(Info7rako eginiko kontakizunaren bigarren atala.)
Bizi osoa eman diot musikari bai. Azken detaileraino zaindu izan ditut nota guztiak, instrumentu denak. Eta zer nahi duzue esatea ba! Samuel Barberren adagioa jotzen ari ginela, biolinaren arkua edo makila erori izana, ba mundua hanketako behatz puntetara erortzea bezala izan zen. Gainera erori zitzaizkidan bai mundua eta bi bizitza, bai eta auditorio osoa eta Barber bera ere bai, duintasun eta bizitzako karrera musikal osoarekin batera.
[soundcloud url=”http://api.soundcloud.com/tracks/42112014″ iframe=”true” /]
Izan ere 60 lagun inguru ari ginen Barberren opus 11. jotzen. Entzuten egongo ziren 1000 lagun inguru, bakoitza bere 45 euroak ederki ordainduta eta hara ni, hainbeste entseatutako musika pieza jotzen ari nintzela, zer eta biolinaren arkua edo makila erori zitzaidan. Batzuetan segundo laurden bateko despistea nahikoa da egindako lan denak pikutara bidaltzeko.
Nire arku eta biolinak desafinatuta egon zitezkeenez ezin izan nuen kantua jotzen jarraitu. Opusa istant batean izorratzeaz gainera, kantua gehiago hautsi nezakeen. Nire aulkian eserita iraun nuen geldirik pieza bukatu artean eta ondoren, duintasun etsigarriz aulkitik zutitu eta oholtzatik kamerinoetara jo nuen. Eta ez nekien zer egin eta, horregatik eskatu nuen aurrekoan publikoaren laguntza, ba zer egin jakiteko. Ez nekien kontzertua amaitzean zuzendariari barkamena eskatuko nion, edo oholtzara atera eta publikoari erregutuko nion, mesedez, ahazteko egin nuen hutsa edo etxera ospa egitea erabakiko nuen eguna lehenbailehen hiltzera.
Eta hara, ba ez dut batere aholkurik jaso. Errukirik gabeko entzuleak ditugu antza, beharrean dagoen musikari gaixoari laguntzeko prest ez daudenak. Eta nik, madarikatu nituen musikak, instrumentuak, txikitan piano aurrean pasatako ordu guztiak eta bizitzak egoera miserable hartara eraman izana. Eta mekaguendios, aldageletako ispiluari ostia pare bat eman nizkion eskumuturrak itxita, eta gero inguruan topatu nituen traste guztiak lurrera bota nituen, eta belaunikatuta negarrez hasi nintzen odoletan nuen eskuineko eskua ezkerrarekin laztantzen nuen bitartean. Han zegoen, odoletan, milimetro bakoitza eta mugimendu bakoitza azken detaileraino zaintzen ikasi zuen eskua, behatzak dardarka, begiratua gorantz eta oihu mutua eginez, amorrazioaren malkoek bustita. Eta ez nuen notaz nota segunduz segundo hain ondo ikasitako Barberren pieza madarikatu hura baino gogoan. Bere melodia zetorkidan gogora, eta nire arkuak lurrera erortzean atera zuen soinu hura, gogoa sorgortzen zidan soinu hura. Kaka, la ostia, kaka!
Biolina hartu eta kalera atera nintzen. Kale huts eta hotzera. Eta oihuka hasi nintzen ero baten gisara, batzuetan belauniko bestetan zutituta edo burua paretaren kontra kolpatuz, biolina hartu eta estu estutzen nuela, biolina ito nahiko banu bezala… Audiotorimueko bazter batean jarri eta negarretan esku odolduekin Barberren 11. opusa jotzen hasi nintzen orduan. Horixe zen barruak eskatzen zidana, horixe zen entzuten nuen melodia bakarra, horixe minak apaldu eta horixe behar nuena. Eta jo nuen behin, eta bukatutakoan berriz jo nuen, eta hirugarrenez eta auskalo zenbatgarrenera, Audiotoriumetik hasi zen jendea ateratzen kontzertua amaitu zelako eta euren harridurarako ikusi zuten ileak nahasian, eskuak eta arropa odoletan zuen bat, lurrean, belauniko eta negarrez, buru makur amorrazio guztia nota bakoitzean islatzen. Hizketan eta barrezka ateratzen ari zen jendea bat-batera isiltzen zen ni han horrela ikustean eta batzuk, asko espektakulu hark txundituta entzutera hurbildu ziren. Pena latza ematen nuen bai, baina sortzen ari nintzen musika zerutiarra zela esango nuke, edo infernuetakoa. Beste mundu batekoa alegia. Ukitu eta ikusi daitekeen musika zen, 45 euro ordaindu behar izan gabe.
Pieza amaitzean oihuka eta txaloka hartu ninduten denek. Baina nik ez nituen txalo haiek entzun. Nik ez nituen haiek denak ikusi. Nik begiratu bai baina ez nituen ikusten, mareo goxo bat baino.
Eta hasi nintzen berriz pieza jotzen eta segitu nuen jotzen Barberren 11. opusa, musika biluztu arte, Barber kantzontzilotan utzi arte. Eta jotzen nuen pieza bakoitzak apaldu beharrean, baretu beharrean amorratu egiten ninduen eta orduan eta plazer handiagoa hasi nintzen sentitzen. Hasieran trumilka inguratu zitzaidan jendea baina, espektakulu negargarri hartatik joaten hasi ziren pixkanaka. Gaua hotza zen eta ni ez nintzen musikak erotu zuen inuxente bat besterik. Nire musika lagunak ere gerturatu ziren eta bakarren batek heldu ninduen besotik handik eramateko. Alferrik ari ziren ordea. Segi nuen pieza jotzen, eta jotzen, eta jotzen… oso oso jende gutxi geratu zen arte nire inguruan, bakarrik geratu nintzen arte eta sirena hotsek nire estasitik esnatu ninduten arte. Polizia kotxe bat eta anbulantzia bat ikusi nituen urrunean. Eta niregana zetozen.