“Berdea da more berria” liburuaren aurkezpena
Liburu aurkezpen oso berezia izan zen otsailaren 20koa. Bilboko Bira gunea bete-betea, emakume helduak nagusi. Bizkaiko Zaharren Egoitzetako langile borroka aurrera eraman zutenak ziren, eta haiek bizitako greba kontatzen duen liburuak zer dioen jakingo zuten, lehen aldiz. Gailutxoa belarrian, aldibereko itzulpenaren bidez adi-adi zeuden, beren bizipenak, haietako askoren hitzak (20 emakume inguru elkarrizketatu ditu Onintza Iruretak liburua osatzeko), zer eta nola kontatu diren entzuten. Liburu hau kalean dagoenetik, langile borrokaren epikan emakumeek dagokien lekua gertuxeago dute.
LIBURUA EROSTEKO: 14 EUROAN ARGIAREN AZOKAN.
Irantzu Varela: “Iritsi da justizia egiteko ordua, eta onartzekoa langile borroka emakumez betea dagoela, eta borroka feminista langilez betea dagoela”.
Irantzu Varela kazetari eta feministak liburuaren hitzaurrean bezain argi kokatu zuen Zaharren Egoitzetako greba, garbo eta umore handiz: Greban sartu zinetenean lan baldintzak hobetzeko, hasieratik iruditu zitzaidan greba feminista. Historian greba feminista asko egon dira, baina ez dira horrela deitu izan.
Borrokak behar du bere epika, eta langile borrokaren epikan emakume gutxi egon dira. Koadroetan eta iruditegian agertzen gara umea besoan, edo “gure gizonen” alde borrokan, haien ondoan. Langile borrokak beti onartu du emakume langileak badirela (kontserberak…) baina emakume langileez arduratu da gizonen ondoan lan egin dugunean, soldatapeko lanean aritu garenean. Baina fabrikara lanera zihoazen gizon horiei biziraupena bermatzen aritu gara emakumeak (plural maiestatikoan ari naiz, noski): gosaria prestatu diegu, askaria fianbreran eraman, umeak zaindu…
Bizitza osoa daramagu humanitatearentzako ezinbestekoa den lan bakarra egiten: biziraupena bermatzea. Kapitalismoak, ezin izan zuenean emakumeen lan-indarra gehiago doan esplotatu, ordaintzen hasi zen, beti egin dugun lana egiteagatik, zaintzeagatik. Lan hau gutxiago ordaindu ziguten beste edozein lan baino, eta kate-lanean bezala antolatu gaituzte, maitasunez egin dugun zaintza lana egiteko. Nik klase kontzientzia eta kontzientzia feminista batera eskuratu nituen: nire etxean gizonentzat lan gutxi zegoen eta gaizki ordaindua, baina emakumeek lan pila egiten zuten eta diru ordainik gabe.
Zuen greba hasieratik izan zen feminista: lan baldintza hobeak eskatzen ari zineten, eta greba horretarako erabili du beti langile klaseak, eta horrez gain hobeto zaintzea ere eskatzen zenuten. Aurre egin zenioten bileretan barrabilei eusten zieten gizonkote horiei, eta aurrera eraman duzue klase borrokan ezinbestekoa dena: dena galtzeko prest egon zaretela batzuek dena gal ez zezaten. Inoiz ez dugu gugatik bakarrik borroka egiten, denon onurarako baizik.
Badakizue oparitu zenidaten kamiseta berdea nirekin dudala, eta niretzat esan nahi du borroka berean gaudela doan zaintzen dutenak, diru gutxiegiren truke lan egiten dutenak, eta borroka berean gaudela ulertzen dugun feministak.
Onintza Irureta: “Zortzi emakume kementsu ezagutu ditut, inork zapaltzen uzteko prest ez daudenak, eta egindakoaz damu ez direnak”.
Jarraian liburuaren egile Onintza Irureta ARGIAko kazetariak, apal-apal azaldu zituen liburuaren ezaugarriak, eta tarterik handiena liburuan elkarrizketatutako zortzi emakumeei ahotsa emateari eskaini zion, deigarriak egin zitzaizkion liburuko elkarrizketa zatiak irakurriz (horiek denak eta gehiago liburuan daude irakurgai). Hara Iruretak Berdea da more berria liburuaz esandakoak: “Zergatik liburua? ELAko Bilboko egoitzara joan izan nintzenean, argi adierazi zidaten: ‘azken greba ikaragarri honi buruz idaztea nahi genuke, eta era berean halako leherketara nola iritsi garen. Jakin dezala mundu guztiak nola ailegatu garen hona’. Galdera horiek daude liburuan: Nola egin ditzakete hainbeste langilek 378 egun greba? nola irauten da? Nola lortu dute langileen ahalduntze indibidual eta kolektiboa? Zergatik lortu du gatazka honek modu hain egokian gizarteratzea? gatazka honek emakume aurpegia duela transmititzea? Nola lortu dute zaintza erdigunean jartzea?
Grebaz bai, baina beste gauza askotaz ere hitz egin didate, ni ere harritu naute. Gai horiek denak jasota daude liburuan: lantokietako egunerokotasuna, zuzendaritzekin dituzten harremanak, lanaren gogortasuna, lanari ematen zaion balio eskasa, lankideekin dituzten harremanak… perfil anitzekoak dira elkarrizketatutakoak: batzuk gazteagoak besteak baino, batzuk langile borroka eta borroka feministetan zailduagoak eta besteak hasberriagoak…
Maribi Ardantza: “Gakoa izan zen gatazka kalera ateratzea, debate publikora eramatea erresidentzietako errealitatea”
Maribi Ardantza Zornotzako zahar egoitzako langilea da eta Iruretaren galderei erantzunez egin zuen hitzartzea:
Irureta: Greba hastear zela hautatu zintuzten ordezkari sindikal. Hasiera gogorra!
MARIBI ARDANTZA: Greba 2016ko martxoan hasi zen, eta ni orduan ELAko militantea nintzen. Baina apirilean ordezkari jarri nintzen. Niretzat dena berria zen: langileen zerbitzu minimoak antolatzea, asanbladatan erabakiak hartzea… Pilak jarri eta asko ikasi behar izan dut, eta aurrera egin. Baina inoiz ez naiz bakarrik sentitu: laguntza handia izan dut beti, lankide delegatuen aldetik, militanteen aldetik eta ELA sindikatutik.
Irureta: Ez zenuen esperoko hain greba luzea…
MARIBI ARDANTZA: 378 egun iraun zituen grebak, eta hori guztira 21 hilabetetan. Oso gogorra izan zen. Niretzat gure borrokak batasuna eta elkartasuna izan du oinarri. Ordezkari moduan, zailena izan zen ulertaraztea grebarekin lortzen direla helburuak. Antolakuntza eta borrokarekin gauzak lortzea posible dela. Bagenekien gure indarra kalean zegoela, eta gakoa izan zen gatazka kalera ateratzea, debate publikora eramatea erresidentzietan zegoen errealitatea. Oso garrantzitsua izan da Babestu-ren [egoitzetan dauden zaharren familien elkartea] eta Pentsionisten laguntza eta mugimendu feministaren babesa. Gutxika irabazi genuen borrokarekiko sinpatia, eta jendearen berotasuna jasotzen hasi ginen.
Irureta: Greba batek irauten du irauten duena, baina zuek egunerokoan bizi duzue egoitzetan dituzuen baldintzak. Grebaren pisua eta aldi berean egoitzetan egoera oso konplikatuak zenituzten.
MARIBI ARDANTZA: Gure erresidentzian lan gutxi zegoen, baina lan hori betetzeko langile gutxi beti, greba aurretik, greban zehar eta ondoren ere bai. Langile gehiago behar dira kalitatezko zerbitzua emateko. Enpresak presio handia egin digu, are gehiago greba garaian, eta etengabe zapaltzen zigun greba eskubidea. Greba garaian lanean ere estuago hartzen gintuztenez, lankide batzuek ez zuten ongi ikusten greba egitea, eta horrek konfrontazio handia ekarri zuen langileen artean. Grebalariok oso harro gaude lortu dugunagatik.
Aurkezpenaren amaieran publikotik ere ekarpen ederrak entzun ahal izan ziren. Babestu elkarteko senide batek zera azpimarratu zuen: “Langileekin batera ahaldundu gara, badakigulako langile hauek zein lan garrantzitsua egiten duten, diruz ordaindu ezin dena, eta haiek ongi egotea beharrezkoa da zaharren egoitzetako gure familiarrak ongi egoteko”. Publikotik egindako beste hitzartzeetan argi geratu zen borrokan jarraitzeko prestutasuna eta beharra dagoela, ratioen gaian batez ere. Eta Gipuzkoan greba hastear diren Zaharren Egoitzetako langileekiko elkartasunez izan ziren azken mezu eta oihuak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks