(Info7rako egindako irrati kontakizunaren hirugarren atala. Bigarrena hemen eta lehenengoa hauxe)
[soundcloud url=”http://api.soundcloud.com/tracks/45048428″ iframe=”true” /]
Eta hartu ninduten besoetatik eta altxarazi kamilara. Eta orduan ohartu nintzen odol asko zegoela lurrean, ikaragarri pila eta nirea zela dena, nirea bakarrik. Besoa gorantz eraman eta ahoan jarri zidaten arnas maskara. Begiak itxi nituen, anbulantzia eta polizia kotxeen argi urduriek ez nintzaten molestatu. Gozoak izan ziren ordutik aurrerako momentuak. Plazer dosi handia sartu zidaten minik senti ez nezan, eta orduan, orduantxe baretu nintzen lehenengo aldiz, Barberren kantua jotzen ari ginela biolinaren arkua erori zitzaidanetik. Ze gogoratuko duzue nola joan behar izan nuen musika aretotik buru makur, kantuaren erdian makila erori zitzaidalako. Aldageletan amorrazioaren amorrazioz kristalaren kontra kolpatu, txikitu eta odoldu nuen eskuineko eskua, baina berdin zion, amorrazioak anestesiatuta ninduen eta ez nuen minik sentitzen, kanpora atera eta gau osoa Barberren 11. opus maitagarri madarikatua jotzen aritu nintzen denbora guztian. Kordea galzori, polizia eta anbulantzia etorri zitzaizkidanean…
Baina orain, plazer bat zen bidaia. Sentitzen nuen airea lumaz beteta zegoela. Milioika txorik hegaldatu izan balute bezala anbulantzia hori. Mugitzen nuen milimetro bakoitza zen plazerezko itsaso, eta kilimak sentitzen nituen aurpegian, norbait nirekin jolastu nahian ari bailitzan. Baina norbait hori jolasean ez zen ari nire aurpegiarekin bakarrik. Gorputzeko atalak ere airean sentitzen nituen, sentitu eta ikusi, saihets hezurrak airean zebilzkidan letrak marrazten, mezuren bat helarazi nahiko balidate bezala. Ez nuen ulertzen esan nahi zidatena. Gehitxo eskatzea izango zen saihets hezurrei euskaraz egiteko eskatzea. Bihotza zen sabaira joan zitzaidana, nirekin ezkutaketara jolastu nahi izango balu bezala. Baina ezin zuen, ezin zuen bihotzak niregandik ezkutatu. Alferrik ari zen. Taupada bakoitza entzuten nuelako. Kasik, Barberren melodiak azpiratuta, entzuten nuen bakarra taupadak izateraino. Behatzak ere falta nituen. Behatz bakoitza zebilen bere kasara nire gorputza esploratzen. Ikutu hemen eta estutu han, paseatu hemen eta salto egin han. Ez zuten ba pentsatuko piano bat nintzenik! Ez zuten ba jo nahiko… 11. opusa! Nire behatzek ez baitzekiten jotzen pieza hura baino. Eta Barber, Barber zegoen niri begira estintoretik, miresmenez, nire gorputza eskaintzen ari zen espektakulua, berari eskainitako omenaldi bat bailitzan. Bere musika hizkuntza zein erraz eta zein ondo menderatzen nuen ikusita nitaz harro. Dagoenekoo ez nuen behar biolina eta arkua behar paradisua bizitzeko.
Eta gehiago. Maitagarriki beldurgarria izan zen anbulantzian ospitalera bidean eldarnioak jota bizi izan nuena. Ez dakit minak arintzeko zer sartu zidaten baina fisikoak behintzat arindu zizkidaten. Erresaka handia izan zen arren. Begiak esnatu nituen hurrengo aldian makinak topatu nituen ezker eskuin, anbulantzian jarritako arnas maskara berarekin jarraitzen nuen eta tubo batzuk neuzkan eskuan sartuta. Eskuineko eskua berriz benda zuritan nuen tapatuta. Eta ezkerrekoa apenas mugitu nezakeen, neke gaindiezin batek harrapatuta edukiko banindu bezala. Eta jakin nahi nuen ze ordu zen, eta bilatu nuen leihoren bat. Eta ez nuen aurkitu batere, ez nuen aurkitu orduaren seinalerik emango zidan pistarik. Eta sentitu nintzen poxpolo kaxa batean bezala, airerik gabe, urduri, eta arnasa falta nuen, eta ordua jakin nahi nuen. Eta non nengoen eta zertan. Non zeuden erizainak? Noiz etorri behar zuten niregana! Norbaiti deitzen saiatu nintzen baina lehor nuen eztarria eta ezin nuen oihurik egin. Ohetik altxatzen ahalegindu nintzen orduan baina ezin nuen, edo oso nekatuta nengoen edo lotuta nengoen ohera. Nire taupadak biderkatu egingo ziren seguruenera aldameneko makina bat pi-pika hasi zelako eta orduan, orduan azaldu den arrosaz jantzitako erizain bat. Eta saiatu nintzen galdetzen zein ordu zen eta non nengoen, eta zer nuen baina ezer esaterako, beste poltsatxo bat jarri zidan eskuetako zainetatik edan nezan. Eta lo hartu nuen. Lo gozoa. Nere eskuineko eskuari begira. Nire eskuineko esku bendatuari begira. Zer gertatu zitzaion eta zer egin zioten asmatu ezinik. Baina orain horrek ez zuen inporta. Lo gozoa nuen aurretik, plazerezkoa. Irribarre ttiki batekin hartuko nuen lo. Seguru asko.