Haurdunaldi intermitenteak

Imanol Epelde
0

San Pelaio jaiak hasi berriak. Herriko festak Zarautzen. Haurdunaldi hasieran zegoen Nerea. Elkarri besotik helduta gentozen etxera ordu txiki eta zikinetan. Eskuetan nuen zerbeza botila kontainerrera konbentzimenduz botata hitz eman nion nik ere, berak bezala, ez nuela alkoholik edango haurdunaldian. Gure haurdunaldian.Nerea eta Imanol

Mozkorraren egiak.

Gerora ohartu nintzen haurdunaldia ez ezik, amak umeari bularra ematen dion tarte horretan guztian ere ezin izango nuela alkoholik edan. Alkoholik edo kaferik, edo azukre gehiegitan bildutako bonba opilik. Denbora luzean. Salbuespenak salbuespen. Kutixiak kutixi.

Segituan bihurtu zen pisu Nereari egin nion promesa. Berak ezin zezakeen edan umeagatik, eta nik bai. Ez dakit zenbat egunez eutsi nion promesari. Ez ziren asko izan. Nireak dira faltak, nireak ezinak. Baina gogorrena lagun arteko edo familiako bazkari edo afarietara joanda jendeari nire erabakia justifikatzea egin zitzaidan. Zergatik ez nuen ba edango nik ahal banuen! Zer ari nintzen baboarena egiten! Bien bihurtzen baten ezinak.

Baina hortik segita katea asko luzatu zitekeen. Nik parrandak egin nitzakeen eta berak ez. Ni lagun arteko bazkarietara maiztasun handiagoz joan nintekeen eta bera ez. Ondoezik edo nekatuago gehiagotan sentitzen zen bera. Eta joan nintekeen ni zinera. Eta bera ez. Berak ezin zezakeen korrika egin ordura arte bezala. Eta nik bai. Joan nintekeen mendira ere goiz pasa bera gabe. Edo hasi nintekeen maratoia prestatzen. Edo nobela bat idazten. Edo master bat ikasten. Bera ez. Haurdun zegoen bera. Intermitenteki egon nintekeen ni.

Erditze ikastaroetara ere bera bakarrik joatea nahikoa zatekeen. Ez zen nahitaezkoa nik jakitea haurrak zein bide egiten duen erditzean aldakan barrena. Zein mugimendu eta ariketa diren beharrezko erditzea prestatzeko, zein garrantzia duen arnasketak. Eta hitz egitea umearekin, ukitzea, laztantzea.

Preszindiblea da hori dena aitak egitea. Amak, berriz, haurdun beraiek bakarrik eta etenik gabe egongo dira. Gure haurnaldiak ere 9 hilabete izaten saiatzen ez bagara.

(Hazi Hezi aldizkarirako idatzia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA