Pablo Sastreren artikuluari erantzunez
Urriaren 21eko Argian (2478 zenbakian), Gizona ez da emakume hiltzen artikuluan, idazleak azpimarratzen zuen sexuak soilik bi direla, “Arrak eta emeak: geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; (…) Interesantea da sexua eta generoa bereiztea. Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia”. Jarraian, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak zerrendatu zituen, ongi ulertu badut, emakumeak gizonen diferente izatea aldarrikatuz: “Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–”.
Gizon eta emakumeon artean –beraz, sexua soilik izanik aldagaia– dauden ezberdintasunen zerrendak egiten hasten garenetan –oso kirol gustukoa kafetegi, taberna eta elkarte gastronomikoetan–, etengabe galdera bat ernetzen zait. Zer onik ekartzen digu balizko “sexu portamen aurre-disponitu”, edo Jainkoaren antz susmagarria hartzen diodan esentzia horretan sinesteak? Adibide ausart xamarrak jarri ditu Sastrek, baina hala ere, nork daki benetan portaera jakin bat –artikuluan aipatzen dira, besteak beste, panpinekin edo armekin jolastea, bide-peoitza lanak egitea edo kartzelara eraman duen hura– juxtu zakilak edo aluak eragindakoa den? Horretan sinesten duzu edo ez, aldeko adina aurkako ikerketa egongo dira. Baina batez ere: zertara garamatza baietz, hala dela pentsatzeak? Itxuraz ebidentea den zerbait konstatatzera? Akta hartzera? Eta horrek zer ondorio ditu esentziak “aurre-disponitu” dion portamen hori jarraitzen ez dituen gizon eta emakumeen artean? Zure adibideetara itzulita, neskek panpinetarako duten joera ustez “naturala” bada, zer da neska batek armekin jolasteko joera izatea? Zer sentituko genuke neska horrekiko inguruko pertsonek? Utziko genioke bakean bere jolasak aukeratzen? Esentziarekiko sinismen horrekin zer lortzen dugu, gizarte osoak gure portamenak hautatzeko askatasuna izatea ala “berdintasun” (sexu bereko besteekiko) eta “diferentzia” (beste sexuarekiko) eredu alienatzaileena indar osoz inposatzea?
Diferentzia aldarrikatzen du feminismoaren zati handi batek, diferentzia eskatzen esentziez dihardutenek… Nola ulertzen dugu diferentzia edo aniztasuna? Feminismoak beldur dion eta esentzialismoak aldarrikatzen duen natura horren oinarrizko arauetako bat da, hain juxtu, bizitza ziurtatzeko, izaki diferenteak egitea (ez klonak). Baina diferente, izaki bakoitza. Gizonen ezaugarriak zerrendatzeaz eta emakumeen ezaugarriekiko ze diferente diren behin eta berriz errepikatzeaz arduratzen diren horiek, aldagai bakarrean (hankartea) jartzen dute marra gorria. Eurek aldarrikatzen duten naturak, aldiz, marra gorria izaki bakoitzaren bueltan jartzen du, eta mila eta bat aldagaien arteko konbinaketak egiten. Zintzoki begiratzen baditugu pertsonak, ohartuko ginateke araua baino salbuespen gehiago daudela. Naturaren araua, juxtu arau-hausteak aurreprogramatzea dela. Badaezpada, datorrena datorrela, izaki gisa bizirik irten gaitezen. Eskerrak eman behar dizkiegula, alegia, “portamen aurre-disponitua” jarraitzen ez dutenei, bost axola portamen hori sexuak edo gizarteak aurre-disponitua den. Denoi zabaltzen digutelako beste portamen bat izateko aukera, eta espezie gisa irauteko araua, arau-haustea delako.
Sastreren adibide bakarrari erantzuna
Adibide bakoitzak sorraraz dezake iritzi artikulu bat –eztabaida sustatzea ez da ekarpen makala–, nik honakoaren aurrean ezin eutsi: “Ekibokatua egonen naiz baina, emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut”. Esaldia egina dagoen eran, irakurleon buruak jolasten du “emakumearen eder agertu nahiaren atzean” omen dagoena asmatzera. Esaldi horretan bertan gizonen portamenari lotuta sexu-aparatu bat (bere barrabil, prostata eta zakilarekin) ikusi dugunez gure irudimenean, emakumeen adibidearen txanda etorri denean, irakurle honen irudimenak ezin izan dio emakumeen sexu-aparatu osoa irudikatzeari. Eta kar, kar, kar, “umetokia” horrek kolpez hoztu dit gogoa. Emakumeok umetokiak bultzatuta jarduten dugula? Gure bizitzan batzuek 0 bider, beste batzuek behin, beste batzuek bi aldiz, hiru, lau… Aldiz, pottorberoak gara bizitza osoan –horri buruzko ikerketak badira, eta errazago dena, galdetu inguruko emakumeoi–, beraz, eder agertu nahi nabarmena emakumeen sexu-aparatuarekin parekatu behar bada, aipatu ez dituzun sexu atalen batekin lotuagoa egongo da. Eta bai, noski, pottorberook ere jarraitzen ditugu begiradarekin besteen ipurdiak.
Beltz eta zuriak ere ez gara berdinak , kolorean gutxienez desberdinak baikara, baina Sastreri ere ez zaio okurrituko zuri eta beltzen arteko ezberdintasunak zerrendatzea… are gutxiago (beltz eta zurien nobel saridun propostzioei begira edo kartzelan dauden proportzioei begira) zuriak listoagoak gara edo beltzak gaiztoagoak gara esatea… baina noski, gizonok tematu egiten gara emakumeak ezberdinak direla esaten.
Portaerak berez zenbat dakartzagun eta ikasiak zenbat diren garrantzizko zalantza da hainbat eztabaidatan, agian garrantzizkoa bezain erantzun ezina. Halako zalantza bate oso zentzu ezberdina du testuinguruaren arabera. Adibidez, nik badut inguruan guraso talde bat, aldarrikatzen duena aludunek panpinekin jolastea eta zakildunek futbolean aldatu beharreko errealitate bat dela, eta horretarako talde honetakoak “aurkako” pedagogia egitearen alde daude, adibidez, atariko orduan zakildunak eta aludunak batera eta jolas berberetan jolastera behartzea (agian eurek “bultzatzea” esango dute). Bakoitzak nahi duen jardunean aritzeko eskubidea (zuk aipatu duzun gaia, Estitxu) perspektiba ezberdinetik ikusten da eskubide hori zein norabidetan urratzen den arabera, eta esate baterako, Idurre Eskisabel eta Jon Sarasuak bezain iritzi ezberdinak azaldu dituzten bi pertsonen argumentuak kontestualizatzea ezinbestekoa iruditzen zait, ulertu ahal izateko.
(noski, gauza bera diot Sastreri buruz)
Aupa Aitor
Mila esker eztabaidarako haria ekartzeagatik. Erabat ados planteatu duzun dilemarekin. Nire ustez, gakoa zeuk eman duzu: guraso talde horrek “aldatu beharreko errealitate” gisa ikusten du neska eta mutilek jolasak aukeratzerakoan duten joera markatua. Halako guraso asko gaude, ume denak denetik probatu dezaten zirikatzen ditugunak, gaitasun denak lantzera motibatzen ditugunak.
Uste dut horretan ari garenontzat galdera gehiago dela nola eragin, kopuruak nola orekatu… “zergatik” horretan katramilatu gabe (zuk aitortu duzu kontu hori agian erantzun ezina ere badela).
Kontua da “naturaz” hala dela esaten badugu, aldatzeak edo eragiten saiatzeak zentzu askorik ez duela. Onartu eta kito. Baina jarrera horiek ikasitakoak direla sinisteak garamatza beste zerbait irakatsi nahi izatera.
Eta bada datu oso esanguratsu bat, juxtu adibide horretan: AEBetan neska eta mutiko kopuru bertsuak izena ematen duela futbol taldeetan. Naturaz AEBetako emakumeei futbolerako joera sortzen zaielako ote, edo AEBetan neskek futbolean urte gehiago daramatzatelako eta emakumeen futbola profesionala delako ote?
Nik uste gehiegikeria etor daitekeela “natura aurre-disponitu” horretatik eta berdin-berdin dena ikas eta aldatu daitekeela defendatzen dutenetatik. Oreka bat behar dela pentsatzen dut, diozun “denak denetik probatu dezaten” horretan ere gehiegikeria egon daiteke urrunegi eramaten bada, nik neronek gehiago erabiliko nuke (nire kasuan) “berez dakartzaten joeretatik haratago, beste gauza batzuk ere probatu” esaldia. Dena probatzerik ez dago, eta horren atzetik ibiltzeak ere kalteak dakartza. Lehen jarri dudan adibidean, guraso talde horrek aldarrikapen hori kexa moduan azaldu zion ikastolari. Niri gogorra ere egiten zait ikastetxe bati eskatzea umeek euren kasara ibiltzeko duten orduerdi horretan ere eskua sartzeko. Pertsonon egunerokotasunean, heldu nahiz haur, “naturak” (testuinguru honetan kokatuta) ere lekua izan behar duela pentsatzen dut, eta zenbaitek ukatu egiten dute.
Ez nago ados ““naturaz” hala dela esaten badugu, aldatzeak edo eragiten saiatzeak zentzu askorik ez du” esaldiarekin. Nik uste pertsonok gauza asko eta asko egiten ditugula naturari aurka edo aurre eginaz, inkonsziente nahiz konszienteki, eta hori normala zaigu. Adibidez (muturrekoa): ni norbaitekin haserretzen banaiz, eta asko-asko haserretzen banaiz, bestea hiltzea naturala izan daiteke, baina ez dut egingo (oraingoz ez zait tokatu behintzat).
Ezagutu izan ditut ingurune “intelektualak”, baita “naturalak” ere (barka komatxoak, nolabait deitzearren da, ez diot zentzu txarrik eman nahi ez bati ez besteari), eta testuinguru batean edo bestean egon, nahiz eta norberak irizpideak mantendu, errealitatearen perzepzio ezberdina jasotzen da, eta beraz alde baten gabeziak bestearenak baino lehentasunezkoago jotzen dira.
Bidebatez, esango dizut kiroletan nire ideala gertuago dagoela (askoz) aludun eta zakildunek maila berean parte hartzetik, berezi gabe, bitan berezi eta biei tratamendu berbera ematetik baino.
Eskerrik asko, Aitor
Oso interesantea iruditzen zait noraino “berez dakartzaten joeretatik haratago, beste gauza batzuk ere probatu” edo euren kasa utzi, ezbai edo tentsio hori. Uste dut guraso denon galderetako bat dela, eta oraintxe hemendik oraintxe beste aldetik jotzen dugula.
Eta umeengan proiektatu beharrean, nork geure buruari galdetu diezaiokegula: zein dira nire gune (alegia, gaitasun, egoera, jarrera, aktibitate…) erosoak? Nire burua lantzen dut horietan sakonduz edo eremu berri eta niretzat traketsak landuz? Noiz egiten dut bat eta noiz bestea?…
Gai handi baten atea zabaldu duzu, mila esker berriro. Nahiago ezer argirik dudanean artikulu batean idatzi, hemen inprobisatuz lerroak luzatzea baino.
Ondo segi eta laster arte
Erabat ados, Estitxu (eta eskerrik asko esandakoengatik).
Hurrengo bat arte, ondo segi!