014-04-27, elkarrizketa
Euskadi Irratiko Faktoria saioa, 2014-05-09, elkarrizketa
Garako Gaur8 gehigarrian, erreportajea
Diario Vasco, 2014-05-19, erreportajea