Ez da mina bakarrik, ama

Imanol Epelde
0

Zer moduz galdetzen dit jendeak eta

ondo…

inoiz

oso ondo ere bai.

Erantzuten dut.

 

Halaxe erantzuten dut, ama.

 

Baina ez.

Batzuetan ez da mina sentitzen dudana.

Ez da mina bakarrik.

 

Esaterako, zurekin entzuten genituen kantuak berriz jartzean

edo esaterako, argazki batean ikusten zaitudanean

eta batez ere,

orain gutxi ateratako argazki batean ikusten zaitudanean.

 

Zure irribarrea eternitate bihurtu da komedoreko argazkian.

 

Hain zaude gertu, hain bizirik, hain hemen.

Bat-batean iruditzen zaidala denok konfunditu garela

eta itzuli egingo zarela.

Gaur etorriko haiz afaltzera, Imanol?

 

Baina badakigu ez dela horrela.

Eta horrelakoetan ez da mina sentitzen dudana.

Ez da mina bakarrik.

 

Tristura da,

amorrua,

sinetsi nahi eza,

ausentzia,

beldurra.

Eta ausentzia.

Eta ausentzia.

Ausentzia puta hori berriz!

Atzera joan ezin hori.

Aurrekoan Gurutzekin Sevilla IIn esandakoak zuri kontatu ezina.

Telefonoz deitu eta jakin ezina

noiz dituzun mediku zitak aste honetan,

noiz zoazen paseora bixkilagunarekin…

Ez dakit.

Horrelako gauzak,

horrelako txorakeriak.

 

Horrelakoetan ez da mina bakarrik sentitzen dudana.

 

Dolorea da.

 

Dolorea esku ahurretan

dolorea ariman

hesteetan.

 

Eta horrelakoetan ez dago doloreari entregatzea baino.

Eraman nazan eta gida.

Eraman nazan.

Negar nazan.

 

Inoiz askatuko banaiz.

Inoiz libratuko.

 

Ez.

Ez da mina bakarrik sentitzen dudana.

 

Esaterako, ama,

esan dizut lehen,

orain gutxi ateratako argazki batean ikusten zaitudanean.

Kontua da

orain

argazkietan zurekin ageri direnak nabarmentzen zaizkidala.

Haiekin paseatu dezakezalako,

haiekin prestatu tortila patatak afaltzeko,

edo hitz egin bezperako futbol partidaz.

 

Ez dakit, ama,

horrelako gauzak egin,

horrelako txorakeriak.

 

Horregatik, orain,

zu guregan zaudelarik eta zarelarik

inoiz ez bezalako

pasioz

edertasunez

eta

gordintasunez

bizi nahi ditut ingurukoak.

 

Kalean zer moduz galdetzen didanean jendeak,

ondo!

eta

oso ondo! erantzuten segi dezadan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA