LOADING

Type to search

27zapata Bizhitza Hizkuntza Literatura

Norbere buruaren

Imanol Epelde 2016 Urr 04

Lagun batzuk yogurrak baino lehenago iraungitzen dira. Eta Bifidusek baino zapore eskasagoa dute. Badira parrandak irauten duten lagunak. Euforia bat, azken txupito bat, argazki bat Instagramerako. Badira txiki-txikitako lagunak, ikastolakoak, etxe aurreko parkeko txirristretan ezagutuak, putzuzuloetako kresal usainez perfumatuak. Asko dira lagun-lagunak. Betirako izango zirela sinistutakoak. Eta azkenerako, Facebookean ere ez dauzkazunak. Badira lagunak kiroldegikoak. Yoga klasekoak. Erreabilitazio zentroan eginak. Lagun erdiak. Zurekin geratzen direnak zuk deitzen diezulako bakarrik. Badira lagun nuklearrak, toxikoak. Ezer ematen ez dizutenak, ez bada beroa, antsietatea, lastima. Tentaziora eraman nahi zaituztenak. Komunetan. Apustu etxeetan. Batzokietan. Dena aguantatzen dutenak. Inor aguantatzen ez dutenak. Lagun asko dira kalean ikusi eta berarekin gehiagotan egon behar duzula pentsatzen duzunak. Badira, nola ez, ezer aportatzen ez dizutenak ere. Balio erantsirik gabekoak. Eta faltan botatzen dituzunak. Bere alboan bat eta bere sentitzen zarelako. Bere alboan nor sentitzen zarelako. Maitatua. Errespetatua.

Ikastolako nire gelakideak. 6. mailan-edo.

Ikastolako nire gelakideak. 6. mailan-edo.

Baina ez duzu hartzen berarekin egoteko tarterik eta ez dakizu oso seguru zergatik. Lagun isilak. Zuretaz dakitenak asko. Euretaz ez dakizunean ezer. Whatsappeko lagunak. Whatsappeko talde lagunak. Norbaitek astakeria bat bota eta taldean isilik geratzea pentsatzen dutenak. Laguntasunagatik. Bizitzaz hitz egitea tabutzat dutenak politikaz ari zarelakoan. Lagun politikoki apolitikoak. Lagun gizonak. Lagun emakumeak. Lagun txakurrak. Lagunak. Bakardadetik ateratzen laguntzen dizutenak. Zuretaz aprobetxatzen direnak. Aprobetxatzen dituzunak. Igurzten dituzunak. Zaituztenak. Besarkada batean agurtuak. Egurtuak. Zutaz dena jakin eta halere, hala eta guztiz ere maite zaituztenak. Dakitenak lagunak egiteko modu bakarra lagun izatea dela.

Asko dira lagunak. Baina dena, den-dena hasten da izatetik. Norbere buruaren.

Tags:
Previous Article

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude