Joan Subirats: “Kooperatibagintza zer da, erresistentzia edo alternatiba?”
Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatuta, Joan Subirats Humet-ek “Erantzuna kooperatibagintza bada, zein zen galdera?” hitzaldia eskaini zuen Aretxabaletako campusean, uztailaren 15ean. Hona hemen landu zituen galderetako batzuek:
Kooperatibagintza zer da, erresistentziarako tresna edo alternatiba bat?
Kooperatibagintzak erresilientzia gaitasun handia du: Krisi garaietan irauteko gaitasun handiagoa du gainerako enpresek baino, koste sozial gutxiago eragiten dituelako Kapitalismoak baino. Kapitalismoa ez da arduratzen berak sortzen dituen kostuez. Baina kooperatibagintza zer da, erresistentziarako tresna edo alternatiba bat? Orain arte gehiago landu dute erresistentzia ikuspegia, nahiz eta salbuespenak badiren, Mondragon adibidez. Alegia, gakoa edo galdera zer da, hobeto irautea? edo bada beste borondaterik? Birpolitizatu dezakegu kooperatibismoa? Hau da, eztabaidatu dezakegu nork irabazi eta galtzen duen erabakiak hartzen ditugunean? Arautu dezakegu berriz kostu eta irabazien banaketa? Ekonomia ez da zerbait naturala, euria edo haizea bezala. Ekonomiaren zentzua eztabaidatu behar da. Merkatua beti izan da sistema bat baina ez bakarra. Baina egia handi bat balitz moduan onartzen dugu esaldi hau: “Proiektu hau ekonomikoki ez da bideragarria”. A ez? Ekonomiaz zuk duzun zentzuaren arabera izango da!
Gizarte kooperatiboaz hitz egin dezakegu, edo ekonomiari bakarrik dagokio?
Ekonomia kooperatiboari “soziala” eta/edo “solidarioa” adjektiboa gehitzeak ekartzen du errelatoaren zatiak gehitzen dizkiogula, begirada eraldatzailea sakontzen dugula. Formula alienatuago gutxiago, denon iraupen duinarekin konpromiso handiagoa, izaera ekologikoagoa izatea, bizi irizpideak gehitzen dituena… Badu zentzurik dugun eredu ekonomikoak izan nahi dugun bizi ereduarekin? Pertsona autonomoa izan eta norberaren arrakasta bilatzea da helburua ekonomian? Bada bizitzan interdependentzia da gure egoera. Gizarte kooperatiboaz hitz egin dezakegu, edo ekonomiari bakarrik dagokio?
Orain egiten ez badugu noiz egingo dugu bada?
Galderak birplanteatzeko garaia da. Orain egiten ez badugu noiz egingo dugu bada? Dena dago mugimenduan! The Economist aldizkariak egindako gehigarriak aipatzen zuen “hirugarren iraultza industriala“. Ekoizteko moduaren aldaketak eragindako gizarte aldaketa handi baten aurrean gauden.
Lehen iraultza industriala Britainia Handian abiatu zen XVIII. mendean, bapore makina sortu zutenean: nekazaritza eremutik hirietara eraman zuen populazioa, lehen industrializazioa eragin zuen… Horrek aldaketa handia ekarri zuen boterean, estatu absolutistetatik liberaletara pasa ginen… Eta jabetzan itxituren garaia ere izan zen, lur komunaletatik itxituretara pasa zen.
Bigarren iraultza fordismoak ekarri zuen, Amerikako Estatu Batuetan, 1903an. Masa produkzioa ekarri zuen, ordura arte gutxiengo batek eskuratu zitzakeen produktuetatik (kotxea adibide goren) produktu masiboetara pasa ginen; ezaugarri batekin: Denak berdinak zirela. Neurrira egindako gutxi batzuetatik pasa zen denentzat neurri handian berbera produzitzera. Fabrika handiek jende multzoen pilaketa ekarri zuen lantegian. Lanaren banaketa sexuaren arabera egin zen, eta langile klasea sortu zen, langile borroka… Sistema demokratikoa indarrez zabaldu zen…
The Economistek dio hirugarren iraultzaren aurrean gaudela, Interneten sorrerak eragindakoa. Dena ari da eraldatzen, aldaketa teknologiko horrek posible egiten duelako produkzio sakabanatua. Egun artxiboek bidaiatzen dute eta ez produktuek. Zer eragiten ari da? Kapitalismo industrialetik kapitalismo finantzierora pasa gara. Ni gaztea nintzenean aberatsak produzitzaileak ziren, orain produzitzaileak pringatu batzuek dira (ardurak dituzte, irauteko etengabeko lehia…), orain benetako aberatsak dira produzitzaileei produzitzen jarraitzeko dirua uzten diotenak. 24 orduko aktibitatea da oraingoa, mundu osoan burtsa bat itxi orduko beste bat irekitzeko ordua da, eta aberastasuna sortzeko oinarria ez da produzitzea. Ez dute aberastasun materialik sortzen (demagun, zubi bat eraikitzen), diru mugimenduen operazioekin pilatzen dute aberastasuna.
Thomas Pikettyk “Kapitala XXI. mendean” liburuan azaltzen du zer bilakaera izan duen aldi bakoitzean Europako Batasuneko populazioak, produkzioak eta gastu sozialak. Ondorioa hauxe da, Ongizate Estatua betikotu zela pentsatzen genuenean, gertatzen ari da salbuespen historiko bat bihurtzen ari dela. Gastu sozialari eustea zailtzen ari da. Aberatsek zergak ordaintzea onartzen zuten lehenago, lurralde batean kokatuta zeudelako. Orain hala da? Europan txanpon bakarra dugu eta aldiz, estatu adina zerga sistema. Beraz, zergak saihesteko behar diren operazioak egiten dituzte multinazionalek. Estatu batean sekulako irabaziak deklaratzen dituzte eta bestean sinesgaitzak diren galerak, lekuan lekuko zergen arabera. Merkatua globala da eta estatua territoriala eta horrek kontraesanak sortzen ditu.
Hobe da lehiatzea kooperatzea baino?
Sistema kapitalistaren erantzuna da beti dela hobea lehiatzea. Hirugarren iraultza industrial egoera honetan, kooperatzea eraginkorragoa dela dioenik bada. Interneten demagun, kooperazioak dakarren hobekuntza gaitasuna handiagoa da, lehian oinarritutako sistema itxiena baino: Wikipedia beti izango da hobea Britainiako Entziklopedia baino (azken hau itxi egin zuten). Wikipedia geldiezina da. Wikipedia ondasun publiko bat da, jendearen ekarpenarekin etengabe elikatzen doana. Ondasun komuna da. Bere jabegoa izatea baino garrantzitsuagoa da sarbidea. Hau berdin gertatzen da musikarekin: CDa nirea edo zurea da, baina interneteko musikara sarbideak aukera handiagoa ematen dit, eta beste batek ere bertara sarbidea izateak eta denok gozatzeak ez dio balioa kentzen, izatekotan eman egiten dio. Internetek dakarren kooperazioa, kode irekia, etengabeko hobekuntza, elkarrizketan dago kooperazioarekin? Ezagutzen ditudan Kataluniako esperientzietan, ez. Aldiz, Internet logikarekin eta merkatuaren logikatik kanpo sortutako hainbat dinamikak naturalki hartu du kooperazio eredua.
Nola defendatzen dugu publikoa, guztion ondarea?
Irudikatu herri lurrak, mendi komunal bat: artzainek euren artaldeak komunitatearen lurrera daramatzate… Aipatutako lehen iraultza industrialean, “itxituren garaian”, argudiatzen zen herri lurrak badira, artzainaren joera izango dela etengabe ardi kopurua gehitzea, kostua komunitarioa delako eta etekinak norbanakoarenak (artzainarenak). Artzain denek jartzen badituzte gero eta ardi gehiago, belarrik ez da egongo eta lurra hondatuko da. Horregatik dela hobea lurrak itxiturekin ixtea. Teoria bat da, baina errealitatean hau ez da hala gertatzen. Zergatik? Jendeak hitz egiten duelako euren artean, “gogoratzen zara hark ardi asko jarri zituenean zer gertatu zen? dena pikutara joan zen!”. Batzarra egingo litzateke herrian artzaina arrastoan sartzeko… Alegia, guztion ondareari lotutako gaietan badagoela gobernantza bat, lidergoekin eta abar gauzatzen dena. Urteetako esperientzia pilatu, sistematizatu egiten da.
Gaur egunera etorrita, noraino hitz egin dezakegu “publikoa” den horretaz, instituzioez hitz egin gabe? Oraintxe arte estatua izan da publikoaren funtzionamendua bermatu duena. Egun estatuak gero eta zailtasun handiagoak ditu bere boterea eta erabakiak merkatuen gainetik jartzeko. Instituzioek erantzun behar diote egoera horri, baina gaia ez da instituzionala bakarrik. Komunitatea zer da? guztion ondarea (komuna den hori) defendatzeko prest dagoen jendea. Horregatik, publikoaren ideia berreskuratu nahi duen mugimendua berpizten ari da. Nola defendatzen dugu publikoa, guztion ondarea…? Zer aukera ematen dizkigu oraingo garaiak? Gizarte lantegia ahultzen ari da oraingo sistema: familia harremanak ahultzen ari da, gizartea antolatzeko gaitasuna ahultzen ari da…
Publikoa defendatzeko, erresistentzia eta alternatibak, biak uztartu behar dira (PAH plataforma da adibide garbia). Horrek aldatzen du instituzioekiko harremana: instituzioak egingo du edo ez, baina guk egin egingo dugu. Horrek arrisku bat dakar: Nola egin instituzioak ez daitezen arduragabetu? Kataluniako herri txiki batean gertatu zen, bertako eskola konpontzeko 3.000 euro behar zirela eta Generalitatek esan zuela ezetz, murrizketak medio ez zuela eskola konponduko. Gurasoak elkartu eta euren artean egin zuten lan guztia, eskola konpontzeko. Berehala planteatu zuten gaia: “falta zaiguna! Orain gainera Generalitateak adibidetzat jarriko gaitu, berak eskolak konpondu ez eta gurasoek lan egin dezaten!”. Non dago gakoa? Instituzioei dagokien ardurak gugan hartzen baditugu, botere harremana aldatu behar dela, erabakiak hartzeko eskumen gehiago irabazi beharko ditugula. Adibidera etorrita: nork erabakiko du eskola horretako ordutegia eta egutegia? emango diren edukiak?… Horrek beste galdera bat planteatzen du: Norena dira instituzioak? Momentuan okupatzen dituztenena edo aktibatutako herritarrena?
GALDEREN TXANDA
Hainbat ekarpen egin zituzten entzuleek, tartean hauek:
– Internetetik iritsi naiz kooperatibagintzarengana, eta ohartu naiz kooperatibismoan ez dugula kode irekian lan egiten, itxian baizik. Kooperatibistak kooperatibistekin, eta kooperatibistentzat (mutualizazioa). Irekiago egon behar genuke sorpresetara.
– Hibridazioaren beharra dugu. Ez gara aktore eraldatzaile bakarrak, eta zaharkituta ere geratzen ari gara. Lan egin behar dugu mundu kontzeptual bat sortzeko, elkarlanean, eraldaketako aktore sozial guztiekin. Hibrido izatea garrantzitsua da: Alde batean dago merkatua eta bestean merkatuz kanpokoa, eta bietatik edatea beharrezkoa da.
– Kontua da trukerako eta konkretatzeko moneta ez den beste elementuak bilatzea. Kapitalismoa ere interesatuta dago txanpon fisikoa ezabatu dadin: Diru birtuala interesatzen zaio, eta bere helburua da etengabeko zorpetzea bermatzea. David Graeberrek “En Deuda: una historia alternativa de la economía” liburuan gai hau eta txanponaren eboluzioa aztertu du, oso interesantea.
Mila esker jardunaldietako zure testigantza ekartzeagatik!