Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Bertsolari “in vitroa” eta bere maisua bizitzaren irakaspenez solasean
Atalak: Bertsolaritza
Ekainaren 26an Zumaiako Oxford aretoan Jon Maiak eta bere bertso irakasle izandako Joanito Dorronsorok solasean aurkeztu zuten “Berriak jaio ginen” Maiaren liburua. Entzulegoa Zumaiako bertsozaleek osatu zuten, asko herriko bertso eskolatik pasatutakoak, eta beste asko herriko bertso ekintzetan entzule fidelak direnak. Lagunarteko giroan kontakizun atsegina harilkatu zuten Maiak eta Dorronsorok, iraganeko esperientzietatik ondorioak atereaz, umorea eginez eta tarteka epikak eraikiz. Maiak esan zuenez, “bizitza ez baita gauzak nola gertatu ziren, baizik, bakoitzak nola gogoratzen dituen”. Solasaldi formatuan egin ditu herrietan aurkezpenak liburuaren egileak, eta formatu ireki hori baliatuz hartu dut lizentzia Maiak egin zuen kontakizunean hainbat galdera planteatzeko.
Vascorro edo mantxurriano?
Maiaren kontakizunak balio handia du pentsatzeko nola den etorri berriek gure herrian txertatzeko egiten duten bidea. Umore kolpeka kontatu zuen “bertako familiak tribu handiak zarete, zuen bi aitona, amandrearen figura, guraso eta izeba-osaba eta lehengusu pila bat alde batetik eta beste lehengusu pila bestaldetik. Ehunka urte daramatzazue bertan, bertako klimara egokituta, bertako elikagaiak jaten… eta gu ginen etorri-berri ginen lau, gu LAUOK”. Zumaiako ikastolan, beren gelan 33 ikasletik 3 omen ziren etxetik euskaldunak ez zirenak. “Ikastolakook euskaraz ikasten genuen, Julene Azpeitia eskolakoek gazteleraz, eta kristau eskolakoek bi hizkuntzetan. Kalera atera eta gure jolasa elkar egurtzea zen. Gu besteentzat vascorroak eta caxeroak ginen, eta haiek guretzat mantxurrianoak. Jolas gisa ikus dezakegu elkarri harriak botatzea, baina jolas horrek islatzen duena da umetatik bereizitako bi komunitate ginela, enfrentatuak”.
Gako bat: Zergatik edo nola egin zuten Extremadura eta Zamorako bere gurasoek semeak ikastolara bidaltzeko hautua? Zergatik ez zituzten etorri berri ziren gehienek bezala erdal ereduetara bideratu? Egun ere kanpotik datozen gurasoekin lanketa nola egin pentsatzeko balioko luke Maia-Soriatarren esperientziak.
Maiak ez zuen nahi inondik ere ikastolako bere kideek bera mantxurrianotzat hartzerik. “Nire abizenak ezkutatzen aritzen nintzen, lotsaz bizi nuen gurasoekin erdaraz egitea… 1984an 11 urterekin lehen aldiz Eskolarteko Txapelketan kantatu genuenean, nik erdaraz pentsatzen nuen. Lau oinak eman zizkidaten, tartean ‘etsi’ eta ‘etzi’ eta ez nekien ‘etzi’ zer zen, iragana edo etorkizuna, eta ‘etxera etortzeko / esan zidan etzi’ bota nuen…”.
Ametsak euskalduntzeko hautua egin zuen orduan: “11 urterekin anaiari esan nion: guk ez dugu gure artean gehiago españolez egingo, gu hemengoak gara, euskaldunak gara… kar kar kar, auskalo zer esan nizkion eta berak zer ulertuko zuen, 7 urte zituen eta…”. Jon Maiaren ametsa euskaraz amestea zen: “zure burua kontrolatzen ez duzun momentu horietan ere euskaraz egitea zen nire ametsa. Norberaren hizkuntza intimoa aldatzea oso zaila da, inertzia euskarara pasatzea”.
Zu ere bertsolari, zu ere euskaldun
Maiak prozesu horretan bi eskolen garrantzia azpimarratu zuen solasaldi osoan zehar: ikastola eta bertso eskola. Bertso eskolak Xabier Amurizaren teorizazioaren ostean etorri ziren, herriz herri hitzaldi eta ikastaro bidez egin zuen dibulgazio-lanaren ostean. Sorrera horietan aritu zen Joanito Dorronsoro, eta Zumaiako bertso eskola handik etorri zen. “Zu ere bertsolari esaten digu Amurizak bere liburuaren izenburuan. Esaten ari zaigu edonor izan daitekeela bertsolari, guraso estremeñoak dituen ni bezalako bat ere bai. Eta ikastolak ideia hori bera zabaldu zuen, euskararen gaian, edonor izan daiteke euskaldun, kanpoan jaiotakoak ere bai”. Dorronsorok “bizitzaren indarra”z gogoetan egin zuen, “bizidun denek dute irauteko sen hori, egoerarik latzenean aurrera egitekoa. Franco garaiko basamordu hartan euskara aurrera ateratzeko gogoak bultza gintuen ikastolak sortzera, eta ondoren, ikastoletan bertsolaritza lantzen hastera”.
Maiak bihotzez eskertu zuen Dorronsorok bertso eskolan “gu bezalako esperimentu batzuekin sartutako ordu horiek denak. Nik ezagutzen nituen bertsolari bakarrak, Eskolarteko Txapelketan Baldako finalera iristen ziren beste zumaiarrak ziren! Zer pazientzia!”. Dorronsorok irribarrez kontra egin zion: “Pazientzia gutxi, e… ilusio handia. Inondik ez genuen espero horrelako bertsolariak aterako zirenik, baina bai ari ginen zerbait handia egiten ari ginela jakinda”. Dorronsorok eskatu zion Etxahunen hilobiaren pasartea kontatzeko, horrek hunkitu zuela “jabetu naizelako bertso eskolan ez genuela teknika bakarrik irakatsi, herri baten nortasunean sakontzeko balio izan zuela”. Maiak grazia handiz kontatu zuen:
“Ezagutzen nituen bertsolari bakarrak zumaiarrak ziren, eta baita ere Dorronsorok irakatsitako Etxahun, Iparragirre, Txirrita… haiek bertsolari ezagunak zitzaizkidan! Barkoxen pasa genuen uda eta nire ilusioa Etxahunen herrian nengoela zen. Besterik ez nien eskatzen, eta han joan ginen Barkoxeko hilerrrira Etxahunen hilobia bilatzera bi estremeño, zamorar bat eta ni, alegia, aita, osaba eta amarekin. Eta eskutik eraman nuen hiru urteko mutiko bat, egun bertsolari den Joanes Etxeberria”.
Etxean españolez mintzatu eta euskaldun izatearen gora-beherak gainditzearen egun handitzat azaldu zuen 1997ko Txapelketa Nagusian kantatutako agurra, “Ama Extremadura / aita Zamoratik / abuela ta abuelo / haien atzetik…” hasi zuenekoa.
Bertsolari “in vitro” baten komeriak
Bertsolaritzaren bidean bere meritu “bakarra, aurrera egitea izan dela” bota zuen Maiak. “Egon izan naiz uztekotan. Balio al nuen zen nire galdera, eta bertso saio bakoitza esamina pasatzea zen niretzat. Bota egiten nuen saio aurretik, beti”. Garai hartako publikoarekin enpatia ariketa egin zuen: “Pairatu behar izan gintuzten, batetik gure bertso maila ez zelako oraingoa, eta bestetik, haien euskara askoz aberatsagoa zelako, gure bertsokera plastikozkoa zitzaien… ulertzen ditut hein batean, nahiz eta garai hartan gaizki pasa nuen”.
Beren garaiko umeak zirela deskribatu zuen umore handiz, eta hori dena bertsotara eraman zutela: rocka, litxarreriak, ETBko marrazki bizidunak, bideo-jokoak, filmak eta komikiak… Beste belaunaldi batekoa, beste zoru kultural batekoa izanik saioetara joatean zomorro arraro sentitzen zela kontatu zuen. “Nire koadrila larunbat arratsaldetan, saltsaren erdian utzi, eta joan behar nuen Oñatiko auzo batera edo Aiara, eta bertso saioan ni bakarrik nintzen ilean mototxa eta oinetan martinsak neramatzana. Handik denbora batera hasi zen publikoan gure moduko jendea agertzen, handik denbora batera gai-jartzaileetan eta handik beste denbora batera txapelketetako epai-mahaian”.
Belaunaldi berri horrek beren bizkar gainean sentitu zuen galdera ikurra adierazi zuen Maiak: “hauek eutsiko ote diote bertsolaritzari? nora joango da bertsolaritza hauekin?”. Denborak galdera hauek erantzun dituela adierazi zuen. Dorronsorok gehitu zuen bertsolaritzaren historian berrikuntzarik izan denean beti errepikatu direla galdera hauek, “ba al da nor, ba al da gai” funtsean: “Txirrita eta Basarriren artean lehenik, ondoren Amurizak txapela jantzi zuenean Goierrira eraman zuten Lasarterekin probatzera”…
Beste gako bat: Ondoren etorri diren bertsolariei ere epai beraren zama entzun izan diegu. Ezinbestekoa da edo ez al dago modurik “ondorengoek maila emango duten” kargatik libratzeko?
“Aniztasun” (zerutiar ditxosozkoa)
Beren belaunaldiko denak “politikoki uniformizatuak, denak ezker abertzalekoak” izateaz salatu dituztela kontatu zuen, “eta garbi esan dezaket ezetz, ez zitzaidan hainbeste manifestaziotan kantatzea tokatuko, beste denak prest egon balira”. Euskal gatazkaren urte oso gogorrak tokatu zitzaizkiela kontatu zuen, “zenbat hilkutxaren ondoan kantatu dudan…”. Azaldu zuen “aurrekoen helburua bertso ona egitea zela. Gure helburua, bertso ona egiteaz gain, beste erabilera bat ematea zen, salaketarako adierazpide, aldarrikapenerako, bertso onaren gainetik”. Aurreko garaiarekin alderatuta, publikoan aldaketa handi bat egon zela azpimarratu zuen: “Franco garaian politikoki euskaldunak batuta zeuden. Baina guk kantatzen genuenean boterearen kontra, jada boterean dauden hori ez da Franco, boterean daudenak euskaldunak dira, eta jipoitzen gaituztenak ez dira grisak, ertzainak dira. Boterearen kontra kantatzen dugunean, bertso publikoan banaketa ematen da, publiko horretatik jende bat botere horren alde dagoelako eta beste batzuek ez. Franco garaian bertsolaria herriaren ahotsa zen eta orain ez, zeren orain herria ez da bakarra”.
Hala ere, bertsolariek beti egin dutela “Lizarra Garazi funtzioa” azaldu zuen: “politikoki ordezkatzen gintuztenak oso enfrentatuta zeuden garaitan, bertsolariok gure ideiak normal kantatzen genituen. Entzule batzuek ez ziren joaten Euzkitze eta Egaña entzutera, beren ideia politikoengatik. Bada garaia gauzak esaten hasteko, nik nire liburuan onartzen ditut garai bakoitzean egin nituen gauzak, zein zirkustantzietan egin nituen ezagututa, eta bakoitza gure garaiaren seme-alabak garela onartuta. Baina egia esan ematen dit bertigoa liburuan asko biluztu izanak, ohartzen bainaiz denek ez dutela gauza hauez hitz egiten”.
Eztabaidarako gaia: Eskertzen da modu ireki horretan halako gaiak planteatzea eta boterean euskaldunak egoteak bertso saioetan (bertsolariengan eta publikoan) ekarri dituen aldaketez zer pentsa ematen du Maiaren esperientziak. Baina duda sortzen da, norberak bizi izan ez ditugun aurreko garaiez egiten dugun irudia, ezinbestean, askoz orokorragoa izaten dela. Bati burura etortzen zaio Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikarrak gerraren atarian Azpeitian jaso zuen jipoi fisikoa mitina bertsotan ematera joanda, bere ezkerreko ideiengatik. Francok hainbeste urtean irauteko, bertso saiotara zihoazen herritar asko ere frankistak izango ziren, edo ez antifrankista praktikanteak behintzat, eta ez dakit bertsolari denek kantatzen ote zuten nabarmen Francoren kontra, edo kantatzen ziren gai gehienak, entzule denak asetzen zituztenak, zeri buruzkoak ziren. Aztergai eta eztabaidagai polita bertsolarientzako, ea publikoan sumatzen dituzten kontsentsuak eta pitzadurak nola kudeatzen dituzten bertsotan aritzerakoan, norberaren ideologiarekin uztartuta.
Maiari ulertu nion bere belaunaldiaren ezaugarria zela “bertso onaren gainetik” ere aldarrikapena jartzea (agian nik ulertu nion gaizki). Eta ez nuke amiñi bat txikituko belaunaldi horrek ere aldarrikapenean egin duena. Gehiago ikusten dut beti egon direla bertsoari funtzio hori eman dioten bertsolariak, jakina da Aitzolek nazionalismoa hauspotzeko tresna moduan ikusten zituela bertso txapelketak. Edo Francoren tropak Hernanin sartu zirenean Txirritagatik galdetu zutela, eta dagoeneko hil zela erantzun ziotenean, “bestela gaur bertan hilko zen” bota zutela; ez, zen, noski, bere bertsoen kalitateagatik izango, bertsotan zabaldutako aldarrikapenengatik baizik.
Garaian garaian egon dira bertso onari aldarrikapen funtzioa gehitu dioten bertsolariak, eta “hau ala beste” aukeratu beharra sentituta, “arteari, bertso onari” “lehentasuna” eman diotenak (ez dakit biak bereizterik baden). Edo agian, bertsolari bakoitzak gai eta borroka batzuekin sentitu du bere “bertso ona”ri aldarrikapena gehitzea.
Eztabaidarako gai mamitsua, Maiak planteatu zuena.