Irundarren omena errepublikaren bertsolariari
Apirilaren 13an, Joxe Mari Lopetegi bertsolaria jaio zen egunean (1875ean), jarriko dugu ikusgai argia.eus/multimedia webgunean Lopetegiri irundarrari herrikideek egin zioten omenaldi-kantaldia. 2016ko urriaren 22an, Joxe Mari Lopetegiren iturritik kantari emanaldian, bertso eskolako eta Musika Kontserbatorioko 30 kide atera ziren oholtzara Lopetegiren 11 bertso sorta kantatzeko, musikaz jantzirik.
Txingudiko bertso tailerreko bost kideri otu zitzaien kontua: Xabier Bengoetxea, Iñaki Portugal, Xabier Isasi, Andoni Zelaia eta Aitor Errazkin. Eta Iñaki Aranagaren eskuak josi zuen emanaldia. Ardatza, Joxean Elosegik 2004an ateratako Joxe Mari Lopetegi, bertsolari errepublikarra liburua izan zuen emanaldiak eta Elosegi bera ariko zaigu bideoan bertso sorta bakoitza kokatzeko azalpen argigarriak ematen.
Hiru urre ale
Gauza asko nabarmendu daitezke, baina hiru hauek mugitu didate barrua: batetik, Joxe Mari Lopetegiren bertsoek. Ez ote da bera gerrako oinazea gordinen kontatzen jakin duen bertsolaria? Adibideetako bat da 1936ko udan gerran galdu zuen Pako semeari eta faxismoaren kontra ari ziren denei eskainitako Ekaitza sorta antologikoa, “Ai, seme, gizagaixua” esanda burura etorriko zaizuna. Arreta deitu dit gerraren gaia behin baino gehiagotan landu zuela etxekoen sufrimendutik, emakumeak eta gizonak berdin protagonista eginez bere kontakizunetan. Bideoa ikusita, galdera hau sortu zait bertso honen bukaerarekin: 1930ean Primo de Riveraren diktadurari aurre eginez Gipuzkoako Gobernu Militarra hartzen saiatu ziren herritarrek erbestera jo behar izan zuten. Errepublikarekin itzuli ziren etxera eta ongi-etorriya sortan kontatu zuen Lopetegik etorrera, tartean, bertso honekin: “Aita nun izan zera bakarrik / ia lau hilabetian? /Ama negarrez jartzen zitzaigun / zu nun zinan galdetzian: / zer dezu amatxo, minez al zaude, / aita nun dan oroitzian? / negar ta negar ezin erantzun / amak min du bihotzian: / ‘libertadiak neri senarra / noiz jarriko dit herrian?’”. Belarriari eta bertsoari jarraituta, azken hitza “etxian” dakarkigu entzuleoi barruak. Herriak aldatuko al zuen bertso horren azken hitza? Esanguratsua, andreari hitza alda arazi izana, senarra etxekoena baino lehenago herriarena dela markatuz.
Emanaldirako Lopetegiri ezagutzen zaizkion 75 sortetatik egin den hautaketa da bigarren urre alea. Batez ere ageri dira bertsolariaren fedeak: errepublika –“erkala” edo “herriaren ahala” hitz sabindarra darabil–, askatasuna eta euskara –“ama” gisa pertsonifikatzen du maiz–. Lopetegiren umore zorrotza gozatzeko aukera emango digute 1925ean Donostian Espainiako Txirrindulari Txapelketa irabazi zuen Monterori jarritako sortak edo mitinez mitin bertso kantari egindako bere lanaren testigantza gazia ematen duen Askatasunaz sortak: 1931ko hauteskunde bezperan lau lagunek eman zuten mitin batean egurtu egin zituzten entzuleek. Aski ezaguna da Lopetegik nola kontatu zuen: “Non gertatu da horrelakorik? / Non, jaunak, non? Azpeitian / Jesuita ta relijiua / besterik ez dan tokian…”.
Hirugarren urre alea, herritarrek egin dutela emanaldia. Elkarrekin aritzen ikusiko ditugu herriko musikari eta kantari trebeenak, eta Lopetegi gertuen sentitzen duten ondorengoak eta bertso eskolako kideak. Bakoitzaren ahalegina eta kolorea estimatzen jakingo du ikus-entzuleak. Bertsoak kantatzeak bere berezitasunak badituela agerian geratuko zaigu: silaba bakoitza garbi entzutea eta erritmo pausatua derrigorra ditu, esanahiaren arabera hitz eta esaldi batzuk azpimarratzea, mezua indartzen duten doinu eta kantaerak hautatzea… Bertsoa ondo kantatzeak, ondo kantatzea baino gehiago eskatzen baitu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks