Unibertsaltasuna birpentsatzen Ikusgelako liburutegitik

Imanol Epelde
0

Literatura unibertsala entzutean, Homero, Dante, Shakespeare edo Cervantes bezalako izenak datozkigu burura. Gizonak, zuriak eta europarrak denak. Eta ai, zenbat kostatzen eta kostatu zaigun inertzia horietatik askatzea!

Ikusgelarako literatura unibertsalari buruzko bideo-didaktikoak sortzerakoan, gizon-zuri-europar ardatza gainditzeko ahalegin berezia egin dugu. Gure protagonistak gizonak izatetik ihes egitea lortu dugu nolabait; baina zuritasunetik eta eurozentrismotik askatzea ez da hain erraza izan.

Azken lau bideoetan, begirada hori zabaldu nahian, autore hauek ekarriko ditugu:

Matsuo Basho: Haikuen maisua, naturaren eta barne munduaren arteko zubi poetikoa eraiki zuen.
Astrid Lindgren: Pippi Kaltzaluze bezalako pertsonaia ausartekin, haurren literatura irauli zuen.
Murasaki Shikibu: XI. mendeko japoniar idazlea, Genji monogatari nobelaren egilea, literatura unibertsalaren lehen nobela psikologikotzat hartua..
Ursula K. Le Guin: Zientzia fikzioaren bidez, gizartearen egiturak eta genero rolak zalantzan jarri zituen.

Haien lanek beste erritmo, beste zapore eta beste su bat ekarriko digute. Beste unibertsaltasun bat marrazten lagunduko.

Momentuz, bideoak grabatu egin ditugu. Orain, ekoizpen fasean daude, eta laster izango dira ikusgai gainerako 8 bideoekin batera. Bitartean, literaturaren unibertsaltasuna birpentsatzen jarraituko dugu, jakin-min eta irakurtzeko gogo ase ezinez.

Berri gehiago 27zapataren Telegrameko kanalen edo Ikusgelan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA