Iñigo Rodríguez
Munduaren gobernua osatzen duten boteretsuen injustiziak herriaren hitz xume baina aldi berean indartsuez salatzeko kantoi umila da honako esparru hau. Kritika donostiar gazte baten begietatik. Zine eta telebista errealizazioan tituluduna, argazkilaria eta idazle zaletua.
Duintasunaren mozorroa
Atalak: Sailkatugabeak
Kuriosoa egiten zait kanpoaldetik gure hezkuntza murrizteko izugarrizko esfortzua egiten ari diren honetan,nola gure herriak bere bidetik jarduten jarraitzen duen eta bere historiaren joan etorrian bere ikasgai propioak sortuz dirauen.Inposaketa guztiak sortu nahi duten beldurrak alde batera utziz, ereduaren orriak idazten jarraitzeko gaitasuna baduela erakutsi du beste behin Euskal Herriak.Argi dago hasiera hasieratik herri honek ez duela askatasuna besterik buruzagitzat eduki eta horretan darrai egunetik egunera.
Durango izan zen aurreko asteburuan nortasun propio horren idazketaren beste mugarri bat baina kontakizun honek iraganean ere ahaztu ezineko pasarteak eman ditu.Donostian ikasi genuen lehendabizikoz bata besteari helduta,gure gorpu xumeak elkarri kateatuta uste genuena baino indartsuagoak garela.Norbanakotasunetik kolektibotasunera salto eginez, “justiziaren” mesedetan lan egiten duten haien aurrean sendoago garela ikasi genuen.Eserita bai,makurtuta inoiz ez.Batzuetan esertzea zutik egoteko erarik sendoena da.
Bigarrengo geltokia edo ikasgaia Ondarroan barneratu genuen.Telesforo Monzonen hitzak zintzoki jarraituz Kantauri itsasoa harrotzen jartzeko parada izan genuen eta ederki harrotu zen bada.Gure amorruaren turrunaren deiari lotuaz gure askatasunaren sinboloa den itsasoaren gainean itxaropenaren zubia bete genuen.Berriro ere gure bihotzak elkar josi genituen maitasun hesi bat sortzeko eta oraingoan, esan bezala, askatasunaren olatuak izan genituen lagun.Utopiak, argi izpi txiki asko Flash bakar eta indartsu baten argi uholdean bihurtuz pizten dira.
Laster batean eraman genuen gure ipuina jaiotzen ikusi gintuzten lurretara.Askok ukatuko dute,temati gainera,gure kondairak Nafarroako lurretan duen tokia baina haien historia liburuetan ere ageri da, gure utopiaren hazia Nafarroako erresuma deituriko horren lurretan ernatu zela.Ez dago ikusi nahi ez duena baina itsuagorik.Horrela iritsi ginen bidean gure hiriburu historikoaren bihotzera,Iruñerara,hainbat urtetan zehar Fermin deunaren baitan kanpotarren postal bilakatu zen nabarreria, berriz ere gure aldarrikatu eta gure bilakatzera.Bidezidor honetan luze ibiliz jardun dugu urtetik urtera,zail eta krudela,mingarria oso askotan baina betegarria beti.Ibilbidearen ajeak pairatuta independentziaren egarriz bizi izan gara, hori dela eta lotu ginen iturri hartara,nabarreriako iturrira,egarri hori asetzeko nahiez eta indarberritzeko itxaropenez.Oraingoan gure aurkariak ez ziren gure herria “zaintzeko” jarritako haiek izan,estatu borreroaren soldadutxo beltzak baizik.Estatuaren aurkako konfrontazio zuzena alegia.Batzuk nahi ez gaituzten lurretan ere gure izenak su itzalezinez piztua darrai.
Gure nortasunaren entziklopedia honek ez du etenik,hori dela eta heldu ginen aurreko asteburuan Durangora.Emakume itsu eta desorekatu bezala irudikatu izan zaigu beti justizia eta sinboloak arrazoi,inon baino itsuago eta desorekatua baita gurean.Askotan esan izan dut justizia horrela irudikatu zuena euskaldun bat behar zuela izan zinez,ezin baita hobekiago justizia irudikatu haren injustizia bere gordintasunean pairatu gabe.Herri honen irudimena abian jarri zen eta txikiak ginenean gure ametsetan agertzen ziren super heroi haietaz janztea erabaki genuen iada gure historiaren ikur bilakatu den laranja koloreaz.Heroi bihurtu ginen egun batez gure herriko semeak babesteko,antifaza jarri,kamixeta laranjaren laguntzaz,denak berdin itzalaren hatzaparrek gureak bereiztu ez zitzaten,harrapatu ez zitzaten.Antifaz horren azpian urteetan eratu den beste mozorro bat gordea zegoen,duintasunaren mozorroa.
Horrelakoa da gure herria,jasotzen dituen kolpe ,labainkada eta bortxa guztiak, maitasunez,elkartasunezko muxuekin erantzuten duena.Mina irribarre batekin borrokatzen ikasi duena.
Itxaropena eta ametsak bere arma bihurtu duen herria.
Ametsak gure erregai bihurtu ditugu,gure bihotzak abiarazten dituen erregaia hain zuzen,horregatik amets egiten dugu gure mozorro eta halabeharrezko ekintzak erantziko ditugun egun horrekin eta independentziaren haizeek geure askatasunezko larru gorria laztanduko duten egunsentiarekin.
Horretarako estatu “boteretsu” horren zuloetan gatibatuak daudenak behar ditugu,haiek ere gure mozorro duinaren parte baitira.