Bagara, baina ez dakigu oso ondo nor. Bagaude, baina ez dakigu oso ondo non. Bagoaz, baina ez dakigu oso ondo nora. Euskaldun eta herri bezala noraezean gabiltza eta gure txalupara ura leku guztietatik sartzen ari zaigu.
Gure inbidiarako, ondotik gurutzaontzi (kruzero) eder eta kutsatzaileak pasatzen zaizkigun honetan, jendaurreko emanaldi batekin saiatuko naiz taldean urak xukatzen, ateratzen: animo oihu bat, aurrera bat, goazen denok batera bat aldarrikatzera datorren emanaldi batekin, bakoitza bere zilborra dotore eta garbi edukitzera mugatzen den garai hauetan. Badagoelako premia gure herri gogoari kantatzeko, badagoelako garena mugitzeko nahia eta beharra, sentitzen dudalako gogoa. Umorez, garenari autokritika umoretsua eginez.
2026ko urtarrilean egingo dut lehen jendaurreko emanaldia eta 2025a emanaldia prestatzen pasako dut Udalbiltzak emandako Geuretik sortuak laguntzari esker. Egonaldi bat egin berri dut Ajangizen. Ibili naiz emanaldia sortzeko bidea egin nahian, mendian barrena bide bat hartu eta sasiak janda aurrera egin ezin denetan, atzera egin eta beste bide batzuk hartu eta probatu beharrean ibiltzen naizenetan bezala. Ahuntzen abilezia eta apetitua neure egin behar dut orain; sasiak ere jaten ikasi. Bidea egiteko.
Etxean bezala hartu naute Aista Landetxean Justo eta Norak, egonaldia egin dudan etxeko jabeek. Etxean bezala Koldo Carbonell alkate zarauztarrak eta Saioa Etxeberria Bilbao kultur zinegotziak. Poz handi bat da niretzat zientoka txorien kantuekin batera isiltasunaz eta inguru eder honetaz gozatu izana. Sormenerako. Geuretik. Eta neuretik.
Laster naiz bueltan!
2 Iruzkin
Zorte on Imanol!
Eskerrik asko Arantza!