Geroa Galarraga
Idazterako orduan, arlo ezberdinak jorratzea gustatzen zait. Sail ezberdinak lantzea eta ikutzea, beste era batera esanda. Poesia edo bertsoak argitaratzea gustatuko litzaidake baina batez ere, iritzi artikuluak dira beti nire gustokoenak.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Geroa Galarraga(e)k Kapitalistoak. bidalketan
- Mikel(e)k Kapitalistoak. bidalketan
Ametsak hauspotzen…
Atalak: Sailkatu gabea
Liburua irakurtzen jarraitu dut. Egun pare bat da hasi nuela. Gaur bukatzea erabaki dut. Nire barruari begiratu diot eta ez dakit zehazki zergatik gaur bukatu nahi izan dudan liburua. Agian, guztiok bezala, amestea gustatzen zaidalako. Agian, denok bezela, nigan bakarrik pentsatzen dudalako. Nire minetan, nire iritzietan, nire ikuspegietan… nire zilborrean. Denok diot, gizaki garen heinetik, beste jokabiderik ez daukagulako egunerokotasunean. Norberak bizitakoa edo pentsatutakoa, besteonak baino gehiago balio izatea: ninismoa. Agian, horregatik neronek ere, liburua bukatzeari ekin diot. Edo agian, gaixo daukadan nire ama ameslariari ere, liburua hospitalera eramateak indarra eman eta ilusioa egingo diolako. Agian horregatik izango da.
Gogorra egin zait liburua irakurtzea. Malkoekin busti ditut askorek idatzi dituzten parrafoak. Bustita geratu dira, eta parrafoa sekatzen denerako, jada ez da ezer berdina izango. Baina izaten ditugun gora beherei irtenbidea emateko ere balio izan dit liburuak. Arnasgunea sortu dit barnean eta era berean, etorkizunari begira jarri nau.
Askotan galdetzen diot nire buruari, ea zergaitik aukeratu ditudan bide batzuk eta ez beste batzuk eta zergaitik daukadan ohitura benetan sinisten dudana nire indar guztiarekin defenditzeko. Izan daiteke, ez daukadalako bide politiko nahikoa nire burua defenditu eta hoztasunez elikatzeko; eta helburua lortzeko sortzen diren oztopo guztiak sahiesteko indar guztiak jartzen ditudalako. Kontsekuentziei begiratu gabe. Izan daiteke, benetan sentitzen ditudan proiektuak oso sakonetik bizi ditudalako. Izan daiteke, “odol beroa” naizelako. Baina izan daiteke ere, nire amari obedientzia diodalako.
Ez naiz amaren esanari men egingo dioten horietakoa (onartu beharra daukat: ez amarena, ez inorena). Ez naiz amaren hitz guztiak kontutan hartuko dituen horietakoa. Nire hautuak, nire barruak, nire sentimendu eta nire niak askotan amaren barruak baino gehiago balio duelako niretzat. Askotan ez diot ulertzen nola eman diezaiokeen hainbeste garrantzi helburuak lortzeari, helburuak lortzeko bideak jorratzeari. Inurri lana egiteari.
Baina orain dela hilabete batzuk “ametsen liburua” bezalaxe, oraingo hontan “zarauzko ametsen liburua” daukat eskuetan. Orain ikusten dut, amaren izaeraren parte baten nondik norakoak. Nirekiko erabiltzen dituen hitz eta jarreraren nondik norakoak. Zergatik bide eta proiektuak bermatzearen garrantzia. Kolektiboki lana egitearen garrantzia. Berriz sortzearena: birfundatzearena.
Ametsen helburua ulertzen dut: askatasuna.
Zaila da helburuak lortzea. Ametsetatik errealitaterako bide taktikoak sortzea. Batak bestea errespetatzea. Ohitura ez emankorrak albo batera uztea. Zaila da ezkerreko printzipioak izanda gizarte honetan bizirautea. Baina berandu baino lehen, ondorengoen onerako, “ametsen liburuen” azken kapitulua idazteko garaia iritsi zaigu. Horretarako bidean aspaldi hasi ziren. Buka dezagun orain, guztiok, gure ondorengoek “ametsen liburuak” etxeko egongeletako apaletan itxita eduki ditzaten.
Bitartean, jenerazio ezberdinak inurri lanak egiten jarraitu behar dugu. Bide zidorrak egin dituztenek, bide zidorra nola ondo eraiki erakusten. Sua mantentzen. Sua hauspotzen: ama hospitalean “zarauzko ametsen liburua” irakurtzen dagoela,
…nik, bitartean, ametsak besarkatuko ditut…