Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
2024-11-18 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Mapan, gorriz, EAEko lur potentzialki kutsatuak. Guztira 12.467 dira eta horietatik 1.557 dira zabortegiak, gainerakoak, industria lurrak.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean parte hartu du (hemen ikus daiteke bideoan). Talde ekologistak oroitarazi du EAEn erabiltzen ez diren zabortegiek ura kutsatzen jarraitzen dutela: “Hau ez da ingurumen arazoa soilik, osasun publikoko afera ere bada”. Alderdi politiko guztiek erakutsi dituzten asmo onetatik harago joateko, eskatu du aurrekontuetan sartu dadila gai hau eta lan mahai bat martxan jarri dadila, “EAEn erabiltzen ez diren zabortegi guztien ikerketa, inbentarioa, egutegia eta zigilatzea egiteko”.
Talde ekologistak jakinarazi du Europak norabide berean presio egin diola Espainiako estatuari: “2024ko otsailaren 9an jakin genuen Europar Batzordeak Espainiako Estatua Justizia Auzitegira eramango duela hondakinei buruzko europar zuzentarauak ez betetzeagatik eta aukera dagoela isun ekonomiko handiak ezartzeko. Espainiaren aurkako auzia bada ere, uraren eta hondakinen kudeaketa partekatua da, Espainiako Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean”.
Amiantoa eta lindanoa daude zabortegi horietako askotan
Zabortegi horietako askok hondakin arriskutsuak pilatuta dituztela nabarmendu du Ekologistak Martxanek: amiantoa, lindanoa (HCH)… azken hori dago, adibidez, Santurtziko Etxe-uliko zabortegian, Lemoizko Jata zabortegian, Bilboko Artxandan eta Santo Domingon eta Gasteizko Gardelegin. Ekologistak Martxaneko kideek adierazi dute horren ondorioa dela urak kutsatu egiten direla: “Okerren dagoena Nerbioiko Ibaizabal estuarioa da, Aztiren txostenetan ikus daitekeen moduan”. Baina substantzia horiez gain beste asko eta asko ere ura kutsatzen ari direla gehitu du.
12.467 lurzoru daude potentzialki kutsatuak EAEn
Ekologistak Martxanek azaldu du badagoela zabortegiak itxi eta zigilatzen lagunduko duen lanerako erreminta baliagarri bat: Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioa. Bertan EAEko 12.467 lurzoru agertzen dira potentzialki kutsatu moduan. Gehienak, 10.910 lurzoru, industrialak dira, eta 1.557 lurzoru zabortegiak. Zabortegi horietatik 718 Bizkaian daude, 531 Gipuzkoan eta 308 Araban.
Inbentario horretan agertzen direnak lur “potentzialki” kutsatuak dira. Ekologistak Martxanek azaldu duenez, administrazioaren arabera, lur horiek beste erabilera bat izaten duten arte ez dira karakterizatu eta izendatu beharrik. Baina Ekologistak Martxanen hitzetan, “beharrezkoa da lur horiek karakterizatzea, eta beharrezkoa da lur kutsatuak direnak horrela izendatzea, ixtea eta zigilatzea, eta erregeneratzea”. Hori egitea 2008tik derrigorra dela oroitarazi du, eta horregatik eramango duela Europak Espainia auzitegitara.
Ihoberi eskatu dio zabortegi bakoitzaren informazio teknikoa publiko jartzeko
Lurzoruen inbentario horri lotuta, zabortegi bakoitzaren informazio asko dagoeneko jasoa dagoela adierazi du Ekologistak Martxanek. Ihobek duela datu bilduma hori fitxetan eginda, baina ez dagoela denen eskura: “Ihoberi informazio hori eskatu izan diogunean, erantzuna jasotzen denbora pasatu izan da. Izatez, lehen aldian erantzunik jasotzen ez genuenez, Arartekoaren kexa bat jaso zuen eta horren ondorioz eskuratu genituen”. Fitxa horiek interneten denen eskura jartzeko eskatu dute, datu asko ematen dituelako.
Jatako zabortegiari buruzko Ihoberen fitxa.
Esaterako, Ihoberen fitxa horietan agertzen da Jatako zabortegi ohia: Lemoizko 18.000 hektarea hartzen ditu, Urrutia familiarena da, “lizentziarik gabe, inkontrolatua” dela dio, bertan hondakin “ez arriskutsuak” daudela, baina jarraian, deskribatutako hondakinen artean “lindanea” agertzen da, baita altzairugintzako hautsak eta errautsak ere, eta produktu kimikoak (pintura, disolbatzaile, barnizak…). Suteak maiz izaten dela jartzen du eta ez dagoela urentzat kanalizaziorik, ez lurrazpikorik, ez euri urak hartzekorik, ez ur lixibiatuen muestrak hartzekorik. “Inpaktuaren deskribapena” atalean dio: “zabortegiaren azpian daude Artadi erreka eta Urbieta urmaela (Itoizko urmaela)”. Eta ez dauka zabortegi hau ixteko plan idatzirik.
“Nahi duena izango da”
2024-09-23 // Feminismoa // Iruzkinik ez
“Hankartean hau dauka baina berak erabakiko du neska edo mutila den” –guraso aurrerakoien modako esaldia–. Elkarrizketarik ez da sortzen plazan, ea bakoitzaren ustez “neska” edo “mutila” izatea zer ote den hankartean genital bat izatetik harago. Jarrera ireki bat azaltzen du guraso aurrerakoi horrek, “berak nahi duena izango da eta nik onartuko dut”. Ume horren nahiak eta izaera kanpoko eraginik gabeak, berezkoak balira bezala. Hain justu gurasook gure haurren izaera eta nahietan eraginik ez bagenu bezala.
Ikerketek diotenez, munduratu berri den haur bat besoetan hartzen dugun lehen momentutik elkarreragiten dugu eta elkarrengana egokitzen goaz: haurraren keinu batzuk gustuko ditugu, atseginak zaizkigu, agian grazia egiten digute, eta hankagorriak perzibitzen du erreakzio positiboa sortzen duela gehien maite dituenengan. Aldiz beste keinu, soinu, mugimendu batzuk arraroak zaizkigu, agian desatseginak, edo ulergaitzak, eta hankagorriak gutxienera ezerosotasuna perzibitzen du. Zergatik egiten dute irri sei hilabeteko umeek? Umorea garatu dutelako? Edo irri eginda ingurukoen arreta lortzen dutelako, imitazioz helduek irri batekin erantzuten diotelako eta haien artean jolas edo komunikazio positiboa sortzen delako? Eta pentsatzen jarrita, gure gorputzek egin ditzaketen keinu eta hots guztiak kontuan hartuta, ez ote da gama oso murritza pertsona guztiek adierazteko erabiltzen duguna? Ez dago gizartetik kanpo hazitako umerik, ez nortasuna adierazteko gizartetik kanpo garatutako modurik.
“Berak nahi duena izango da”, ados, demagun “barra libre” bat daukagula gure etxeko paradisuan, edo arropategi amaiezin bat umeak uneoro nahi duen outfita aukeratu dezan bere barrena adierazteko. Gurasook erlaxatzen bagara eta une batez eranzten baditugu bakoitzak plazara ateratzen duen kamisetako aldarria eta bere etxearen bertsio ofiziala –“gureak lehen egunetik eta beti gau osoa egin du lo” eta tar-tar-tar–, bakoitzak gure buruari aitortu diezaiokegu gure ondorengoen zein hautuk edo haien izaera adierazteko zein moldek egiten diguten atximur sabelean. Atximur horrek gure buruaz hitz egiten digu, gure nahiez, gure uste eta sinesmen sendoenez, gure beldurrik larrienez… Jende “matxista” edo “normatibo”en atximurrak erraz seinalatuko genituzke: “Bere alabak galtzak, ile motza, jarrera ausarta eta lotsagabea, ekimena, kirolerako anbizioa izatea gaizki darama, begira nola eragiten duen guraso horrek gaztetxoarengan, erreprimitzen, gizarteko araua indartzen eta erreproduzitzen”.
Baina ARGIA ez dugu jende horrek irakurtzen. Jende kontzientziaduna gara, generoaz hausnartu dugu, edozein pertsonak, hankartean edozein genital izanik ere, edozein aukera egin ahal izan dezan ari gara eguneroko lanean. Beraz? Guri ez digute gure ondorengoen erabakiek eta izaera islatzeko moduek atximurrik sortzen sabelean? “Barra eta arropategia libre, maitia”? Alabak beti arrosaz eta gorputza markatuz jantzi nahi duenean ere bai? Semeak egun osoa futbolean ematen duenean ere bai? Alabak flekiloa eta melena gero eta luze eta lisoagoa daramatzanean ere bai? Semea ahoz beharrean beste umeekin kontaktu bidez erlazionatzen denean ere bai, edo ahozko adierazkortasun kamutsa eta zabarra duenean ere bai? “Barra libre, maitia”, baita genero arauak eta Disney-k eta gizarte matxista normatibo honek bultzatutako horixe aukeratzen duzunean ere?
Atzerakoitzat ditugun pertsonek haien seme-alabei uneoro genero araua exigitzen dietela uste dugu. Baina gure burua aurrerakoitzat dugunok gure seme-alabak uneoro genero arautik irtetea txalotzen badugu, gure etxean arau bat sortzen ari gara. Biak dira arau, eta txarrena da biak dabiltzala esterotipo edo marra gorri beraren bueltan. Sabelean sentitzen ditugun atximurrak aukera paregabeak dira heldu bakoitzak gure izaera, sinesmen, beldur eta abarrez hausnartzeko. Onartzen al ditut izaeraren adierazpide guztiak? Zeintzuk jartzen naute urduri? Benetan barra librea eta arropategi amaiezina guztiontzat eta aniztasuna nahi baditugu, heldu bakoitzak badugu lana, izaeraren adierazpide guztiekin adiskidetzen. Gizarteko genero arau hegemonikoa jarraitzen duten adierazpide horiekin ere bai, maitia.
Nork ebaluatzen du azterketa orria?
2024-06-03 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Azterketak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxillergoan ebaluazioaren oinarria. Gaur ez nator mundua aldatzearekin amestera, ez nator “azterketak ez du ikasleak dakiena islatzen” predikatzera.
Hel diezaiogun zezenari adarretik, edo azterketari boligrafo gorritik. Gurasoaren lekutik idazten dut: ziento bat azterketa egin izango genituen gure ikasle garaian eta orain etxean ikusten dugu ikaslea ekinean. Helduen begirada dugu eta eskolako bileretan irakasleekin enpatizatzen eta haien aldea ulertzen saiatzen gara. Eta horrekin denarekin, ba porrusalda egiten dugu afal garaian mahaira ateratzen diren “ez dago eskubiderik” eta “nola liteke”ak liseritzen laguntzeko.
Irakasleei porrusalda hau irensgarri gerta dakien, adierazi nahi dut ikastetxera edozein galdera, kezka edo iradokizunekin jo dudanean erantzun oso ona jaso dudala: momentuan bertan eta prestutasun osoz eman dizkidate argibideak edo materialak. Alde biko enpatiatik joan gara elkartzen gaituen ikasleari laguntzen, bidean izan dituen oztopoetan. Esan gabe doa, etxean ikasleen “ufa” eta “aiene”ei leku egiteak ez duela esan nahi haien kexa denak konstituzioko artikulu bihurtzen direnik. Baina bai, aizue, ikasleek haien adin labur edo gaztean, oso zentzuzko gauzak ere esaten dituzte, eta haiek parte diren ikaskuntza prozesua interpretatzeko eta korapiloak non diren adierazteko gaitasun zorrotza dute, baita ekarpenak egitekoa ere. Haiei entzunda, hauxe nire ondorioa: beti ez direla azterketa bat gainditzeko bermatu behar diren gutxieneko baldintza hauek betetzen:
Azterketan zehazki zer sartzen den eta zer ez jakitea. Azterketan galdetzen den edukia ikasle denen etxeetara iritsi izana. Azterketan galdetzen dena klasean ulertzeko moduan eta behar den denbora eskainita azaldu izana (positiboan jarrita ez ulertzeko tarte zabalegia utzi dut, ezta? Negatiboan: “Klaseko azken hamar minututan azkar azaldu eta galderei ez erantzutea”). Azterketan jartzen diren ariketak edo egin beharreko lanak (testu iruzkinak, x mailako ariketa matematikoak…) aurrez klasean egin eta zuzendu izana. Azterketa irakurtzean ikasleari sortzen zaizkion galderak argitzea (zergatik ez da bermatu behar ikasleak azterketan eskatzen dena zer den ulertzen duela? Zergatik eman behar da egintzat azterketa idatzita dagoen moduak ez duela dudarik sortuko?). Azterketa esleitu zaion denbora horretan egingarria izatea (kaixo filosofiako irakasleak). Azterketan galdetzen dena gai horretan esanguratsua izatea (kaixo urte asko gauza bera ematen eta beti garrantzitsuena galdetzeaz nekatu zareten irakasleak).
Hainbeste urte daramatza hezkuntzak ikasleak etengabe ebaluatzen, eta oraindik ez du ikaskuntza prozesuaren parte diren kide guztien ikuspegia integratu ebaluazio bakoitzean. Eta hori ezinbesteko baldintza da azterketaren beraren emaitzak ulertu ahal izateko: zer gertatu da azterketa horretan, eta zer gertatu da azterketa horretara iritsi bitarteko ikaskuntza prozesuan, ikasgai horretan eta talde horretan? Prozesu baten parte diren kide guztien ikuspegia jaso behar du ebaluazioak; ongi ebaluatzeko eta hobetzeko modu bakarra da. Hor aurkituko ditugu ikasgai batean pilatu diren “nota txarren” erantzunak, eta ikasle zein gurasoei hitza emanda aurkituko ditugu, horiek esango dute zer falta izan zaien, zer zailtasun topatu dituzten bidean. Baina nola egiten da hori? Nola egiten da prozesua bera eraikitzailea izan dadin? Nola egiten da ikasle eta gurasoen ikuspegia ez dadin “kritika erasokor”, “kexa”, “irakaslearen aurkako epai” bihurtu? Prozesuan zehar izan behar dute parte-hartze antolatua partaide guztiek, prozesuari berari buruzko gogoetak eta ekarpenak egiteko, prozesua garaiz aldatzen joateko. Azterketa egin ostean hitz egiten hastea, alferrik eta mingarri da, denentzat. Baita ikaskuntza prozesuari buruzko bere ikuspegi eta bizipenak ixildu eta aldi berean “gehiago saiatu behar du”, “gabeziak ditu”, entzun behar duten ikasleentzat ere.
Eztabaidak eta oporrak
2024-04-08 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
1.400 hegaldi atera dira Loiutik Aste Santuko oporretan, eta doinu positiboan jakinarazi dute albistegietan. Auto elektrikoak kargatzeko ilaran geratu dira hainbat orduz hornidura puntuetan: kolapsoaren irudi biribila, baina ez izan marmartia, irtenbide zoriontsua berriztagarriekin bizimodu bera jarraituko dugula antzeztea da. Oporrak izan daitezke ditugun gairik politikoena: bizidunok zer gara bada mundu honetan ematen dugun denboratxo hori ez bada? Eta zertan ematen dugu denbora lanetik aske garenean? Nola betetzen dugu denbora hori, zer bizitzeari eta zer egiteari ematen diogu balioa?
Enegarren oporraldiz ez dugu etxetik kanpo lo egin sozioak eta biok (ondorengoek egin dute joan-etorririk ondoko herriko lagunen baten etxera). Haserre sumatu dut nire burua. Gozatzeko, plazer hartzeko ez dagoela kilometroak egin beharrik gogorarazi diot. Baina haserrea leherrarazi dut oporretako bigarren egunean, etxeko guztiak mahaian geunden otorduan. Kanpoko ostaturen batean azpikontratatu ezean, noraino dira oporrak etxearen karga oso modu desorekatuan beregain duen emakumearentzat? Are, gizonak oporrik ez badu egun horietan? Eta elkarrekin egoteari denbora eskaintzen diogunean ere, noraino gaude elkarrekin konexioan eta ez pantailei so elkarren ondoan? Elkarrekin zer egiteko ilusioa dugu, eta bakoitzak zer jarrera elikatuko du, esperientzia hori mikaztu beharrean gozarazteko ekimena denona izan dadin?
Bi eguneko eztabaida izan da, ez da bizipen goxoa ez erosoa izan. Baina pasatu orduko, asko poztu naiz berau bizi izanaz. Zein beharrezko diren sakoneko eztabaidak, mugiarazten gaituztenak. Ez ote ditugu gehiegi saihesten egunerokoan? Zertarako pizten ditugu pantailak, elkar despistatu eta gatazkak itzaltzeko ez bada? Eztabaidaz geroztik bizi izan ditugu barealdi opor egunak: landutako gatazka horiei esker kontzienteago bizi izan dugu elkarren konpainia, mahai-jokoek eta estalian zeuden eztabaida gehiagok ordezkatu dituzte pantailak, sendoago dugu etxea (eta ez hain garbi, ezinbesteko lanak birbanatzea eta hortik aurrera exigentziak jaistea adostu baitugu), elkarri etiketarik jarri gabe edozer gaiez eztabaidatu dezakegun lagunekin elkartu gara, egunerokoak ez ditugun lekuetan egon gara, eta zer arraio, elkarri arpa jotzeko materiala pilatu dugu. Gehien poztu nauena, semearen lagun batek gurean bost egun eman dituela izan da. Bi lagun oso desberdin egun osoz elkarri itsatsita eta haien saltsan sartuta: horiek bai oporrak.
Mundu honetan ematen dugun denbora, bizitza, zertan eta nola eman nahi dugun pentsatzen jarraitzeko aukera dugu apirilaren 13an Azpeitian, “Lurraren defentsan” Euskal Herria Bizirikek antolatu duen egunean. Hori ere badelako energiaren eztabaida. Gure bizitzez guri egitea dagokigun eztabaida, enpresek eta hauekin tratuan dabiltzan politikariek mezu sinpleekin eta soluzio azkar eta miragarrien ilusioa haizatuz saihesten duten eztabaida. Zein bizimoduk asebetetzen gaituen, zein diren gure benetako beharrak, zein desirei jarraitu nahi diegun. Kapitalismoak kontsumismoz bete dizkigun horiek, kolapsora garamatzatenak. Kantariak zioen eran, gure bizitzen lilia hartu eta hostoz hosto erantzi… Lurraren aldeko borroka, bizitza esanguratsuen aldeko borroka da.
Kaletarra traktoreei begira
2024-02-12 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Traktoreak Jaurlaritzaren aurrean. Argazkia: gasteizhoy.com.
Traktoreek errepideak hartu dituzte eta kaletarrok interpelatuta sentitu gara, aspaldiko partez. Zer ari zaizkigu esaten? Gehiago ezin diotela eutsi, herritarrontzat elikagaiak sortzen dituztenak bizi ezinik daudela. Aitor Aranburuk esnea eta haragia ekologikoan lantzen ditu eta ARGIAren Egonarria saioan azaldu zuen gizarte honek aukeratu egin beharko duela, ea laborariekin zer egin: “Etorkizunera begira eztabaida sozial bat emateko beharra dago, nolakoa den gure nekazaritza, nola sortzen ditugun elikagaiak eta nola kontsumitzen ditugun. Hiru alternatiba daude: bat da gaur egungo garapen eredu honekin jarraitzea; bigarrena da elikagaien teknologia deitutakoa, hau da, nekazaririk gabeko elikagaien sorkuntza, janari artifiziala alegia, batzuetan bakterietatik abiatuta eta bestetan ama zeluletatik. Eta hirugarren bidea da leku bakoitzeko kulturari eta beharrari lotuta ekoiztea”. Kaletarrok bat egin behar dugu laborariekin etorkizunaz erabakitzeko, zeren eta ez da haien ofizioa bakarrik, guztion eguneroko janaria da, eta biharko Lurra da.
Errepidera traktorerik handienak atera dituztenek orain arteko ereduarekin jarraitu nahi dute, elikagaien industriarekin alegia, baina laborariak hilabete bukaerara iritsi daitezen neurri batzuekin: adibidez, pestizidak erabiltzen jarraitzeko aukerarekin. Unzalu Salterain EHNE Bizkaiako koordinatzaileak El Saltoko elkarrizketan biribil azaldu du bai laborariei eta bai kaletarrei oparotasunaren ilusioa saldu dien eredu honen iruzurra: “Merkatu librearen laborantza politikak porrot egin du: jada ez dago elikadura merkerik kontsumitzailearentzat”. Noiz arte jarraitu behar diegu laborariak itotzera, herritarrok kaka jatera eta Lurra kutsatzera eraman gaituzten ereduari eta agintariei? Handiago, gehiago, azkarrago, merkeago logikak ekarri gaitu hona. Laborantza eredu hori eta kontsumitzeko modu horiek dira klima larrialdiaren eragile nagusietakoak.
Laborariak eta Lurra aldi berean ari zaizkigu herriari deika. Guztiok, baita kaletarrok ere, etorkizunean ongi biziko bagara, bi korapiloak askatu behar ditugu batera, bi gaiak harilkatuta baitaude mataza berean: Lurrarekin errespetuzkoa den laborantza eredua eta kontsumitzeko moduak bultzatzea dagokigu, laborariak eta kaletarrak elkartuta. Laborariek egon behar dute trantsizio ekosozialaren erabakiguneetan. Eta bai, noski, laborariak behar ditugu gure herrian: askoz gehiago egun daudenak baino, bakoitza askoz traktore txikiagoarekin, eta lan baldintza duinekin. Horretan zergatik ez diru publikoa inbertitu? Laborariak eredu industrialera bultzatzeko gastatu den bezainbeste edo gehiago inbertitzea dagokigu, makroetxaldeek agroekologiara trantsizioa egin dezaten. Herritarrok plazerez egin dezakegun ekintza zuzena, laborariei zuzenean edo zirkuitu laburretan erostea da: azoka, kontsumo talde eta denda txikiak bizitzea. Kaletarron bizimodua eta baserritarrena txanpon beraren bi aldeak baitira.
Lanbide guztiek badute bere zaintza
2023-11-29 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Badira erabat zaintzakoak diren lanak. Horiek gizon eta emakumeen artean banatu behar genituzke eta kito. Baina bai zera, gizarte honetan badirudi lehenago izango dela posible zaintza publiko indartsu bat sortzea (unibertsala eta lan baldintza onetan, baina emakumeek egindakoa), gizonek zaintzaren ardurari eustea baino. Zaintza sistema publiko horretan langileen erdia gizonak izatea eskatuko nuke, kupoa, alegia, hauteskunde zerrendak osatzerakoan dagoen bezala. Agian zaintza lanak lehenago duinduko lirateke horrela eta gure imaginarioan aldaketa handia ekarriko luke.
Zaintzaz ari garenean beti hitz egiten dugu erabat zaintzakoak diren lanez, baina nire ustez beharrezkoa da langile guztiek izatea nork bere lanetik herritarrengan burutzen duen zaintzaren kontzientzia. Izan ere, zaintza bizitza osoan behar baitugu, eta batez ere, umeak eta helduak zaintzen ari garen garaietan behar dugu gu ere zainduak izatea. Bizitza osoan zehar eta egunerokoan gizarteak eusten edo zaintzen gaitu: bata besteari gogorki lotuta egotea komeni. Hamaika adibide etorriko zaigu bakoitzari burura: zure gabeziak beharrean zure ahalak ikusten dituen irakaslea; mugikorrez burutzea lortu ez duzun transferentzia zure ondoan jarrita egiten erakusten dizun bankuko bulego-langilea; izenez deitzen zaituen dendaria; burua garbitu bitartean masaje gozo bat ematen dizun eta berarekin bizitzako gorabeherez hizketan aritzen zaren ileapaintzailea; menua zure beharretara egokitzen dizun tabernaria… “Zer behar duzu? Zuri laguntzeko nago” jarrera dute horiek denek eta gutako bakoitzaren onena ateratzen dute; norberari ere besteak zaintzeko jarrera eragiten digute.
Tamalez, gero eta ohituago gaude zaintzen ez duten lanpostu eta langileen jarreretara: ikasleen galderei “hori jakin beharko zenuke” erantzun eta azalpenik gabe uzten dituzten irakasleetara; zure neurriko galtzengatik galdetu eta “dagoen guztia apalategietan dago” erantzuten dizuten saltzaileetara; “eragiketa hori makinan egin behar duzu” bideratzen zaituzten bankuko bulego-langileetara; “hitzordua internetez hartu behar duzu” altzairuzko bunker egin den administraziora; presaka eta begietara begiratu gabe zerbitzatzen duen tabernarira; aurrez aurre artatzen ez zaituzten osasun langileetara…
Zaintza pertsonok egiten dugu. Zaintzen ez duen langilea makina batek ordezkatzeko modukoa da. Gero eta lan gehiagotan ordezkatu dituzte makinek herritarrei arreta ematen zieten lanpostuak. Eta bide horretan galduz goaz bizitza osoan zainduak izateko eskubidea.
Kiroleko indarkeria denei stop, “abusoirik” ez
2023-08-28 // Feminismoa, Hezkuntza // Iruzkinik ez
Berri oso on batekin ekingo diote ikasturteari aisialdian kirola egiten duten adin txikikoek, denen artean Rubiales jokamolde gehiago ez egotea lortu dezagun. Izan ere, irailaren 1etik aurrera Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako kirol erakundeek lege organiko hau bete beharko dute: “8/2021, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzkoa”. Honen helburua “ingurune seguruak” eraikitzea da eta adin txikikoen aurkako “indarkeria-egoerak prebenitzea, garaiz detektatzea eta horietan esku hartzea”. Hori gauzatzeko, administrazioak protokoloak garatuko ditu, prestakuntza emango die adin txikikoekin eskuhartzen duten kirol munduko pertsonei eta indarkeria-egoerak bideratzeko aholkularitza emango du. Eta kirol taldeek, besteak beste, zera egin beharko dute: protokolo hauek aplikatu, taldearen barruan “babes-ordezkaria” izendatu (erreferentziazko pertsona izango dena kirolari, familia eta gainerakoentzat), beharrezko neurriak hartu diskriminazio-egoerak ez emateko… Dagoeneko kirol taldeen eskura daude “tresna kutxa” eta “oinarrizko protokoloa”. Kirolari eta guraso guztiak animatzen ditut hauek irakurtzera (hemen irakurgai legea, eta tresna kutxa eta protokoloa deskargatzeko aukera).
Tresna kutxak galdera zehatzak planteatzen ditu kirolean egunerokoan ematen diren indarkeria egoerak identifikatzeko eta taldeko eragile guztiak egiten ditu partaide aktibo, askotan normalizatuta dauden indarkeria egoera hauei ezikusia egiteari uzteko eta tratu onezko kultura bat lantzeko denen artean: kirolariak, senideak, entrenatzaileak, arbitroak, kirol medikuak eta zuzendariak.
Indarkeria mota anitz hartu dituzte kontuan Jaurlaritzako eta Aldundietako teknikariek ondutako lanketa honetan, jakinda kirolean gehien ematen den indarkeria psikologikoa dela: kirola egiten dutenen %70ek pairatu dute. Ondoren datoz indarkeria fisikoa (%43k), kontakturik gabeko sexu-indarkeria (%36), arduragabekeria (%34) eta kontaktuarekin egindako sexu-indarkeria (%20).
Ekarpen modura, ikuspegi bat gehitu nahiko nuke. Lan honen oinarrian dagoen premisa hauxe da: “Haurtzaroan eta nerabezaroan kirola egitea gorputz-hezkuntzako oinarrizko funtzioa da osasunerako eta aisialdirako (nahiz eta, batzuetan, beste jarduera batzuetarako bilakaera izan dezakeen kirolak, lehiara edo profesionalizaziora bideratuta, esaterako)”. Uste dut ezinbesteko dela kirol taldeetako eragile guztien artean (gurasoetatik hasita) premisa horretan aipatzen den kirolaren ikuspegia lantzea, gehien baloratu daitezen ahalik jende gehienek kirola egitea bera, bizitzako ahalik urte gehienetan, plazera eta osasuna helburu hartuta. Tamalez, uste dut kirol taldeetan (gurasoetatik hasita) nagusi den ikuspegia premisa horren parentesian dagoena dela, alegia, lehiak irabaztea eta ia inor iritsiko ez den profesionalei begirako amets zozotan katramilatzea.
Kirola ikusteko modu honek egunerokoan beste diskriminazio bat gehitzen die tresna kutxa honek bikain izendatzen dituen horiei, hau da, adina, arraza, desgaitasuna, sexu-orientazioa, genero identitatea edo genero-adierazpena: “kapazitismoa” (nolabait izendatzearren, edo “txarrak vs abusoiak” kaleko hizkeran ezagutzen dena), lehia galdu duten edo kirola egiteko gaitasun eta abilezia gutxiago dutenekiko indarkeria. Tresna kutxak egiten dituen galderetan agertzen dira “kapazitismoaren” indarkeria egoera zehatzak, adibidez, gurasoek beren burari egiteko galderen artean dago hau: “Zure seme-alabekin lehiaketa bati buruz hitz egiten duzunean, zeri buruz galdetzen diozu? Emaitzari buruz bakarrik? Edo gozamenari eta saioari buruz?”; edo entrenatzaileek beren buruari egiteko galderen artean dago beste hau: “Inoiz umiliatu edo barregarri utzi al duzu entrenatzen duzun haur edo neraberen bat?”; baina uste dut diskriminazio horri izenen bat jartzea beharrezkoa dela, egunerokoan gehien ematen den indarkeria izan daitekeelako. Tresna kutxak planteatzen duen indarkeria estrukturalean ere, nabarmena da: kirol askotan zergatik entrenatzen dute egun gehiagotan A taldekoek? Indarkeria bortitza da, kirola egiteko eskubidea bera murrizten baitie A-koak ez direnei. Zein da administrazioak eta profesional izatera iritsiko ez diren herritarren %99,9ak bultza behar duen irizpidea entrenamenduak antolatzerakoan? Ez al da garrantzitsuena herritar ahalik gehienek kirola egitea, garapen integrala, osasuna, gozamena?
Egungo DBH ez da guztiontzat
2023-05-08 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
DBH berritzeko curriculuma martxan du Jaurlaritzak. Asmoa da lehen zikloa eremuka irakastea, ez ikasgaitan zatituta, eta konpetentziak izatea ebaluatuko direnak. Ongietorriak bitez oinarrizko aldaketa hauek. Derrigorrezko hezkuntza 16 urtera artekoa izatea lorpen ederra da, baina beste buelta bat ematen ez bazaio, ikasleentzat eta familientzat lau urteko aldapa gogorra bihurtzen da sarri. Ikasle akademikoak sasi-ordekan eta ez akademikoak ezinean joaten dira tropelean, lehen froga gisa, guztiak egunero sei orduz aulkian eserita egotera behartuz. Etxerako lanak eta prestatu beharreko azterketak gehituta, egun askotan soldatapeko langileok baino ordu gehiago eman behar ditu 12 urteko ikasleak lanean eta ez zaizkie asteburuak deskonektatzeko errespetatzen.
Derrigorrezkoa bada, ikasle guztientzakoa behar du. Lehen Hezkuntzan badira pedagogiaz eta izaeraz oso anitzak diren eskolak, eta zailtasunak zailtasun, ikasle guztiei erantzuteko egiten den saiakera nabarmenagoa da. DBHn ikaslea erdigunean al dago? Zein ikasle mota? Nola egin ikasleak, guztiak, ezaugarri anitzekin, erdian egoteko? Nola irakatsi bakoitzak bere ezaugarrien arabera ikas dezan? Hona birplanteatu daitezkeen hainbat puntu, DBH “ikasteko balio dutenak eta ez dutenak” etiketa banatzaile eta galbahe izan beharrean, ikasle guztiak ikasketetan aurrera bultzatuko dituen motor izan dadin:
Tamainak inporta du. Makrozentro konzentratuen ordez, auzoka, herrika eta bailaraka ikastetxe askoz txikiagoak (egungoen kopuru erdiak hartzen dituztenak) beharrezko dira. Eredu makroa traba da denerako, ez bada low cost-erako.
Itzuli haurtzaroari kendu dizkiogun bi urteak. Lehen batxilergoan 14-15 urterekin ikasten genuena orain 12-13 urterekin ikasarazten diegu. Legea egun batetik bestera aldatu zen, baina gizaabereon garapena ez. Ulertu ere ez dute egiten askotan, azterketarako buruan sartzen saiatzen direna. Zergatik ez itzuli Lehen Hezkuntzako ikastetxeetara, gutxienez DBHko lehen bi urteak? Ikastetxe kontzertatuek LH eta DBH osoa ematen badute, publikoek zergatik ez? Nerabeek oraindik behar dute LHn dagoen aniztasuna, irakasleen gertutasun eta akonpainamendua, hezitzaile ikuspegia… eta ez ikasgai zehatz batean jakintza handia frogatu duen aditua, ez badu hezkuntzarako bokaziorik eta gaitasunik. Ez al du errazago egokituko DBHko lehen zikloa eremuka lan egiteko lehendik proiektuka ari den LHko irakasleak, “ni kimikaria naiz” ihes egiten dion DBHko horrek baino?
DBH hobetzeko prozesuetan, izan daitezela Hezkuntza Bereziko irakasleak gidari eta gehiengo, erabakiguneetan. Haiek bai, hezitzaile izateko bokazioz formatu dute bere burua, eta egunerokoan saiatzen dira ikasle guztiek gainditu dezaten. Haiek badakite ikasle guztiak ez direla berdinak, denei ezin zaiela emaitza bera eskatu, bakoitzak bere koska gainditu dezan ikaskuntza prozesua moldatu behar dela… eta, batez ere, ikasteko prozesuan ez dutela irakaslearen azalpenek eta testuliburuek soilik parte hartzen: etxeko egoerak, bizitzako gorabeherak, bakoitzaren izaera-trebetasun-jakin-minak, ikaskideen arteko harremanak… Horiek denak ikasgelaren parte direla eta landuak izatea merezi dutela badakite.
Berriztagarriak non?
2022-12-30 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Eguzki energiarako Jaurlaritzak aurreikusia duen esklusio gunea.
Energia eolikorako Jaurlaritzak aurreikusia duen esklusio gunea.
Biomasarako Jaurlaritzak aurreikusia duen esklusio gunea.
Geotermiarako Jaurlaritzak aurreikusia duen esklusio gunea.
Eusko Jaurlaritzak EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) egiteari ekin dio. Gurdia idien aurretik jarrita goaz, hiru urte baitira Eusko Legebiltzarrak plan hau berritzeko eskatu ziola, eta plan hau gabe hasiak dira enpresak han-hemenka eguzki plakak eta haize errotak egiteko proiektuak aurkezten. Helbide honetan daude ikusgai LPS horretako hainbat dokumentu. Dokumentu horien artean bat da “LPSren aurrerapen dokumentua”, eta horien artean bat da “planoak”. Horietara joz, ikus daiteke EAEko zein eremu dauden izendatuak “esklusiogune” moduan energia fotovoltaikorako, eolikorako, biomasa elektrikorako, entalpia handiko energia geotermikorako, energia ozeanikorako eta minihidraulikorako. Mapa guztiak gainjarriz gero, ez dakit gorriz markatu gabeko zenbat gune izango diren.
Klima larrialdiaren aurrean CO2 ahalik gutxien isurtzen duten energien alde egitea ezinbestekoa da. Edozein modutan, ordea? Gaiaz mahai-inguru oso interesgarria egin zuten Altzon, hiru mahaikide hauen artean: Olatz Azurza (Ekopol), Aitziber Sarobe (ekologista) eta Hodei Arzak (Krean ingeniaritza enpresa). Sarobek adierazi zuen etorkizunera begira tenperaturaren igoera bezain arazo larri bat badugula: bioaniztasunaren galera. Eta berak oinarri hau planteatu zuen energia berriztagarriak non kokatu erabaki behar denerako: jada artifizialduta edo asfaltatuta dauden lurretan egitea, gure porlan lurralde industrializatu hau lehendik oso kastigatuta eta masifikatuta dagoela azpimarratuz.
Badirudi Sarobek planteatutako irizpide hau bat etor daitekeela agroekologia mugimenduak plazaratu duen adierazpenarekin: “Gure mendiak aske nahi ditugu eta horien defentsa autodefentsa agroekologiko gisa ulertzen dugu”. Arreta deitzen du lur berak direla hainbat energia berriztagarrirentzat “esklusiogune” izendatutakoak, eta horiek mendi kateak eta landa eremuak dira.
Berriztagarriak negozio lerro dira ingeniaritza etxeentzat, hauen piezak egiten dituzten industriarentzat… eta mendipuntetan jartzen badira hobe, asfaltolarientzat. Hauen denen marketin mezuek lotzen dute edozein berriztagarri proiektu “burujabetzarekin” (nahiz denek onartzen duten azalera osoa berriztagarriz okupatuko bagenu ere ez genukeela egungo argindar kontsumoa asetzeko adina lortuko), “etorkizunarekin”, “planetaren aldeko ekintzarekin”… Baina gaia kontraesanez beteta dago, eta xehe aztertu behar da horietako bakoitzak benetan zer kalte eragiten dion bioaniztasunari, azpiegitura hauen material guztiak ekoiztetik ezartzen direnera guztira zenbat CO2 eta kutsadura eragiten duten, zenbat lur eta ur erabiltzen duten, ekonomikoki guztira zenbateko kostua duten… eta benetan zenbat den hortik sortuko den energia, zenbat urtera iraungiko diren azpiegitura hauek, ekonomikoki errentagarriak diren, eta bioaniztasunari egindako kaltea asumitzea merezi duen.
Energia hidraulikorako Jaurlaritzak aurreikusita duen esklusio eremua.
Eta energia hidraulikoaz zer? Eztabaida puntu berean, bioaniztasunean
Eolikoen eztabaida pilpilean dago, baina badirudi epe motzera hidraulikoak ere eztabaida piztuko duela. Altzoko mahai-inguruan hala gertatu zen: Azurzak Euskal Herrirako energia berriztagarri egokiena moduan hidraulikoa ikusten duela azaldu zuen, eta Europako Hidrottipi ikerketaren berri eman zuen (Goienerrek hemen azaldua duena). Euskal Herriko orografia zaila energia hidraulikoarentzako abantaila dela azaldu zuen, eta bere garaian martxan izan ziren eta egun utzita dauden ur salto eta zentral hidroelektrikoak berreskuratzearen onurez mintzatu zen.
Sarobek, ordea, aukera hori “bioaniztasunarentzako txikizio” handia litzatekeela esan zuen. Gure errekak eta ibaiak itxuratzea lortu dela esan zuen, “juxtu azpiegitura horiek erabiltzeari utzi izanari esker”. Eta horiek berriz martxan jartzeak kasu askotan “itzulezina” litzatekeen galera ekarriko lukeela esan zuen (horrekin batera, esan zuen egungo kontsumoarekin alderatuta energia hidraulikoarekin lortzen den argindar kopurua oso txikia dela). Publikotik basozain batek adierazi zuen berak egunerokoan ikusi duela energia hidraulikoak sortu dituen kalteak eta ez lukeela horretara itzultzerik nahi.
Amaitzeko, hitzaldian aipatu zen puntu batek izulaborria eragin zidan: guretzat oso garestia den hemen sortutako energia elektrikoa oso merkea dela Europarentzat. Eta Pirinioetako pasabidea izanik, Iberiar penintsularen hegoaldean sortutako energia Europa iparralderantz eramateko “autopista elektrikoz” josiko dizkigute itsaspe, lurpe eta zeruak.
Ikasle bakoitzeko liburutan 200 euro aurreztuko dituzte familiek urteko ikastetxe honetan
2022-09-06 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Villabonako Erniobea ikastetxean guraso bat 2022-2023ko liburuak mailegutzarako prestatzen.
Testuliburuekin irakasten duten ikastetxeetan, gurasoek urtero hauetan egin behar duten inbertsioak badu bere pisua, sareetan irakur daitekeenez:
Kontuan hartzekoa da, bestalde, Jaurlaritzak 2. eta 3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleentzat ematen duen ikasmaterialerako beka ez dela iristen liburuak ordaintzera: 159 eurokoa baita beka. Gurasoentzat zaila da ulertzea zergatik ematen duen aukera Jaurlaritzak DBHko 1. eta 2. mailetan liburuak mailegutzan hartzeko aukera (“liburu solidarioa” programaren bidez) eta ez duen horrelakorik eskaintzen hurrengo bi urteetan.
Arratzain Guraso Elkarteak mailegutza sistema ezarri du 3. eta 4. mailetan
Villabonako (Gipuzkoa) DBHko ikastetxe publikoa da Erniobea, eta bertako Arratzain Guraso Elkarteak mailegutza sistema ezarri zuen 2020-2021 ikasturtean 3. eta 4. mailako ikasleentzat, Jaurlaritzaren aldetik zegoen gabezia honi erantzuteko asmoz. 50 euroko kuota ordainduta mailegutzan hartzen ditu ikasleak behar diren ikasliburu denak. Guraso Elkarteari milaka euroko inbertsioa eskatu dio mailegutza martxan jartzeak, baina badakite honek familiei ekarriko diela seme-alaba bakoitzeko 400 euro inguru aurreztea (ikastutero bataz beste ikasliburutan 250 euroko kostua dagoela oinarri hartuta, eta liburuak erosi beharrean mailegatuta 50 euroko kuota ordaintzen denez).
Nola jartzen da martxan liburuen mailegutza?
Guraso elkartea lehenik saiatu zen 3. eta 4. mailetako ahalik liburu gehien lortzen. Horretarako, 2019-2020 ikasturte bukaeran eskaintza hau egin zien 3. mailako ikasleen familiei: erabiliak zituzten 3. mailako liburuak guraso elkarteari ematea, eta trukean, hurrengo ikasturterako 4. mailako liburuak doan jasoko zituztela.
4. maila bukatu berri zuten ikasleen familiei ere eskaintza hau egin zien guraso elkarteak: erabili berri zituzten 4. mailako liburuak guraso elkartearen esku uztea, eta trukean 50 euroko bonoa jasoko zutela, herriko liburu-dendetan gastatzeko.
Familiei eskaintza hori eginda, 3. eta 4. mailetako hainbat liburu eskuratu zituen guraso elkarteak. Aldi berean, ikastetxeak familia guztiei bidali zien oharra martxan jartzera zihoan mailegutza sistemaren berri emanaz, eta familiei galdetuz ea hurrengo ikasturtean 3. eta 4. mailako zein ikaslek hartuko zituen liburuak mailegutzan. Eskari zerrenda hori hartu zuen guraso elkarteak, eskuratuak zituen liburu sortekin alderatu, eta falta ziren liburuak erosi egin zituen, herriko liburu dendetan.
2020-2021 ikasturtean eraman zuten Erniobean praktikara lehen aldiz mailegutza sistema eta ikasturte honetan bigarrenez egingo dute. Guraso elkartearena izan da ekimena eta inbertsioa. Baina hasieratik ikastetxeko zuzendaritzarekin elkarlanean eraman dute aurrera mailegutza eta guraso elkartearen hitzetan, elkarlan hori gabe ezinezkoa izango zen martxan jartzea. Lanak guraso elkartearen eta zuzendaritzaren artean banatu dituzte, prozesua ahalik errazen egin dadin: ikasleei erabilitako liburuak jaso, zein egoeretan dauden ikusi, konpondu, behar direnak erosi, hurrengo ikasturtean zein ikaslek beharko dituzten zerrenda osatu, gurasoei mailegutza kobratu, ikasle bakoitzarentzako liburu sortak prestatu, liburuak banatu…
Orixen ikasliburuen azoka egiten dute
Tolosako Orixe institutuko guraso elkarteak azoka antolatzen du, familiek aurtengo ikasturtean erabilitako liburuak saldu eta hurrengo ikasturtekoak erosi ditzaten. Baina azoka arautua da, ez du merkatu librearen logikak agintzen. Liburuak guraso elkarteari saltzen zaizkio zuzenean, eta guraso elkarteari erosten.
Lagunarteko saretik sare komunitariora
Zorionez, familia asko dira liburuak erosi beharrean senide, lehengusu edo lagun zaharragoen liburuak berrerabiltzen dituztenak. Baina guraso elkarteek martxan jarritako ekimen hauek (eta honen moduko besteek) aukera familia guztiengana zabaltzen dute eta eskuz eskuko liburu erabilera errazten eta eraginkortzen dute. Izan ere, laguntasunezko harreman sareak ezinbestekoak badira ere, beti geratzen baita jendea sare horietatik kanpo.
Ikasturte hasieran dugu aukera guraso elkarteetan kide egin eta honen moduko ekimenak martxan jartzeko. Prezioen gorakadaren eta hezkuntzako zeinnahi gairen kritika alternatiba bihurtzeko.