Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez
Bi hilabete daramatzagu etxea eskola akademiko ere bihurturik. Akademiko, bai, zeren etxea beti da eskola, seguraski eskolarik handiena, gainera.
Bete-betean eragiten dute azken bi hilabeteotan etxe hauetan bi estatuetako eta hainbat lurraldetako hezkuntza sailburuek, ahoa irekitzen duten bakoitzean.
Lehen momentutik baloratu eta eskertu dugu gure ikastetxeetako irakasleen lana, egunero konturatzen gara haientzat aldaketa handia eta etengabekoa dela azalpenak eta ikasleekiko harremana euskarriz aldatzea. Saiatzen gara lan horrekiko errespetuz eta gure etxekoen hezkuntzaren alde, ahalik gehien etxean ikaskuntza akademikoa sustatzen eta bakoitzak ahal duen eran azalpenak ematen, elkarrekin iturriak arakatzen, ikaskuntza esperientzia gozatzen eta aberasten.
Badakigu ahalik irtenbide onena emateko buru-lanetan ari direla gure ikastetxeetako zuzendaritzak, deseskalonadetarako ere anormala den komunitate vascoan behintzat lotsa gogorra erakutsiz ardura eta erabaki guztiak zuzendaritzen bizkar jarri baititu irakasleek baino soldata handiagoa justu hezkuntza antolatzeagatik kobratzen duen sailburuak. Zuzendaritzei ez dagokien karga hori guztion artean arindu nahirik, komunikatzen zaigunera ahalik ongien egokitu eta aurrera egitea izan da inguruan ditudan guraso denen jarrera.
40. egunean tristurak eta amorruak jo nau
Maiatzaren 8an, konfinamendu garaiko eskolak 40 egun lektibo bete dituen inguru horretan, ikas komunitateko parte naizen guraso moduan tristurak jo nau. Estatu egiturek nahi gintuzten atakan bakartuta eraman gaituztelako: bakoitza bere etxetik ahal duen bezala egunerokoari erantzuten, egun batetik bestera besteek hartzen dituzten erabakietara moldatzen, bakoitza bere etxeko ikasleei ahal duen moduan ikasketetan eusten… bakoitza, bakoitza, bakarrik eta bakarka. Gurasook ez dakigu gure ikasgeletako beste gurasoak eta ikasleak nola dauden ere.
Hasieratik onartu dugu herri hau enpresa kapitalista bat bailitzan kudeatzen duen Jaurlaritzaren mandatua: Uriartek agintzen omen du, eta Espainiako Gobernuak baino eskuindarrago agintzen duenean ere, burujabetzaren izenean amen. Eta zuzendaritzei ematen die bere erabakiak praktikan jartzeko ardura eta erabakimen osoa. Ahaztu ere egin zaigu, ikastetxeetan erabakigune nagusia eskola kontseilua dela, eta bertan biltzen direla guraso (ordezkari kopuru gehiena izan behar duen estamentua), udal, irakasle, zuzendaritza eta eskolako beste langileen ordezkariak.
Goitik markatu den eskeman sartu gara, ordea, guztiok, baita guraso bakoitza ere. Ederki daki Jaurlaritzak, guraso bakoitza bakarka dabilen bitartean, eta eskoletan gurasoek eta irakasleek bat egiten ez duten bitartean, politikariek egun batetik bestera eta oso zehaztasun gutxirekin ematen dituzten jarraibideak aplikatu egingo direla.
Eskola gurasoona ere bada
Hezkuntza hain eduki politikoa izanik, kontu profesionala eta teknikoa dela errepikatzen tematzen dira administrazioa, eta irakasleak ere bai, askotan. “Ez sartu, profesionalon lana da”. Noski baietz. Baina adin txikiko gure umeek zer ikasten duten, nola antolatzen den eguneroko martxa, nola egin behar dugun ikasle denek gainditu dezaten, zein oinarri jarri nahi dugun eskolako harremanetan, zein gaitasun eta balio lantzea nahi dugun… zeresanik izango dugu horretan, ezta? Gainera, irakasle eta gurasook elkarren beharra dugu, gauzak benetan egiteko. Eta zergatik ez dugu ikusten elkarlan hau eskoletan benetako burujabetza lortzeko giltza moduan?
Egoera berrira ohitzen kostatu zaigu, baina ikastetxeetan guraso elkarteak berriz martxari eusten ari dira pixkanaka. Gure geletako beste gurasoekin harremanak indartzea eta bakoitzaren egoeraren eta iritzien berri jakitea ezinbestekoa da. Eta behetik gora, esan dezagun: bukatu da. Eskolei buruzko erabaki bakar bat gehiago ez, gurasoek prozesuan eta erabakietan parte hartu gabe. Behetik gora: zuzendaritzek hartu behar dituzten erabakietan ondoan eta elkarlanean arituko gara, baita goiko aginduei planto egiteko bada ere (ikus Ibarrekolanda batxilergoko ikastetxeko zuzendaritzak nola erabaki duen ikasleak ez geletara itzultzea). Zergatik obeditu behar ditugu gurasook parte izan ez garen erabakiak eta jarraibideak?
Adin guztietako ikasleek hitza eta erabakia izatearen alde
Bukatzeko, eta konfinamenduak erakutsi duen umeekiko ikuspegi motza baliatuta, has gaitezen eskoletako erabakietan adin guztietako ikasleak partaide egiteko moduak lantzen. Oso txikitatik gara gai bakoitza gure irizpideak adierazteko. Adinari egokitutako moduak landu ditzagun, txikitatik parte hartu dezaten ikastetxeetako erabakietan. Burujabetzan trebatu daitezen. Horretarako gainkargatutako curriculumetik totxoak kendu behar badira ere.
Umeei galdetu: eskolara itzuli nahi dute, jolastera, ikastera, sozializatzera, hemengo administrazio errejionaletatik eta azpiratzen gaituzten bi estatuetatik goragoko estamenturen batek ere debekatu nahi digun horretara, hain zuzen ere.
Irakasleei galdetu: nik ezagutzen ditudanek eskolara itzuli nahi dute. Beste batzuek ez omen dute nahi, ez dagoela “osasun baldintza onargarririk”, beldur dira. Badute hor zer landua sindikatuek.
Gurasoei galdetu: zer diote?
Izugarrizko katramilan sartu gaituzte, eta ez dut ikusten argi hitz egiten duen inortxo ere: “osasun agintarien” erabakiak, konfinamendua (atxiloketa) eta eskolen itxiera bera dira galderak egitera bultzatu beharko gintuzketenak. Zertan oinarrituta hartu dituzte erabaki hauek? Osasunaren alde ala kontra??? Eskolarik gabe akabo gizarte kohesioa. Akaso hori zen helburua, guztioi beldurra hezurmuinetaraino sartuz. Noiz esnatuko gara eta noiz begiratuko dugu behar den lekura behingoz?